«Pandemia libratu dugu». Egindako egokitzapen guztiak gora behera, eta, programazioa osatzeko izandako buruhausteak ahaztu gabe, Euskal Herrian azken bi urteetan kultur arduradun gutxik ahoskatu ahal izan duten esaldi horixe ahoskatu du Jokin Aspuru Getxophoto Nazioarteko Irudi jaialdiko arduradunak gaur, festibala aurkezteko egindako prentsaurrekoan. Eta, zehaztu duenez, jaialdia nagusiki kalean egiten delako izan da posible hori. Egokituta egin dituzte azken bi urteak, ezinbestean, eta bertan behera utzi behar izan dituzte jende multzoak sortzen zituzten proposamenak, baina etenik gabe eutsi ahal izan diote proiektuari. Horregatik, data aldaketa izango da aurtengo proposamenaren nobedade nagusia. Ekainean egingo dute aurten lehen aldiz festibala; orain arte, hamabost urtez, irailean antolatu ostean. Jon Uriarte argazkilaria izango da komisarioa, hogei erakusketa inguru hartuko ditu egitarauak, Imajinatu izango du leloa, eta, besteak beste, festibalean izango dira Judit Bou, John Hilliard, Marco de Mutiis, Clare Strand, Takashi Homma, Bego Anton eta Ainhoa Resano argazkilariak. Guztia, ekainaren 2tik 26ra bitartean. Aurten ere, nagusiki kalean.
Web orrialdean ikus daiteke jadanik programaren zatirik handiena.
Ekaina hilabete «oso egokia» zela uste zutelako egin dute data aldaketa antolatzaileek: azaldu dutenez, sasoi horretan kultur eskaintza ez delako oso handia izaten eta egunak luzeak izaten direlako. Edonola ere, jaialdia antolatzen duen Begihandi elkarteko kideen kontziliazioa izan da motibo nagusia. Aspuru: «Jaialdia irailean egiten denez, uztailean eta abuztuan lan eskerga izaten dugu, eta ezin izaten ditugu etxekoak behar bezala zaindu».
Kalea eta irudimena
Jaialdiak hiru urtean behin aldatzen du komisarioa, eta, ondorioz, azken aldia izango du aurtengoa Jon Uriarte argazkilari hondarribiarrak. Getxophotoren ezaugarri bana hautatu du argazkilariak urte bakoitzeko programaren ardatz modura, eta horregatik hautatu du aurtengo leloa ere, etorkizunean etor daitekeenari keinu egiteko. Kalea hautatu zuen gai nagusitzat lehen urtean, konpartitzearen ideiari heldu zion iaz, eta, azkenik, irudimenari eskaini dio aurtengoa. Zehazki, irudimenak bizitzari zentzua emateko betetzen duen rola aztertzea da asmoa, irudiek horretarako eskaintzen dituzten aukerak ere kontuan hartuta.
22 artista hautatu ditu horretarako Uriartek. Gutxi gorabehera, hori izaten baita jaialdiak izan ohi duen parte hartzaile kopurua.
Kutsadura bisuala saihestea
Aspuruk azaldu duenez, berez, jaialdiak izango luke hazteko aukera, eta egin ahalko lituzke erakusketa gehiago, artista gehiagorekin. Ordea, egun duen neurriari eustea erabaki dute antolatzaileek. Gertutasuna da motiboetako bat, zehaztu duenez, eta jasangarritasun bisuala bestea. «Ez ditugu hogei artista baino gehiago gonbidatzen, kopuru horrek aukera ematen digulako artista bakoitzarekin zuzenean lan egiteko, eta, eskaintza ere handiago izan daiteke, baina Getxophoton ez dira berrehun argazki baino gehiago egoten: ez dugu poluzio bisuala areagotu nahi».
Proposamenaren kalitate orokorra aipatu du Aspuruk, baina hainbat artistaren lanak ere nabarmendu ditu. Jaialdian izango dira urte luzeko ibilbidea duten Takashi Homma japoniarra eta John Hilliard britainiarra, esaterako. Argazkigintza dokumentala lantzen du lehenak, eta, nagusiki, ildo kontzeptuala landu du bigarrenarenak. Haiekin batera, sortzaile gazteagoak ere izango direla esan du zuzendariak, eta Boliviako Marisol Mendezen lana goraipatu du haien artean. Eta festibalaren eskaintzaren askotarikotasuna frogatzen du izen zerrenda horrek, zuzendariaren ustez. Nazioarteko egileekin batera, festibalean izango diren bi euskal ordezkariak ere izan ditu gogoan, gainera: Bego Anton eta Ainhoa Resano. Sorgin ehiza landuko du lehenak, eta Kutxateka artxiboan egindako ikerketa bat aurkeztuko du bigarrenak.
Adar digitala
Hiru gune nagusi izango ditu programak herrian: Algorta erdigunea, Ereaga hondartza eta Erromoko kultur etxea. Hiru gune horietan bilduko dira erakusketarik gehienak. Eta haien osagarri, hitzaldiak, bisita gidatuak, argazkilaritza ikasleen topaketak, solasaldiak eta erakusketaz erakusketako bertso saio bat ere egingo dituzte.
Programa fisikoa ez ezik, sareko adar bat ere izango du jaialdiak. 30 film biltzen dituen hautaketa bat egin du Lois Patiño zinemagileak Filmin plataforman, eta Juan Coveli sortzaile kolonbiarrak eta Marco de Muttis italiarrak ere proiektu digital bana aurkeztuko dute.
Hain zuzen ere, alor digital horren garrantzia nabarmendu du zuzendariak. «Ohiko argazkilaritzaz gainera, algoritmoak, giltzak, sare neuronalak eta inteligentzia artifizialak lekua izango dute programan; gaur egun, irudi gehienak gune digitalean sortu, mugitu eta kontsumitzen dira, eta jaialdiak lekua egin behar die horiei ere».
Erakundeen babesa
Besteak beste, Eusko Jaurlaritzaren eta Getxoko Udalaren babesa izan du lehen urtetik jaialdiak, eta aurten ere haien bidez jaso ditu antolakuntza gastuei aurre egiteko baliabideak festibalak. 200.000 euroko aurrekontua du egun.