Zinema estreinaldiak

Egunerokoa nahikoa denean

Wim Wenders zinegile alemaniarrak errutinaz eta bizitzaren une txikiez gozatzen duen Tokioko gizon baten erretratua egin du 'Perfect days' bere azken lanean.

'Perfect Days' filma
Wim Wendersen 'Perfect Days' filma.
Uxue Arzelus Lasa.
2024ko urtarrilaren 10a
05:10
Entzun

Hirayamak astean sei egunetan errepikatzen duen errutina bat du. Goizero, egunak argitu baino lehen esnatzen da, eta gelaren bazter batean biltzen du ohea. Sukaldera jaitsi, eta hortzak garbitzen ditu. Bizarra apur bat txukundu, eta landareak ureztatzen ditu. Laneko uniformea janzten du ondoren, eta kafea erosten du etxeko atarian duen makina batean. Zerura begiratu, eta irribarre egiten du. Autora sartu, eta Nina Simone, Lou Reed edo Otis Redding musikarien kasete bat jartzen du. Lanera iristean, bere erremintak hartzen ditu. Tokioko komun publikoak garbitzea da Hirayamaren ogibidea, eta, bere lankide Takashik ez bezala, seriotasun osoz egiten duen lana da. Bazkaltzeko, sandwich bat jaten du gertuko parke batean. Ezagunak bilakatu diren ezezagunekin egiten du topo. Argazkiak ateratzen ditu. Zuhaitzez disfrutatu. Lana amaitzean, bainuetxe batean garbitzen da, auzoko jatetxean afaltzen du, eta, oheratu baino lehen, irakurri egiten du.

Hurrengo egunak itxura berbera izango du, baita hurrengoak ere. Lanik egiten ez duen egun horiek ere badute errutina bat. Baina Hirayamarentzat perfektua den errutina hori kolokan jarriko duten iraganeko hainbat istoriori aurre egin beharko die gizonak.

Tokioko Shibuya barrutia Wim Wendersekin jarri zen harremanetan, hirian egin berri ziren hamazazpi komun publikori buruzko dokumental bat egin zezan. Ez ziren edonolako komunak: Tokyo Toilet Project izeneko egitasmo baten parte ziren, eta komun horietako bakoitza arkitekto entzutetsu batek diseinatu zuen, edozein sexutako, adinetako eta gaitasuneko pertsonentzat irisgarri izateko helburuarekin. Wendersek, ordea, artelan horietan inspiraturiko fikziozko film bat egin nahi izan zuen, eta Takuma Takasaki Berlinera gonbidatuta, hiru astean idatzi zuten gidoia. Horrela sortu zen Perfect days.

Wendersek bizitza xume batekin zoriontsu den gizonaren erretratua egin du bere azken film honetan. Presarik gabe bizi da Hirayama, baita, itxuraz, kezkarik gabe ere, eta detaile txikiekin hunkitzen da. Wendersek filosofia berari jarraitu dio filma grabatzeko garaian. Bere bizitzarekin maiteminduta dagoela dirudien pertsona bati jarraitzen dion dokumentalgilearen rola hartuta, presarik gabe eta detailez beteriko kontakizun batean irudikatzen du Hirayamaren egunerokoa.

Kritikaren esanetan, azken urteetan egindako fikzio kaskarren ondoren, zinemagile alemaniarrak ospetsu egin zuten lanetatik gertu dagoen film bat sortu du, eta, bere txikian, besarkada bat bezala hartzen den kontakizun bat eratu du. Hirayamaren azalean jarri den Koji Yakusho aktorearen lana ere goraipatu dute, eta Cannesko jaialdian saritu egin zuten haren antzezpena.

'PERFECT DAYS'

Zuzendaria: Wim Wenders. Gidoilariak: Takuma Takasaki eta Wim Wenders. Aktoreak: Koji Yakusho, Arisa Nakano, Tokio Emoto. Argazkia: Franz Lustig.

Iraupena: 124 min. Herrialdea: Japonia. Estreinaldia: ostiralean, Hego Euskal Herrian.

Beste estreinaldi batzuk

 

'La memoria infinita'

Augusto eta Paulina bikote dira, eta 25 urte daramatzate elkarrekin. Medikuek Augustori alzheimerra diagnostikatu zioten duela zortzi urte. Biek beldur diote Augustok Paulina ezagutzeari utziko dion egunari. Aurrez El agente topo filma zuzendu zuen Maite Alberdi zinemagile txiletarraren azkeneko dokumentala da La memoria infinita.

Zuzendaria: Maite Alberdi. Gidoilaria: Maite Alberdi. Generoa: drama. Urtea: 2023. Iraupena: 85 min. Herrialdea: Txile.

'Making Of'

Simon, frantziar zinemagile ezagun bat, hurrengo lana filmatzen hasiko da, baina ezer ez da espero bezala aterako. Viviane produktoreak amaiera berridatzi nahi du, eta aurrekontua murrizteko mehatxua egingo du; bere taldea greban dago; bere bizitza pertsonala kaosa da; eta, gainera, bere aktore nagusia, Alain, inozo egozentriko bat da. Josephek, industria zinematografikoan sartu nahi duen estra batek, filmaketa zuzentzea eta making of-a filmatzea onartuko du.

Zuzendaria: Cedric Kahn. Gidoilariak: Fanny Burdino, Samuel Doux, Cedric Kahn. Aktoreak: Denis Podalydes, Jonathan Cohen, Stefan Crepon. Argazkia: Patrick Ghiringhelli. Generoa: drama. Urtea: 2023. Iraupena: 119 min. Herrialdea: Frantzia.

'If Only I Could Hibernate'

Ulziik, Ulan Batorko auzo behartsu bateko nerabe batek, beka bat lortzeko lehiaketa zientifiko bat irabazi nahi du. Amak, analfabetoa bera, landan aurkituko du lana, eta Ulzii eta haren anaia eta arreba abandonatuko ditu, negua gogorra izan arren. Neba-arrebak zaindu beharraren eta ikasi nahiaren artean banatuta, Ulziik ez du beste aukerarik izango: bere burua arriskuan jarri beharko du bere familiaren beharrak asetzeko.

Zuzendaria: Zoljargal Purevdash. Gidoilaria: Zoljargal Purevdash. Aktoreak: Battsooj Uurtsaikh, Tuguldur Batsaikhan, Nominjiguur Tsend. Argazkia: Davaanyam Delgerjargal. Urtea: 2023. Iraupena: 96 min. Herrialdea: Mongolia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.