Zapurra da aurtengo Euskal Herria Zuzenean festibaleko sinboloa: lurra zaintzen duen pertsonaia bat da. Leloak ere lurra du ardatz: Lurraren (h)erritmoa. Gaur ireki dute eztabaida txokoa, eta lurraren defendatzeko borroketan ari diren eragileek egin dute mahai ingurua; Kapitalaren aitzinean, lurra defendatu deitu diote saioari. Aroztegiko Elkartasun Komitea eta Guggenheim Urdaibai Stop kolektiboetako militanteek argi utzi dute: interesak diren lekuetan «edozein aitzakia baliatzen dute lurraren ustiatzaileek».
Garbiñe Elizegi Aroztegiko Elkartasun Komiteko militanteak azaldu du zertan den Aroztegiko borroka. 2021ean mobilizazio bat egin, eta Aroztegiko proiektuaren lanak etetea lortu zuten. Epaiketa izan dute horren harira: talde kriminal antolatu bateko kide izatea egozten diete, eta derrigortze eta bortxa delituak egin izana. Hogei urteko kartzela zigorra eta 56.000 euroren isunak galdegin dizkiete orotara. Mementokotz ez dute jaso epaia.
Horren harira, esplikatu du gisa horretako proiektuak sustatzen dituzten enpresen jokamoldeak eskema bera duela beti: «Obrak martxan jartzen dituzte, nahiz eta proiektua legez kanpokoa izan. Badakite proiektuaren aurkariek auzitara joko dugula, baina bitartean obrak egiten segitzen dute. Legezkoa den itxura ematen dute. Kapitalarentzat denak du balio».
Harekin batean mintzatu da Eider Gotxi Guggenheim Urdaibai Stop kolektiboko militantea. Salatu du Bizkaiko eskualde horretan bultzatu nahi duten proiektua «kulturala» balitz bezala saltzen dutela: «Makroproiektu bat da, eta nahiz eta esan museo bat eraikiko dutela hor, ez dakigu zer izango den museo horren barruan. Baina, oraingoz, proiektu horrek kulturalik ez dauka ezer».
Bestalde, nabarmendu du proiektuak ez diela erantzuten herritarren beharrei, eta salatu diru publikoa ez dela interes publikorako baliatzen, enpresa pribatu baten intereserako baizik. «Garraio zaharkitua daukagu, ur arazoak dauzkagu nahiz eta kostaldean izan, arrantza desagertzen ari da, eta nekazaritza izugarri apaldu da. Ospitalea gaizki dago, eta larrialdiak zarratu dituzte. Eta, orain, museo bat eraiki nahi dute diru publikoarekin?», galdetu du.
«Garraio zaharkitua daukagu, ur arazoak dauzkagu nahiz eta kostaldean izan, arrantza desagertzen ari da, eta nekazaritza izugarri apaldu da. Ospitalea gaizki dago, eta larrialdiak zarratu dituzte. Eta orain museo bat eraiki nahi dute diru publikoarekin?»
EIDER GOTXI Guggenheim Urdaibai Stop plataformako kidea
Gazteei mintzatu zaizkie Gotxi eta Elizegi: «Borroka hauek gazteendako dira: gazte jendea behar dugu gure borroketan». Lurraren defentsaren inguruko hitzaldia bururaturik, Diskurtso eta errepresio faxistak borrokatu gaia jorratu dute.
Arberatze-Zilhekoako plaza emeki-emeki iratzarri da anartean. Mertxikortxo Band taldearen doinuek iratzarri dituzte oraino lo ziren festibalari apurrak. Herri kirolariek eta bertsolariek hartu dute plaza gero, batzuek besteei desafio eginez.
Eguzkitan dantzan
Arratsaldea iristerako, bakoitzak bere materiala atera du eguzkitik babesteko: batzuk haizemailea mugitzen hasi dira, besteek EHZko kasketa edo izozkiak erosi dituzte... Eguzkitako betaurrekoak soinean, itzalguneen xerka aritu dira jendeak. Halere, Altxalili kabaretak elizan ematekoa zuen ikusgarrirako, ausartu dira berriz eguzkitara ateratzera, hain baitzen luzea sartzeko lerroa. Emeki-emeki sartu dira, matelak gorri; oraino gorriago zituzten gero, atera direlarik. Beroagatik izanen zen, baina ez horregatik baizik, Altxalili kabaretak ikuskizuna elizan ematea ez baitzen kasualitatea. Kodeak hausteko bururaino, orain dela zenbait urtetatik aldarrikatzen duten «bekatua» elizan berean egin dute, publiko osoaren urostasuna pizturik.

Badu zenbait urte euria dela EHZn. Aurten, haatik, beroa nagusi. Horregatik bazuen onik elizako ikuskizunak: fresko-freskoa izan da. Janari txandako laguntzaileek amestuko zuten bertan lan egitearekin: haiei, eguzkiaren beroa bakarrik ez, plantxena ere ailegatzen zaie. «Jende anitz badelarik, zinez gaitz da. Behar genuke termometro bat ezarri karparen azpian: segur naiz 40 bat gradu direla», ohartarazi du Haitz Capot Thornary janari komisioaren arduradunak, dabantal arrosa soinean.
«Jende anitz badelarik, zinez gaitz da. Behar genuke termometro bat ezarri karparen azpian: segur naiz 40 bat gradu direla»HAITZ CAPOT THORNARY Janari komisioaren arduraduna
Aurten bigarrenez, kebabak proposatzen dituzte, baina bero handiarekin, jendeak ez du horren jateko hainbeste gogorik. Orduan, laguntzaileak antolatu behar izan dira egokitzeko eta beste proposamen bat egiteko: tomate entsaladak prestatu dituzte. Halere, Capot Thornaryk onartu du freskatzeko manerarik onena hozkailu kamioitik hurbil egotea dela, eta «sustut garagardoa esatea, egia erran», aitortu duenez.
Eguna aitzina joan ahala, nahiz jadanik izerditan izan, jendeak dantzan segitu du, haizemailearen mugimendua koreografiari gehiturik. Abiatu da Diskobolo txaranga, jendeak inguruan bildurik. Naxkerrek joko du gero, Olaia Intziartek ondotik, eta Fermin Muguruzaren kontzertuaren tenorea iritsiko da azkenean, ikus-entzuleen artean hainbesteko gogoa piztu duena. Izerditan blai izanik ere, gaua argitu arte dantzatu gogo dute festibalariek.