Ekainberri museoak iaz baino % 15 bisitari gehiago eduki ditu

Bost urte bete ditu Zestoako pinakotekak, eta etorkizunera begira Lili jauregira zabaldu nahi dute eskaintza

Erredakzioa
Donostia
2013ko irailaren 12a
00:00
Entzun
Ekainberrik duela bost urte zabaldu zituen ateak Zestoan, eta tarte horretan bisitari gehien jasotzen dituen Euskal Herriko museoetan bosgarrena bihurtu da. Aurten, iaz baino %15 bisitari gehiago erakarri ditu Ekaingo haitzuloaren erreplikak. Etorkizunera begira Unescorekin harremanak estutzea —gizateriaren ondare izendatu zuten koba, 2008an—, antzeko ezaugarriak dituzten kobekin itunak ezartzea, eta herriko, Zestoako, Lili jauregira museoa zabaltzea dira Ekainberriren helburuetako batzuk.

Bosgarren urteurrenaren harira, Juan Luis Goenaga, Angel Uranga, Xabier Obeso eta Maximina Espeso artistek margolan bana prestatu dute museoaren harreran jartzeko. Erakusketa bihar irekiko dute. Hilaren 20a arte, gainera, museorako sarreraren prezioa erdira murriztuko dute.

Ekaingo haitzuloa, haren hormetan margotutako zaldi, hartz eta bestelako irudiak, 1969an deskubritu zituzten Andoni Albizurik eta Rafael Rezabalek, eta Euskal Herrian den Paleolito arte laginik garrantzitsuenetako bat da. Jendearentzat itxita dago, ordea, eta han aurkitutakoa ezagutarazteko egin zuten, hain zuzen ere, erreplika; Ekainberri, alegia.

Juanjo Aranburu museoaren kudeatzaileak jakinarazi du 170.000 pertsonak bisitatu dutela museoa 2008ko irailaren 11n zabaldu zutenetik, eta urtero 34.000 bat lagun erakartzen dituela. Aranbururen arabera, seme-alaba gazteak dituzten familiak osatzen dute bisitariaren profila, oro har. Halere, profil hori «askotarikoa» dela» uste du museoaren kudeatzaileak. Zentroaren kudeaketan «zeresan handia» daukate, aldi berean, ikastetxeek. Izan ere, ireki zutenetik 500 bat ikastetxetako ikasleek parte hartu izan dute museoak antolatutako jardueretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.