Atsedenaldian ere, musikaz ari dira elkarrekin hizketan, kafe bat eskuetan. Eta musika tresnak ere ez dituzte urrun. EGO Euskal Herriko Gazte Orkestrako kideak Donostian, Euskadiko Orkestraren egoitzan bildu dira egunotan, entseatzeko. Eta ez dute erronka erraza hautatu: lehen aldiz, obra barrokoz osatutako errepertorio bat joko dute jendaurrean. Bihar ekingo diete neguko birako kontzertuei, Tolosako Leidor antzokian (Gipuzkoa); urte berriarekin, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian, Gasteizko Jesus Guridi kontserbatorioan eta Bilboko Euskalduna jauregian ariko dira, urtarrilaren 2an, 3an eta 4an, hurrenez hurren.
Orkestraren parte bat izango da oholtza gainean, 31 musikari denera. Frantzian, Austrian, Italian eta Ingalaterran landutako musika barrokoaren erakusgarri diren lau obra interpretatuko dituzte kontzertuetan: Jean-Philippe Rameauren Les Boréades suitea (1764), Heinrich von Biberren Battalia à 10 sonata (1673), Arcangelo Corelliren Gabon gauerako egina kontzertua (1690), eta Georg Friedrich Haendelen Ur musika (1715-1717).
Lehen aldiz, Pedro Gandia Martinen gidaritzapean ariko dira musikariak. Biolin jotzailea, interpretazio historikoan aditua eta Musikeneko irakaslea da, eta hainbat orkestrarekin egin du lan bere ibilbidean. Gazteak zuzentzen ez ezik, biolina jotzen ere ariko da kontzertuetan. Entseguan eten bat egin, eta programaren nondik norakoak aletu ditu: «Beren denboraldietan errepertorio barrokoak jorratzen ari diren Europako eta AEBetako orkestra handien ildoarekin bat egin dugu. Haiek bezala, irizpide historikoekin ari gara obrak lantzen: arku barrokoekin, klabezinekin, oboe barrokoekin... eta ikasleei etengabeko trebakuntza eskatzen die horrek».
Gazteen lanaz eta jarreraz pozik eta eskertuta dago zuzendaria. «Erabateko plazera da haiekin lan egitea, bikainak dira. Eta plazera da ikustea zer bilakaera duten, nola deskubritzen dituzten gauza berriak, eta nola, entseguak amaitzean, XVII. mendeko frantziar barrokoko piezak txistukatzen edo kantatzen dituzten elkarrekin». Haren ustez, EGO bezalako proiektuak «ezinbestekoak» dira orkestra profesionaletarako jauzia egiteko. «Gazte orkestretan prestakuntza handia jaso dugulako ari gara gaur egun musikan lanean bai ni eta bai nire kide ugari. Gogorra da instrumentua etxean bakarrik lantzea, eta gozamena, berriz, zure adin eta anbizio berak dituzten kideekin halako zerbait konpartitzea».
Ikastea gozamen
Hizketan hasi orduko nabari zaio gozamen hori Naroa Aragon Torresi (Irun, Gipuzkoa, 2006). 7 urterekin hasi zen biolina jotzen, eta, 19rekin, EGOko beteranoetako bat da: bost urte daramatza orkestran. «Niretzat EGO familia da, etxea. Irakasleak oso onak dira, denok gara lagunak, jende berria ezagutzea esperientzia oso interesgarria da... Oso dibertigarria da, eta oso kontent nago». Aldean du instrumentua, baita arku barrokoa ere. «Ez dut inoiz arku honekin jo, niretzat berria da, eta ikasi egin beharra dugu: motzagoa da, kontrolatzeko desberdina, eta soinua ere aldatu egiten da; beraz, oso erne egotea eskatzen dizu. Gainera, zuzendaria jotzen ariko da, eta adi egon behar duzu haren mugimenduei ere. Hori ere berria da niretzat». Orain arte landu gabeko estiloa menperatzea, hori da harentzat erronkarik zailena, baina gustura heldu dio.

Eta antzera Beñat Azkargorta Aranzabal ere (Bergara, Gipuzkoa, 2007). 3 urterekin hartu zuen lehen aldiz biolina eskuetan, eta hirugarren denboraldia du EGOn. «Niretzat kristoren ohorea da hemen jotzea, benetan harro sentitzeko zerbait, azken batean Euskal Herriko Gazte Orkestra delako. Txikitatik ikusi izan dut orkestra hau, eta oso etorkizuneko zerbait bezala ikusten nuen, baina dagoeneko hainbeste denboralditan hemen aritzeak benetan pozik eta harro sentiarazten nau». Neguko birako obra sorta «oso aukeraketa ona» iruditu zaio. «Egia esan, orkestretan ez dugu sarritan jotzen halako programa barroko bat, eta, gainera, Pedro Gandiarekin lantzea gozamen handia da».
Datorren urteari begirako lanetan hasiak direla azaldu du German Ormazabal EGOko zuzendari nagusiak. Baina harago ere begiratu du: orkestrak hiru hamarkada beteko ditu 2027an, eta urteurrenerako egitarau berezi bat prestatzen ari direla aurreratu du.