Zinema estreinaldiak

Ekaitzaren ostekoak

Sofia Alaoui zinemagile marokoar-frantsesak emakume marokoar baten bidaia kontatu du 'Animalia' filmean. Naturaz gaindiko ekaitz baten erdian bere fedea eta espiritualtasuna zalantzan jarriko ditu protagonistak.

'Animalia' filmaren fotograma bat.
'Animalia' filmaren fotograma bat.
Uxue Arzelus Lasa.
2024ko apirilaren 3a
05:00
Entzun

Itto landa eremutik datorren emakume gaztea da; berbere jatorria du, eta haren familiak ez du diru askorik. Aminerekin ezkondu da Itto, ekonomikoki eta politikoki botere handia duen familiako semearekin, eta haien lehen haurra jaiotzear da. Ittok Amine maite du, eta bere familia berriaren luxuzko bizimoduarekin pozik dago, baina Amineren amak ez du onartzen emakumea, eta emazte ona izateko bete beharrekoetan huts egiten du.

Familia Khurigban negozioak egiten ari dela, Itto etxean gelditu da, epairik gabe sofan etzateko aukera gozatuz. Kanpoan, baina, fenomeno arraro bat gertatzen hasi da: hodeiak azaldu dira ordura arte garbi-garbi zegoen zeruan, eta tximista berdez beteta daude. Animaliek jarrera xelebrea dute, lanbro berezi bat zabaldu da, eta sakelako telefonoek konexio arazoak dituzte. Armadako soldaduak azalduko dira, inor etxetik ez ateratzeko eskatuz, baina Aminek bizilagunari eskatu dio emakumea Khurigbara eramateko, familiarekin elkartu dadin. Naturaz gaindiko ekaitza buru gainean duela, bidaia hasiko du orduan Ittok; bere jatorriaz eta bere etorkizunaz galdetzera eramango duen bidaia, baita jainkoaz eta gizadiaren patuaz ere.

Qu’importe si les bêtes meurent film laburra izan zen Sofia Alaoui zinemagile marokoar-frantsesak idatzi eta zuzendu zuen lehen lana. Bertan, mendian bizi den artzain baten istorioa kontatzen du, zeinak, herrira abereentzat janari bila jaisten denean, naturaz gaindiko fenomeno bati aurre egin beharko dion. Animalia unibertso berean kokatzen da, eta zinemagilearen lehen film luzea da. Film laburrarekin Cesar sari bat eta Sundance jaialdiko epaimahaiaren saria jaso zituen, eta Animalia-k jaialdi berean epaimahaiaren sari berezia jaso zuen, Alaouiren ikuspegi kreatiboa dela eta.

Marokon jaio eta hazi zen Alaoui, baina, ondoren, Txinan eta Frantzian bizi izan zen. Marokora itzultzean, bertako gizartearekiko beste ikuspuntu bat izan zuen. Erlijioak, eta, zehazki, dogmak, indar handia irabazi zuen gizarte batekin egin zuen topo, eta frustratu egin zen. Arrotza zitzaion gizarte berri hori zalantzan jarri nahi zuen Alaouik, eztabaidaezinari buruz eztabaidatu, dinamikak astindu, eta elementu arraro bat behar zuen horretarako. Ez zen, ordea, erraza izan Marokon eginiko film batean fantasiazko edo zientzia fikziozko osagaiak txertatzea. Zinemagilearen ustez, Marokoko filmek nolakoak izan behar duten definitzen duen ideia zabaldu bat dago: errealistak izan behar dute. Alaouik, ordea, estereotipo horiek apurtu nahi zituen.

Animalia-k generoaren elementuak erabiltzen ditu ezbaian jarri nahi dituen gaiak lantzeko: emakumearen egoera herrialde musulmanetan, klase ezberdintasunak, fedea, eta naturaren eta gizadiaren arteko harremana. Zientzia fikzioaren klixeetatik aldenduta, Alaouik erantzun gabeko galdera ugari uzten ditu, baina, munduaren amaiera dakarrela dirudien hondamendi baten erdian, esperantzarako tartea aurkituko du.

'Animalia'

Zuzendaria: Sofia Alaoui. Gidoilariak: Sofia Alaoui, Laurie Bost, Raphaëlle Valbrune-Desplechin. Aktoreak: Oumaïma Barid, Mehdi Dehbi, Fouad Oughaou. Argazkia: Noe Bach. Musika: Amin Bouhafa. Generoa: Drama. Urtea: 2023. Iraupena: 95 min. Herrialdea: Maroko. Estreinaldia: Apirilaren 5ean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.

 

Beste estreinaldi batzuk:

'Pájaros'

pajaros
Pájaros filmaren fotograma bat.

Colombok 24 orduko garaje batean egiten du lan, eta marihuanarekin trapitxeatuz osatzen du bere soldata kaskarra. Garajean agertuko da ustekabean Mario, hegaztizalea eta berezia, eta Colombo txofer gisa kontratatuko du Costa Bravara kurriloak ikustera joateko. Baina, helmugara iristean, hegaztiek Errumaniako Danubio ibaiaren deltarako migrazio norabidea aldatu dutela kontatuko dio. Mariok haraino iritsi behar du. Eta Colombok dirua behar du. Haien benetako arrazoiak ezkutatuz, beren burua eta bata bestea hobeto ezagutzera eramango dituen bidaia bati ekingo diote.

Zuzendaria: Pau Dura. Gidoilariak: Pau Dura, Ana M. Peiro. Aktoreak: Luis Zahera, Javier Gutierrez, Teresa Saponangelo. Generoa: Komedia. Urtea: 2024. Iraupena: 100 min. Herrialdea: Espainia.

'Northern comfort'

Indar berezietako beterano bat, etxe agentzia bateko langile bat, influencer bat eta sortzaile digital bat ikastaro berezi batera bidaliko dituzte, hegan egiteko duten beldurrari aurre egiteko. Ikastaroan, Londrestik Islandiarako hegaldia egingo dute, baina esperientzia tamalgarria izango da. Herrialde urrun hartan galduta, izoztuta eta izututa, denen artean euren beldurrei aurre egiteko modua aurkitu beharko dute.

Zuzendaria: Hafsteinn Gunnar Sigurosson. Gidoilariak: Halldor Laxness Halldorsson, Tobias Munthe, Hafsteinn Gunnar Sigurosson. Aktoreak: Timothy Spall, Lydia Leonard, Ella Rumpf. Argazkia: Niels Thastum. Generoa: Komedia. Urtea: 2023. Iraupena: 97 min. Herrialdea: Islandia.

'Wicked Little Letters'

1920ko hamarkada. Kostaldeko Littlehampton hirian, Edith Swan eta herriko beste biztanle batzuk gutun eskandalagarriak jasotzen hasi dira, hizkera xelebre eta lizunez idatziak. Azkar, Rose Gooding izan den susmoak zabalduko dira, salaketa horien ondorioz bere askatasuna eta alabaren zaintza arriskuan ikusiko dituen auzokide sutsua. Gutunek herria suntsitzen jarraitzen duten bitartean, Gladys Moss polizia agentea lanean hasiko da misterioa argitu eta benetako erruduna harrapatzeko.

Zuzendaria: Thea Sharrock. Gidoilaria: Jonny Sweet. Aktoreak: Olivia Colman, Jessie Buckley, Anjana Vasan. Argazkia: Ben Davis. Generoa: Komedia. Urtea: 2023. Iraupena: 102 min. Herrialdea: Erresuma Batua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.