Jaialdiak

EHZ Euskal Herria Zuzenean ez da egingo aurten

Ekainaren 26tik 28ra zen egitekoa, Irisarrin, baina antolatzaileek bertan behera utzi dute, koronabirusak eragindako krisiaren ondorioz

EHZ jaialdia, iaz. BOB EDME
Berria
2020ko apirilaren 16a
09:50
Entzun

Aurten ez da Euskal Herria Zuzenean jaialdia egingo, antolatzaileek gaur bertan jakinarazi dutenez: «COVID-19 birusak sorrarazitako egoera honek, Euskal Herriko errealitatea astintzearekin batera, panorama kulturala ere hankaz gora ezarri du. Ekimen handien galaraztea uztaila erdira arte luzatzeko agindua dela eta, ekainaren 26, 27 eta 28an Irisarrin ospatzekoa zen Euskal Herria Zuzenean festibala, maluruski, bertan behera geldituko dela jakinarazten dugu».

Edizio honetarako eskuraturiko sarrerek hurrengo ediziorako balioko dute, baina itzultzeko parada ere izanen da, [email protected] helbidera mezu bat igorriz.

«Eskerrak eman nahi dizkiegu festibala posible egiten duten eta aurten eskuz esku lanean aritu diren pertsona guztiei. Era berean, gure elkartasunik beroena helarazi nahi diegu egoera honen aitzinean okerren pasatzen ari diren pertsona eta kolektiboei».

EHZ jaialdiak gorabeherak izan ditu azken urteotan. 25. edizioa izan behar zuen aurtengoak, eta, beste behin, antolatzaileek antolaketa berrikusi beharko dute. Duela hiru urteko jaialdia ezeztatu egin behar izan zuten, ekaitzagatik, eta, hortaz, sos galtzeei egokitu. EHZren formatu berri bat eskaini zuten 2018an; nomada. Egun bakoitza leku ezberdin batean antolatua, alegia. Iaz, belaunaldi berri batek hartu zuen lekukoa, eta, Auzolanaz berpiztu leloarekin, edizio arrakastatsua antolatu zuten Irisarrin (Nafarroa Beherea).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.