«Egiantza bahitu dutelako atera digute aldea diskurtso menderatzailearen jabeek»

Eider Rodriguezen hitzaurrearekin, Belen Gopeguiren 'Tiroa kontzertuaren erdian' kaleratu du Txalapartak

Irune Berro Urrizelki.
Bilbo
2011ko ekainaren 11
00:00
Entzun
«Diskurtso menderatzailearen jabeek egiantza bahitu dute». Eider Rodriguezen (Errenteria, Gipuzkoa, 1977) arabera, esaldi horrek adierazten du ondoen Belen Gopeguiren (Madril, 1963) Un pistoletazo en medio de un concierto. Acerca de escribir de política en una novela saiakeraren mamia. Euskaraz plazaratu du Txalapartak, Ainhoa Caballerok itzulita, Tiroa kontzertuaren erdian. Eleberrietan politikaz aritzeari buruz. Eta Rodriguezek idatzi du atarikoa.

Aipaturiko esaldia «akordeoi baten moduan» zabaltzen da liburu osoan. Esaldiaren mamia aletzeko, ordea, diskurtso menderatzailearen nondik norakoak zehaztea ezinbestekoa da. Eta, Rodriguezen iritziz, hori berori da hain zuzen Gopeguiren gaitasunetako bat: «Gauzak izendatzeak ez dio beldurrik ematen. Ez dio mingaina erretzen hitz batzuk erabili beharrak».

Zergatik da horren zaila gauzei bere izenez esatea? «Gopeguik argi dauka: hitzak ez dira denonak, jabeak dituzte, ondasun dira. Beraz, botere gehien duenak hitz horiek erosten ditu, eta hitz horiek atzapar horietatik libratzea benetan zaila da». Hortaz, «diskurtso menderatzailea gizon zuri, heterosexual eta kapitalistarena da, Gopeguiren arabera», azaldu du Rodriguezek. «Horrek dakar erdigune horretatik kanpo dagoena bazterreko, zatar edo itsusi izatea. Edo beste modu batera esanda: emakumeek, beltzek eta gayek literatura egitea ezinezko bilakatzen du. Diskurtso menderatzaileak femenino bihurtzen baitu emakumeen literatura eta etnikoa beltzena, ezkerreko literatura politiko bihurtzen duenez».

Gopeguiren liburuari erreferentzia eginez betiere, egiantza egiaren antza edukitzea dela argi utzi du Rodriguezek, egia diskurtso menderatzailearena dela adierazteko. «Horregatik, nobeletan ezkerreko pertsonaiak artaburuak izaten dira. Izan ere, diskurtso menderatzailearen logikaren arabera, ezkerreko pertsonaia bat ezin da izan txikia, garbia, maitagarria, ordenatua edota polita. Zitala behar du, aldrebesa, makiabelikoa, gezurtia, ergela... Haien egiaren antza izan behar du beraien antza ez duen horrek. Beraz, ezkerrekoak artaburu eta eskuineko pertsonaiak apolitiko bilakatzen ditu diskurtso menderatzaileak».

Rodriguezek esan duenez, Gopeguik adibide batzuk jartzen ditu liburuan, aurkezten dituen ideien helduleku gisa. «Philip Rothen I Married a Communistnobela hartu, eta kontatzen du nola izenburutik bertatik komunistak ez duen izenik. Etiketa bat da, estereotipo bat. Eta nobela osoa estereotipo horren gainean eraikia dago. Noski, badakigu komunistak zikinak eta lizunak direla. Egia hori da. Horregatik dira horren sinesgarriak Roth eta bere nobela».

Ez-sinesgarria eta politikoa

AEBetako adibide hori Euskal Herrira ekartzea ez dela zaila uste du Rodriguezek. «Gurean maiz idatzi da euskal gatazkaz, eta sinesgarria izateko, ezkerreko pertsonaiak ETAkoa izan behar du. Ezin da izan okin, harakin, langabe, ikasle, eskultore edo taxilari. ETAkoa izatea da gurean ezkerreko pertsonaia batek bete behar duen baldintza, sinesgarria izateko». Horrenbestez, Rodriguezek uste du euskal gatazka fikziora ekarri nahi duenarentzat zaila izango dela estereotipo horrekin ezkontzen ez den ezkerreko pertsonaia sortzea. «Berehala etorriko zaio kritika esanez ez dela sinesgarria eta bere liburua politikoa eta ideologikoa dela». Idazleak zalantza zirkinik ez du: «Alde handia atera digute diskurtso menderatzailearen jabeek. Ez egia daukatelako, egiantza baizik». Gopeguiren saiakerak gogoeta horiek guztiak aurkezten eta azaltzen dituela dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.