Jazz latinoaren erritmoan pianoa maisuki astintzegatik da sonatua Eddie Palmieri (New York, 1936-2025). Kurioski, sarean argitaraturako autobiografian jaso zuenez, «perkusionista frustratutzat» zeukan bere burua, 13 urte zituelarik tinbalak probatu izanak nabarmen nahasi zizkiolako barrenak, baina kontua da orduan ere ez zituela behatzak pianotik urrundu: erabaki zuen pianoan kitatuko zuela «galera» hori. Eta, hain zuzen, instrumentu hori bidelagun harturik egin zuen bidea ordutik ere.
Teklak bizi-bizi zein xamur jotzeagatik ez ezik, beste musikari batzuentzako konposizio entzutetsuak sortzeagatik ere bada ezagun Palmieri. Nola sorterrian hala nazioartean. Batik bat 1960ko hamarkadatik aurrera, saltsa musikaren erreferente izan zen, eta zenbait genero uztartzeko bidean aitzindari izatea aitortu diote askok. Esana da Palmieri izan zela jazza, manboa eta txa-txa-txa batzen lehenbizikoetakoa —denborari aurrea hartu nahiko balio bezala, sarri, «XXI. mendeko fusioa» deitu zion musikariak konbinazio horri—. 2.500 kontzertu baino gehiago eskainita eta 30 albumetik gorako obra utzita, musikaria atzo zendu zen, 88 urte zituela.
Donostiako Jazzaldian ere izan zen. Tito Puentes musikaria omendu zuen kontzertua gidatu zuen 2003an, esaterako, eta zuzeneko hura biltzen duen diskoa ere kaleratu zuten gero Gigante Records zigiluak. Eta orduan emandako kontzertuan jotako solo bat ere topa daiteke sarean.
Palmieri estatubatuarra zen sortzez, baina Puerto Ricokoa jatorriz —bertakoak zituen bi gurasoak—, eta jatorri horri estu helduta egin zuen bere bidea musikan. 1961ean bere lehenbiziko taldea osatu zuenetik —La Perfecta zuen izena—, genero latinoei loturik aritu zen beti. Horri dagokionez, aipagarria da honako hau: Palmieri izan zen musika latinoak 1970eko hamarkadan izandako zabalkundearen sustatzaile nagusietako bat, eta Grammy sarietan ere izan zuen eragina horrek. Izan ere, 1976a izan zen musikari latino batek Grammy bat irabazi zuen aurreneko aldia. Eta, hain zuzen, Palmieri izan zen garaile. The Sun of Latin Music albumari esker irabazi zuen garaikurra. Horretan, Lalo Rodriguez abeslariak jarri zien ahotsa Palmieriren konposizioei eta doinuei.
Beste bitan ere irabazi zuen Grammy saria Palmierik: 1983an, Palo pa' Rumba lanagatik; eta, 1985ean, Solito albumagatik. Ordurako, 25 albumetik gora zeuzkan grabatuta musikariak, eta emari oparoa izan zuen aurrerantzean ere. Izatez, guztira 36 album grabatu zituen bizialdian. 2018an eman zuen azkena: Mi Luz Mayor.
Grammy sariez gainera, AEBetan jazz musikari bati eman dakiokeen aitortzarik handiena ere eskuratu zuen Palmierik 2013an: NEA Jazz Master saria.