Bertsozale Elkarteak, Errenteriako mugimendu feministak eta Oiartzungo feministen asanbladak (Gipuzkoa) Xenpelar bertso eskolako irakasle baten sexu erasoak salatu zituzten maiatzaren hondarrean. Aizpea Otaegi alkateak atzo azaldu zuenez, udal gobernuan maiatzean berean izan zuten horren berri, ez lehenago, eta, «egoeraren larriaz jabetuta», bertso eskolaren jarduera bertan behera uztea erabaki zuten «hasieratik». Errenteriako EAJri, baina, «eskasak» iruditu zaizkio alkatearen azalpenak: «Herritarrek lidergoa, argitasuna, gardentasuna eta erantzukizuna hartzeko gaitasuna espero zuten. Horren ordez, kontraesanak, nahasmena eta oraindik ere funtsezkoak diren galderei erantzun argiak emateko kezkagarria den erresistentzia aurkitu dute».
Jeltzaleen ustez, Otaegik orain arte emandako erantzuna ez dator bat zabaldu diren gertakarien larritasunarekin, eta eskaera bat egin dute: «Argitu dezatela adingabeak babesteko legezko betebehar guztiak bete ziren ala ez, indarrean zeuden protokoloak behar bezala aktibatu ziren ala ez, hartutako neurriak nahikoak izan ziren ala ez, eta arrisku egoerak gertatzea ahalbidetu zuten erabaki, omisio edo jarduketarik egon ote zen».
Alkateak Xenpelar bertso eskolako auziari buruzkoak Kukai dantza taldean Jon Maiarekin gertatutakoarekin batera azaldu izana ere ez dute ontzat eman jeltzaleek: «Egoera desberdinak dira, ondorio instituzional desberdinak dituzte, eta betebehar juridikoak ere argi bereizita daude. Bi gaiak lotzeak nahasmena baino ez du sortzen, eta zaildu egiten du adingabeek parte hartzen zuten zerbitzu baten inguruan beharrezkoa den kontu ematea».
Biktimak babestearren landutako «konfidentzialtasun zorrotza» ere ez dute begi onez ikusi: «Konfidentzialtasuna ezin da inoiz aitzakia politiko bihurtu. Biktimen babesa bateragarria da kontu ematearekin. Biktimen babesa bateragarria da erakunde gardentasunarekin». Alderdiaren ustez, herritarrek azalpenak behar dituzte, ez «aitzakiak».
Halaber, sexu eraso horiek 2018az geroztikoak izatea deitoratu du, eta «agerraldi huts bat» besterik egin ez izana leporatu die EH Bilduri eta Errenteriako alkateari.