Hirugarren urtez jarraian, Gasteizko gaztetxeko Azpimarra irakurle taldeak Poesia Mailu Bat Da literatura jaialdia antolatu du. Gaur eta bihar egingo dute, eta aurreko urteetan bezala, literaturaren inguruko topagune ez ezik kulturaren eta gizartearen arteko loturak aztertzeko esparru izatea ere nahi dute. Aurten, Eider Rodriguez eta Harkaitz Cano idazleak izango dira gonbidatu bereziak.
Tailerrak, solasaldiak, poesia emanaldiak, mikro irekiko saioak eta kontzertuak izango dira gaztetxean. Azpimarrako kideen esanetan, jaialdiaren helburua ez da soilik literatur jarduerak eskaintzea, baizik eta baita urte osoan egiten duten lana ikusaraztea eta irakurleen inguruan sortzen ari den komunitatea sendotzea ere. «Urteko asteburu zoriontsuena izaten da guretzat», azaldu du Larraitz Fagundez Azpimarrako kideak. Haren hitzetan, jaialdiak balio du urte osoan sortuz joan diren harremanak ospatzeko, baina baita irakurle taldeak sustatzen duen literatura ulertzeko modua ikusgai jartzeko ere.
Literatura «tresna politiko eta sozial» gisa ulertzen dute irakurle taldekoek, Fagundezek nabarmendu duenez. Hortik dator jaialdiaren izena: «Bizi dugun munduaz eta garaiaz hitz egiteko balio digun literatura aldarrikatu nahi dugu; mundua ulertzeko eta, batez ere, eraldatzeko balio duena. Ez soilik entretenitzeko edo errealitatetik ihes egiteko balio duena».
«Bizi dugun munduaz eta garaiaz hitz egiteko balio digun literatura aldarrikatu nahi dugu; mundua ulertzeko eta, batez ere, eraldatzeko balio duena»
LARRAITZ FAGUNDEZAzpimarra irakurle taldeko kidea
Urtero bezala, jaialdiak lelo osagarri bat izango du. Aurten, Kubaren eta munduko beste hainbat herriren egoera politikoari lotuta, erresistentziaren ideia hartu dute ardatz nagusitzat, eta Silvio Rodriguez abeslari kubatarraren esaldi bat hautatu lelo gisa: Ekarri nire fusila gure kontra ausartzen badira. Eta bene-benetan ari naiz. Hala, poesia ekitaldiaren gaia ere erresistentzia izango da, «zentzu zabalean ulertuta». Antolatzaileen arabera, munduko herri zapalduen borroketatik hasi eta Euskal Herriko eguneroko gatazketaraino iritsiko da hausnarketa: etxebizitzaren auzia, euskararen egoera, langile gazteen prekaritatea eta inperialismoaren aurkako borrokak landuko dituzte, besteak beste.
Tailerrak eta beste
Jaialdia gaur bertan hasiko da, 17:00etan. Lehen jarduera Fabula argiak garai ilunentzat izeneko idazketa tailerra izango da. Saioan sinboloak, alegiak eta irakaspenak erabiliko dituzte kontakizun laburrak sortzeko, eta eguneroko kezkei eta desioei buruz hausnartuko dute.
Horren ondoren, 19:00etan, poesia irakurtzeko mikro irekia egingo dute. Parte hartzaileek beren testuak irakurri ahal izango dituzte, baita gustuko dituzten poemak edo itzulpenak ere. Ez da beharrezkoa aurrez izena ematea, eta hizkuntza eta gaia libreak izango dira.
Eguna musikarekin amaituko dute. Oholtza gainean izango da Xak folk eta pop taldea, 21:00etan. Taldeak aurten kaleratu du lehen diskoa, Xak izenekoa hura ere, eta jaialdiko lehen kontzertua emango du gaztetxean.
Jaialdiaren bidez, ahalegintzen dira urtero literatur genero bati arreta berezia jartzen. Poesia izan ohi da ekitaldiaren ardatza, baina aurten ipuingintzak hartu du protagonismo berezia. Azpimarrako kideen ustez, ipuinak berezko potentzia du, eta aukera ematen du gertaera edo egoera jakin batzuk «intentsitate handiz» kontatzeko.
Eta horri lotuta, bihar Harkaitz Canok eta Eider Rodriguez idazleak ipuingintzaz arituko dira,18:30ean hasita. Zergatik idatzi ipuinak edo narrazio laburrak? galderatik abiatuta, genero horren ezaugarriak eta aukerak aztertuko dituzte solasaldi batean. Besteak beste, hizpide izango dituzte pertsonaien mamitzea, kontakizun laburren erritmoa, euskal literatur tradizioan izan duten lekua eta gaur egun duten indarra.
Gauean, jaialdiari amaia emateko, Koimbra talde gasteiztarrak joko du, 22:30ean hasita.