Kritika-Antzerkia

Edertasunaz, agertokiaren atzealdetik

2024ko otsailaren 22a
05:10
Entzun

Zertara joaten da antzerkira jendea? Zer bilatzen du oholtza gainera igotzen direnengandik? Entretenimendua, edertasuna, algarak, hausnarketa kritikoa? Ala agian, denetik pixka bat? Sortzaileak, historia erreala, fikziozko istorioa —sortzaileek imajinatua— eta ikusleria —laugarren pareta hautsirik— nahastu egiten dira El Mono Habitado antzerki konpainiaren azken lan honetan. Ikuslea sorkuntza prozesuaren testigu da haren emaitza ikusten ari den bitartean, eta horrek interesgarriago egiten du. Interpretatzen dituzten pertsonaiak ez ezik, pertsonak ere ikusten ditu, pertsonaiok aukeratu dituzten pertsonak… Eta galderak egiten dizkio bere buruari: zergatik interesatu zaizu pertsonaia honen historia? Zein da zure historia eta zein berea? Zeintzuk dira zuen antzekotasun eta desberdintasunak? Eta erantzunak ere jasoko ditu, emanaldiak aurrera egiten duen heinean.

Obra Mary Anne Bevanen historian oinarrituta dago, 1874an Londresko periferian jaio zen emakume bat. Mary ezkondu egin zen eta erizain bezala aritu zen lanean, itxura fisikoa eraldatu zion osasun-arazo baten ondorioz alboratu zuten arte. Akromegalia zuen, hazkundearen hormonan eragiten duen gaixotasun bat, bere hezurrak, eta batez ere burua neurriz kanpo hazarazi eta desitxuratu zizkiona. Alargundu eta senarraren soldatarik gabe geratu zenez, seme-alabak mantentzeko beste lan baten bila ekin zion, baina haren egoera zela eta, lanpostu guztietan uko egiten zioten… Lehiaketa batera aurkeztu eta hura irabazi zuen arte: «Munduko emakumerik itsusiena» izendatu zuten. Ordutik, eta haren heriotza arte, Estatu Batuetan eta Europan zehar bidaiatu zuen zirkuarekin, aulki batean eseri eta jendeak kreatura estrainoekiko zuen kuriositatea —morboa?— asetzen zuelarik. Batzuek adi-adi behatzen zuten, beste batzuek, berriz, barre eta irain artean tratatzen, eta beste hainbestek janaria jaurtitzen zioten. Maryk bere ustezko itsustasunaren arrakasta emakume bizardunarekin, nanoekin, gizon erraldoiekin eta obesoekin partekatzen zuen; zein baino zein bitxiago, normaltasunaren ideiatik ezin urrunago denak. Dirudienez, garai bateko errege-erreginek ere ba omen zituzten beren munstroak bufoien artean, banketeen ostean gonbidatuen gozamenerako erakusten zituztenak. Hau da beren historia, agertoki atzetik haiek kontatua.

'GUAPA!'

Egilea eta zuzendaritza: El Mono Habitado konpainia. Testua: Raul Camino. Aktoreak: Begoña Martin Treviño, Raul Camino. Tokia: Donostiako Viktoria Eugenia antzokia. Eguna: Otsailaren 18a.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.