Kataluniako, Galiziako eta Euskal Herriko argitaldarien elkarteez gain, Lit-Up Europako nazioarteko programan parte hartzen duten gainontzeko kideak ere batu dira Editoreen Galeuscara, hala nola Esloveniako Malinc eta Goga, eta Italiako Il Leone Verde Edizioni argitaldariak; Frisiako Afuk, Valentziako (Herrialde Katalanak) AEPV eta Serbiako Krokodil elkarteak; eta Espainiako Acento komunikazio enpresa.
Hizkuntza gutxituetan diharduten argitaletxeak ikusgarriago egitea eta berauek nazioarteko merkatura iristeko estrategiak lantzea ditu helburu Lit-Up programak; 2022an ekin zioten parte hartzaileek elkarrekin lan egiteari, eta aurtengo urtearen hondarrean izango du amaiera. Hain zuzen, biblioaniztasuna sustatzeko zergatiez eta bideez aritu dira gaur Donostiako Aquariumean egin den biltzarrean.
Esloveniako Malinc argitaletxeko editore Barbara Pregelj gidari izanik, Pamielako editore Lander Majuelo, Galiziako Obradoiro argitaletxeko Ana Guerra, eta Kataluniako Saldonar editorialeko kide Francesc Gil-Lluch aritu dira hizketan jardunaldiko lehen mahai inguruan.
Ingelesak Eslovenian duen eraginaz mintzatu da Pregelj: «Saltzen diren liburuetatik %70 ingelesetik itzuliak dira; baina gureak nekez itzultzen dira ingelesera». Gazteek oro har ingelesez irakurtzen omen dute Eslovenian, eta liburu azoketan zein liburu dendetako erakusleiho eta apaletan ikusgarriago jartzen omen dituzte ingelesezkoak eslovenieraz daudenak baino. Hala, euskararekin lotzea «naturalagoa» egiten zaiola esan du Malinc-eko editoreak, eta aktibo izatea defendatu du: «Gure diruarekin ere eman dezakegu botoa, eta nik biblioaniztasunaren aldeko botoa ematen dut».
«Gure diruarekin ere eman dezakegu botoa, eta nik biblioaniztasunaren aldeko botoa ematen dut»
BARBARA PREGELJEsloveniako editorea
Biblioaniztasuna, kezkaz
Euskal literaturaren arazoak funtsean euskarak dituen arazo berberak direla gogorarazi du Majuelok, biblioaniztasun horretan gaztelaniak izan beharko lukeen tokiaz galdegin diotenean: «[Espainolak eta frantsesak] ez dakite euskaraz zer dagoen, eta ez dute interes berezirik. Baina euskaldunok ere ez dugu serioegi hartzen gure produkzioa. Eskerrak eman behar zaizkie idazleei eta itzultzaileei, euskarazko produkzioa oso ona delako». Gaineratu du biblioaniztasuna, gaztelaniaren eta frantsesaren kasuan nagusiki, muga gisa ageri dela.
Ertz beretik heldu dio Guerrak ere. Obradoiro argitaletxeak —haur eta gazte literatura argitaratzen dute batez ere— galegoz sortutako lanak hobesten ditu, eta liburuak galegoz gaztelaniaz baino lehen plazaratzea ezinbestekotzat jotzen dute. Alde horretatik, idazleek eskoletan egiten dituzten promozio saioei aparteko garrantzia eman die Guerrak, galegoak hezkuntzan duen toki eskasa kontuan hartuta.
Galegoa, katalana edota euskara baino egoera okerragoan dauden hizkuntzak ere gogoan izan ditu Obradoiroko editoreak: «Gure hizkuntzak, finean, babestuta daude nola edo hala, eta enpatikoak izan behar dugu egoera makurragoan daudenekin, gure sistemara irits daitezen».
«Gure hizkuntzak, finean, babestuta daude nola edo hala, eta enpatikoak izan behar dugu egoera makurragoan daudenekin, gure sistemara irits daitezen»
ANA GUERRAGaliziako editorea
Katalana, egoera hobean
Kataluniako argitaletxe independenteez mintzatu da Gil-Lluch: «Oso toki lehiakorretan mugitzen gara, eta edukietan ahalik eta espaziorik zabalena hartzea dugu xedea. Irakurle katalanak den-dena katalanez irakurri ahal izatea izan dugu asmoa hastapenetik». Duela hamabost urte sortu ziren argitaletxe independente asko, 2008ko krisi ekonomikoaren ostean. Militantea ez den irakurlearenganaino iritsi direla nabarmendu du Saldonar argitaletxeko editoreak, eta Sally Rooney idazle irlandarraren kasua jarri du horren adibide, haren eleberrien ale gehiago saldu baitira katalanez gaztelaniaz baino. Ildo horretatik, itzultzaileari ondo merezitako prestigioa emateko estrategiak aipatu ditu Gil-Lluchek, besteak beste, itzultzailearen izena liburuaren azalean aipatzea edota azal hegalean argazki eta guzti agertzea, sortzailearen pare.
Gainontzekoentzako gomendio gisa, asoziazionismoa sustatzea, liskarrak atzean utziz elkarrekin batzea, onenen artean kokatzeko anbizioa izatea eta jendearekin kontaktua galdu gabe komunitatea indartzea aipatu ditu editore katalanak.
Horiez guztiez gain, Editoreen Galeusca jardunaldiari segida ematea proposatu du Majuelok: «Jakinik kalitatez ari direla besteak ere, posibilitateak ireki behar dira besteenak norberarenean ere argitaratzeko».