Aurten antolatu dute lehenengoz SGAE fundazioak eta Dantzerti arte dramatikoko goi mailako eskolak Euskarazko antzerki sorkuntzaren saria. Euskarazko jatorrizko idazkera dramatikoa bultzatzeko zein euskal arte eszenikoen eremuan dramaturgiaren ekosistema indartzeko asmoz sortu dute sariketa. Uztailean itxi zen proposamenak aurkezteko epea, eta jada jakinarazi dute zein den saritua. Ekaitz Gonzalez Urretxu antzerkigile donostiarrari eman diote, Puntua lanarengatik. 5.000 euroko ordainsaria jasoko, eta, gainera, hark idatzitako piezaren ehun ale argitaratuko dituzte, Dantzertiko ikasleentzako material pedagogiko gisa.
Epaimahaia Agurtzane Intxaurraga eta Unai Izquierdo antzerkigileek eta Fran Lasuen konpositoreak osatu dute, eta aho batez erabaki dute Gonzalezen lana saritzea. Egilearen proposamenaren «aberastasuna, gustu ona eta hizkuntzaren kalitatea» izan dira balioetsi dituzten alorretako batzuk. Bestalde, testuaren dimentsio poetikoa ere nabarmendu dute; izan ere, bertsogintza da Puntua-ren gai nagusietako bat. Ohiko proposamenak alde batera utzi, eta formula berriak bilatu ditu Gonzalezek, eta, hain zuzen, «esperimentatzeko gaitasuna eta idazkuntzan erakutsi duen gaitasuna» ere aipatu dituzte.
Orotara, hamazazpi proposamen aurkeztu dira sariketara, «interes eta kalitate nabarmenekoak» denak, epaimahaiaren aburuz. Euren ustetan, gaur egungo sormen bizitasunaren eta dramaturgiak duen indarraren erakusle izan da hori.
«Pizgarria»
Gonzalezek Irutxuloko Hitza-ri adierazi dio sariak energia eman diola antzerkigile bokazioarekin jarraitzeko. «Era berean, euskaraz sortzen jarraitzeko pizgarri bat ere bada, gaur egungo sorkuntza eszenikorako hizkuntza gisa duen bizitasuna aldarrikatuz».
Sarituarentzako berezia da bere lana Dantzertiko ikasleek erabiltzea: «Hunkigarria zait pentsatzea nire lan batek, gure hizkuntzan idatzitakoak, beste artista batzuei beren bidean lagundu ahal izatea».