Zinema estreinaldiak

Egin zaitez poeta

Poeta kolonbiar baten istorioa kontatzen du 'Un poeta' filmak; frustratua bizi da, baina baliteke gazte batek esperantza itzularazi izana.

'Un poeta' filmaren irudi bat. BERRIA
'Un poeta' filmaren irudi bat. BERRIA
Odile Bourguignon Goñi
2026ko apirilaren 15a
04:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Ez nazazu bilatu hemen lurrean/ Bizi izan naizen lekuan, borrokatu naizen lekuan, / Hilobien erreinuan baizik/ non bakea eta atsedena topatzen diren». Halaxe dio Jose Asuncion Silva poeta kolonbiarraren Hasperen poemak; olerkiak iradokitzen duen moduan, idazleak bere buruaz beste egin zuen. 1896an izan zen eta 30 urte zituen. Un poeta filmaren protagonistari gehien gustatzen zaion poeta da Silva; poeta da bera ere, baina ez da estimatua. Filma Medellinen dago girotua. Protagonistak Oscar Restrego du izena, eta gazte zenean bai, irabazi zituen sariak eta aitortu zioten idazle kategoria, baina bera ere heldutu da, eta errutinak irentsi du. Halakoxea da filmaren antiheroia: dibortziatua dago, aita izanik ere ez du sekula aitaren funtzioa bete, eta, hori gutxi balitz bezala, gehiegi edaten du. 

Irakaslea da protagonista. Behin, errutina hautsiko dio Yurlady izeneko ikasle gazte batek. Hura ezagutzearekin batera ezagutuko ditu ikaslearen poemak ere, eta, txunditurik, gaztea idazle izatera irits daitekeelakoan, haren mentore egingo da. Lehiaketa batean parte hartu dezan konbentzituko du, baina gazteari eginiko proposamenak zerikusi handiagoa izango du irakaslearekin berarekin, ikaslearekin baino. Aita eta idazle moduan porrot egin duen sentipena duenez, gaztearekin izango duen harremanak bere frustrazioen inguruan hausnartzeko balioko dio poeta madarikatuari. Zalantzan jarriko du ea inori poeta izatea opa dion ere. 

Harrera ezin hobea

Cannesko zinemaldian estreinatu zen filma, iazko maiatzean. Saria eskuetan hasi zuen ibilbidea: epaimahaiaren saria jaso baitzuen. Ondotik, beste bost irabazi ditu Simon Mesaren filmak; tartean, Donostiako Zinemaldian Horizontes Latinos sailean jasotakoa. Bestela ere, filmak harrera paregabea izan du aretoetan: Kolonbian estreinatu zenean —iazko abuztuan—, 200.000 ikuslek baino gehiagok ikusi zuten lehen bi hilabeteetan. Marka historikoak gainditu ditu, eta inoizko film kolonbiarrik arrakastatsuenen zerrendan kokatu da. 

Badu berezitasun bat: aktoreen artean egon dira prestakuntza eta esperientzia dutenak, baina baita inoiz kamara aurrean jarri gabekoak ere. Zuzendariak elkarrizketa batean kontatu zuen Un poeta filmak bere esperientzia propiotik edaten duela: «Film hau nire buruaren etorkizuneko bertsiorik okerrenaren erretratu bat da. Berriro ere bat egin nahi izan dut zinea egiten hasi zen neure buruaren bertsio gazte horrekin, emozioz eta energiaz betea zegoenarekin, baliabiderik gabe, eta zinema egiteko eta maitatzeko interes hutsa zuenarekin. Horixe da poesia niretzat».

'UN POETA'

Beste estreinaldi batzuk:

(ID_17760927735925) (/EZEZAGUNA)

'Dead Man's Wire' filmaren fotograma bat. BERRIA

'Dead Man's Wire'

1977an jazotako gertaera batean oinarritua. Banketxeak iruzur egin dio protagonistari; hortaz, konpainiako lehendakariaren semea bahituko du, eta lepoa eskopeta bati lotuko dio. Eskakizunak: kalte ordaina ematea eta publikoki barkamena eskatzea.

'hayat'

Zuzendaria: Zeki Demirkubuz. Gidoilaria: Zeki Demirkubuz. Aktoreak: Berfun Besel, Burak Dakak, Miray Daner, Dogu Demirkol. Generoa: drama. Herrialdea: Turkia. Iraupena: 193 min. Estreinaldia: gaur estreinatuko da Iparraldean.

Hicran ezkontzera behartuko du aitak. Hori dela eta, ezkondu baino lehen, alde egingo du etxetik. Neskaren amak senargaiari kontatuko dio egoera, eta Istanbulera joango da emaztegaiaren bila. Bide luzea hasiko du Hicranen bila. Ezkongaiek behin bakarrik ikusi dute elkar, eta erabaki egin beharko dute: ihes egin edo elkar maitatu.

'Il ragazzo dai pantaloni rosa'

2012an Italian jazotako gertaera batean oinarrituta dago filma. Eskola berri batean hasiko da protagonista; 15 urte ditu. Etxeko garbigailuak kolore arrosa dutela itzuliko dizkio izatez gorri ziren galtza batzuk. Galtza arrosak jantzita joango da eskolara, eta jazarpena jasango du gazteak, baztertua izateraino.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA