Easo Eskolaniak Haydnen eliza musikarekin emango dio hasiera Donostiako Musika Hamabostaldiko Antzinako Musika zikloari. Ez da Franz Joseph Haydnen musika izango, haren itzalpean lan egin zuen anaia txikiarena baizik, Johann Michael Haydnena. Haydn anaia zaharraren eta Wolfgang Amadeus Mozart lagun minaren itzalpean izan dute beti, eta haren musika ez da hain ezaguna. Baina Gorka Miranda Easo abesbatzako zuzendariaren esanetan, «obra dotorea eta liraina» sortu zuen musikagileak: «Alemanez idatzitako eliza musika eskainiko dugu. Ohorea da lehen aldiz Antzinako Musika zikloari hasiera ematea, eta horregatik aukeratu dugu pieza berezi hau». Oscar Candendo organo jotzailearekin batera arituko dira Easoko mutikoak, eta baita Ana Otxoa, Marife Nogales, Alazne Alberdi bakarlariekin eta Elena Martinez de Murgia viola da gamba jotzailearekin.
Bederatzi eta hamalau urte bitarteko 22 abeslarik eskainiko dute Haydnen Deutches Hochamt Hier Liegt vor Deiner Majestaet obra. Ales Agirre eta Manex Lizartza abeslari gazteen esanetan, urtebetean landu dute pieza: «Zailena alemanaren ahoskera zorroztea izan da. Zertxobait neketsua izan da obra prestatzea, baina pozik gaude lortutakoarekin».
Kontzertu solidarioa
Hamabostaldiko eta Eroskiko arduradunek Gipuzkoako Elikagaien Bankuari emango diote kontzertuan bildutako dirua. Javier Saenz elikagaien bankuko arduradunaren esanetan, krisiak handitu egin du elikagaien beharra dutenen kopurua: «1.700 kilo janari banatzen ditugu 1.800 lagunen artean».
Donostiako 73. Musika Hamabostaldia
Easok lehen aldiz irekiko du Antzinako Musika zikloa, Michael Haydnekin
Musika barrokoa izango da aurtengo gai nagusia, eta bost kontzertu emango dituzte Santa Teresa komentuan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu