Egin eta deseginez, eginean beti

Bere zalantza eta beldurren berri eman du Ione Gorostarzuk 'des egiten' lehen poema liburuan

Ione Gorostarzu, des egiten poema liburuaren ale batekin, atzo, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Juan Luis Zabala
Donostia
2012ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Bere lehen poema liburua argitaratu eta gero, hura eskuetan hartuta, «zergatik eta zertarako» egin duen pentsatzen hasi, eta «zoriontasunaren bila egindako lana» delakoan dago Ione Gorostarzu (Berastegi, Gipuzkoa, 1984), «bizitza honetan gauza gehienak bezala». Baina horrek ez du esan nahi des egiten poema liburuan (Elkar) irakurleak zoriontasunik topatuko duenik. «Akaso izpi batzuk bai», egileak dioenez, «baina seguru asko beste sentimendu batzuk agertuko zaizkio indar handiagoz: zalantza, beldurra, baita galera ere…». Idazle Eskolak antolatutako Karmele Igartua I. Bekaren irabazlea izan da Gorostarzu, des egiten-i esker.

«Zoriontasuna nork bere erara bilatzen du, eta bide bat izan daiteke ez pentsatzea», Gorostarzuren iritziz. «Baina nik oraingo honetan aukeratu dudan bidea guztiz kontrakoa izan da: pentsatzea eta gauzak ulertzen saiatzea; ulertzen saiatzea inguratzen nauten mundua eta bizitza bera».

Horretarako, galderak planteatu ditu batik bat. «Adibidez, zertarako jaiotzen garen, jaio eta hil bitartean hemen gure denbora pasatzeko? Baliteke, baina ez dut onartu nahi hori, eta etengabe nabil bizitzaren zentzu baten bila. Ez galdetu aurkitu dudan, akaso etengabeko bilaketa hori bera baita zentzua».

Bizitzaren zentzuaren gaia ez ezik, heriotzarena ere sakon jorratu du. «Heriotzari ez ikusiarena egiten diogula iruditzen zait, baina, guk ez ikusiarena egin arren, heriotza hor dago. Ezin dut ulertu bizitza heriotza gabe, eta batzuetan iruditzen zait horrek ematen ote dion zentzua».

Maitasunarena da beste gai garrantzitsu bat. Gorostarzu saiatu da «betiko bikote maitasunetik» irteten. «Badago maitasun bat, gorputzarekin eta sexuarekin oso lotua, jaio eta hiltzen den maitasun bat; eta badago beste maitasun mota bat, pertsonatik kanpo, galerarekin lotutakoa».

«Ingurua ulertzen saiatzeko begiradatik aparte, justu kontrakoa egiten ere saiatu naiz: begiak ixten, neure barrura begiratzeko», adierazi du Gorostarzuk. «Saiatu naizelako neure izatea edo neure pertsona ulertzen, edo ezbaian jartzen behintzat». Ideia horrekin lotuta dago liburuaren izenburua, des egiten. «Gure izaera etengabe egiten edo eraikitzen ari gara, eta egite horretan beharrezkoa iruditzen zait desegitea. Azpimarratu nahi izan dut gure izaera dinamikoa dela, ez estatikoa. Etengabe egiten ari gara, jaio ginenetik hil arte. Eta prozesu hori landu nahi izan dut».

«Zoriontasun baten bila»

Poemetan, bere burua ezagutu nahian eta bere buruari galderak eginez, bere zalantzak eta beldurrak utzi ditu agerian. «Gauzak argitu ordez, duda gehiago utzi dizkit liburuak. Desegite bat izan da, bai ingurua eta bai neure burua ulertzeko; betiere, geroagokonturatu naizenez, zoriontasun baten bila».

Ez daki noren eragina izan duen poemak idaztean. «Bertsolaritzaren eragina badudala ere esan didate, eta baliteke hala izatea. Auskalo!». Dena den, Joseba Sarrionandia eta Karmele Igartua nabarmendu ditu gustuko dituen poeten artean, eta Igartuaren Denbora enaren hegaletan poema liburuak «markatu» egin duela uste du.

Poema liburua aurkezteko, jendaurreko irakurraldia egingo du Ione Gorostarzuk, Lierni Ugartemendia biolin jotzailearen laguntzaz, gaur zortzi, martxoaren 15ean, 20:30ean, Tolosako Errota tabernan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.