Edorta Matauko itzultzailea hil da

Literatura eta euskara irakaslea izan zen ofizioz, eta itzultzaile lanetan ere aritu zen. Atzo hil zen, 76 urte zituela.

Edorta Matauko 2023an, berak itzulitako liburu bat eskuetan duela. MAIALEN ANDRES / FOKU
Edorta Matauko 2023an, berak itzulitako liburu bat eskuetan duela. MAIALEN ANDRES / FOKU
garbine ubeda goikoetxea
2026ko otsailaren 24a
20:03
Entzun 00:00:00 00:00:00

Literatura eta euskara irakasle izan zen urte askoan Iralen, baina batik bat itzultzaile gisa egindako lanetan nabarmendu zen Edorta Matauko. Gasteizen sortu zen, 1950ean, eta atzo hil zen, Donostian, 76 urte zituela.

Besteak beste, alemaniar literaturako lan batzuk euskaratu zituen Mataukok, esate baterako, Stefan Zweigen Gizadiaren oren gorenak saiakera; Katakrak argitaletxeak plazaratu zuen, 2023an. Harry Crews idazle estatubatuarraren lanik esanguratsuenetako bat ere euskaratu zuen, eta Susa argitaletxearekin plazaratu, 1993an: Autoa.

Zweigen liburuaren euskarazko argitalpena Donostian aurkeztu zuenean, bere ustez itzultzailearen zereginetako bat zein den azaldu zuen Mataukok: «Begiez gain, belarriak ere erabili behar dira itzultzeko orduan, hitzak hotsak baitira».

Mataukok euskarara ekarritako lanen artean daude, besteak beste, Joseph Rothen Leviatana (Susa, 1998), Robert Walserren Jakob von Gunten (Erein, 2005), Zweigen Emakume ezezagun baten gutuna (Igela, 2005) eta Hogeita lau ordu emakume baten bizitzan (Igela, 2007), eta Raul Zeliken Lagun armatua (Txalaparta, 2009).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.