Literatura

Ekaitz Herrerak irabazi du Augustin Zubikarai beka, 'Hondar batean erre' eleberri proiektuagatik

Ikasle pisu batean bizi den 60 urteko gizon bat du protagonista eleberriak. Epaimahaiak «lanari darion umorea, idazkera dotorea, elkarrizketen freskotasuna, erritmo bizia, hizkuntzarekin jolasteko trebezia» nabarmendu ditu.

Ekaitz Herrera. ELKAR
Ekaitz Herrera. ELKAR
garbine ubeda goikoetxea
2025eko urriaren 27a
13:27
Entzun 00:00:00 00:00:00

Augustin Zubikarai nobela sorkuntzarako bekara 25 proiektu aurkeztu dituzte aurten, eta horien artetik gailendu da Ekaitz Herrera Azkarragarena (Abadiño, Bizkaia, 1986): Hondar batean erre. Horrenbestez, 8.000 euro jasoko ditu, eta urtebeteko epe mugatua izango du lana burutzeko. Ostiral arratsaldean jaso zuen saria, Ondarroako Kofradia Zaharrean (Bizkaia), Literatur Amuak jardunaldien barruan, eta ekitaldi berean aurkeztu zuten iazko proposamen irabazlearen emaitza ere: Julen Apellaren Sakelako bihotzak eleberria.

Herreraren nobelak 60 urteko gizonezko bat du protagonista. Lore saltzailea da ospitale ondoko postu batean, baina negozioa txarto doala eta, kale gorrian geldituko da. Horren ondorioz, ikasle pisu batera joan beharko du bizitzera, eta bera baino askoz ere gazteagoak diren pisukideekin konpontzen eta ohitura berrietara egokitzen ikasi beharko du, baita bere burua ezagutzen ere.

Leire Bilbaok, Xabier Mendigurenek eta Ana Urkizak osaturiko epaimahaiak «lanari darion umorea, idazkera dotorea, elkarrizketen freskotasuna, erritmo bizia eta hizkuntzarekin jolasteko trebezia» nabarmendu ditu, besteak beste.

Ekaitz Herrerak lehen lan literarioa du Augustin Zubikarai beka jaso berri duen hau, baina komunikazio munduan lan oparoa egindakoa da, nola idatzizko prentsan hala telebistan eta irratian ere. Azken urteotan Anboto komunikazio taldean dihardu, erredakzio buru.

Augustin Zubikarai saria Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatzen dute urtero. 2010. urtean, formatua aldatu, eta nobela laburretarako beka bilakatu zen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.