EGOk 25. urteurrena borobilduko du, gaur hasiko duen birarekin

Euskal Herriko Gazte Abesbatzarekin batera arituko da orkestra. Tolosan, Donostian, Gasteizen eta Bilbon izango dira kontzertuak

EGO, aurtengo abuztuan egindago entsegu batean. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Naroa Torralba Rodriguez.
Donostia
2022ko abenduaren 30a
00:00
Entzun
Ospakizun urtea izan da aurtengoa Euskal Herriko Gazte Orkestrarentzat. Mende laurden bete du 2022an, eta, German Ormazabal koordinatzaile orokorrarentzat, azken «ospakizuna» izango da bihar Tolosako (Gipuzkoa) Leidor antzokian hasiko den kontzertu sorta.

Astelehenean, Donostiako Kursaalean arituko dira; asteartean, Gasteizko Principal antzokian emango dute kontzertua; eta, asteazkenean, Bilboko Euskalduna jauregiak hartuko du azken saioa. Ruben Jimeno orkestrako zuzendari titularrak gidatuko ditu emanaldi guztiak.

Omenaldi kutsua eman diote urte honi, eta azken emanaldiek ere izango dute berezitasunik: Pablo Solozabalen Gernika izango da obra nabarmenduena —aurten 125 urte bete dira konpositore hori jaio zenetik—.

Jimenok adierazi du pieza «testu dramatikoa» dela: «Hileta martxa bat den arren, haritz sendo baten gisa mantentzeko beharra azpimarratzen du». Jean Sibeliusen Finlandia, Ralph Vaughan Williamsen Toward the unknown region etaEdvard Griegen Peer Gynt lanak ere biltzen ditu egitarauak. Azken horrek Walt Whitmanen poema bat du oinarrian.

Batera oholtzaratuko dira orkestrako 67 musikari eta Euskal Herriko Gazte Abesbatzaren 48 korista. Ormazabalek azaldu du «elkargune izateko bokazioarekin» sortu zela orkestra, eta Euskal Herriko musika eszenari begira garatu dela urte hauetan.

Entseguak, Musikenen

Prestaketa lanetarako, Musikenek Donostian duen egoitzan egon dira EGOko kideak aste honetan, astelehenetik ostegunera bitarte. Orkestrak ohikoa du egoitza hori erresidentzia artistikorako erabiltzea.

Azken bira honekin amaituko du Euskal Herriko Gazte Orkestrak urtebete iraun duen ospakizuna; izan ere, 1997an sortu zen orkestra, eta 25 urte bete ditu aurten. Besteak beste, emanaldi bikoitza egin dute Donostiako Musika Hamabostaldian, eta lehen aldiz parte hartu dute truke programa batean, Jocan Kanarietako Gazte Orkestra harreran hartuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.