Bero zakarrarekin ekin zioten EHZ Euskal Herria Zuzenean jaialdiari ostiralean, Arberatze-Zilhekoan (Nafarroa Beherea). Azkenean, baina, beroak eragindako ekaitzaren ondorioz, garaiz aurretik bukatu behar izan zuten jaialdia. Hori dela eta, gauerako aurreikusita zeuden hainbat ekitaldi bertan behera uztea erabaki zuten. Horrez gain, antolatzaileek ohar bidez azaldu dutenez, festibalarien segurtasuna bermatzeko beharrezko neurriak hartu zituzten: «Elektrika moztu, laborarien laguntzarekin aparkalekutik autoak atera eta behar zuten guziei Arberatzen lo-lekua zein afaria eskainirik». Egoera «kolektiboki» kudeatu izana nabarmendu eta goraipatu dute, eta dei egin dute hemendik aurrerakoak ere modu berean egin ditzaten: «Egoera kolektiboki arduraz kudeatu dugun ber gisan, laguntzeko prest dagoen orori dei egiten diogu desmuntaketa lanetan laguntzera etor dadin aste honetan».
Eguraldi makala egin arren, aurtengo aldiaren balorazio positiboa egin dute antolatzaileek, eta «ospakizun kolektiboa» izan dela azpimarratu. Jaialdiaren hiru egunetan kontzertuak, bertso saioak, dantza emanaldiak eta antzerkia nagusitu dira, eta horien guztien xedea «kultura edonorentzat eskuragarri jartzea» izan dela adierazi dute.
Antolatzaileek azpimarra egin nahi izan diote ekitaldi bati, igande eguerdikoari: «Hainbat artistak hitzez, kantuz eta bertsoz azaldu zuten zer den haientzat EHZ. Artisten sorkuntzen eta sei laguntzaile gazteren hitzaldiak adituta, negar malkoak zituzten anitzek begietan». Ekitaldian bertan, belaunaldi berriei ere mintzatu zitzaizkien antolatzaileak: «Ez izan nostalgiarik, geroaren nostalgia ez bada». Eta proposamen batekin amaitu: «Eraman ezazue EHZ zati bat zuekin, izan dadila plazererako, sorkuntzarako eta herrigintzarako pizgarri».
Laguntzaile bati erasoa
Balorazio orokorra ona izan den arren, ostiral gauean jaialdiko laguntzaile bati eraso egin zion pertsona batek, eta antolatzaileek babesa adierazi diote erasoa jasan zuenari: «Gure segurtasun batzordea erasoaren lekura bertaratu zen, egoera kudeatzeko eta laguntzailearen ongizatea bermatzeko, gure protokoloetan aurreikusten dugun moduan». Sorospen zerbitzuak ere joan ziren lekura, baina haiei ere eraso egin zien pertsona berak, eta, ondorioz, dispositiboa bertan behera utzi behar izan zutela azaldu dute antolatzaileek. Larunbat goizerako, berriz, sorospen zerbitzu berria jarri zuten abian, «festibalari ororen segurtasuna eta zaintza segurtatzeko».