Aurtengo jaialdirako ez dituztela talde esanguratsu anitz gomitatu abisatuz hasi du Miarritzeko Maitaldia dantza jaialdiaren aurkezpena Thierry Malandainek, jaialdiko zuzendari artistikoak. Erdi ironikoki adierazi du hori, aurten interesa beste nonbait dagoela argi utziz, eta, bide batez, kritikak saihesteko. Hala ere, ez dira alde horregatik esku hutsik, eta irailaren 9tik 18ra iraunen duen jaialdiaren barnean, izatekoz, Monte-Carlo Balleta ezagunaren bisita izan daiteke ekitaldi nagusia. Jean Christophe Maillot koreografoa zuzendari, Altro Canto eta Opus 50 obrak ekarriko dituzte Miarritzera.
Eskas hori esplikatu du dantza munduko egoera ekonomiko «biziki zailagatik». Dena dela, sos gutxiagorekin bada ere, interesak bat baino gehiago dauzka jaialdiaren 21. ekitaldiak, Malandainen iduriko. Batetik, oraindik ezezagunak eta, beraz, merkeagoak baina laster erreferentzia bilakatuko diren konpainiaren bisita. Zuzendari artistikoarentzat, dantzari gazteei «baldintza oneko taula gainak eskaintzea ere bada jaialdi baten betekizuna».
Lagundu beharreko gazte horien artean, Sos Danse kolektiboa dago. Sofie Dubs eta Sole Medinak osatua, hasi berriak dira baina ezagutzekoak, Maitaldikoen iritziz. Espazio publikoa adierazpen espazio ere badela aldarrikatzen du kolektiboak. Beste gazte bat aipatzekoa aurten berean bere konpainia sortu duen Fabian Thome dantzaria da. Donibane Lohizunen sortua, flamenkoaren munduan dantzari gisa ezagutua, hizkuntza propioa lantzeko gogoak bere konpainia sortzera bultzatu zuen. Miarritzera Desde el sofá sorkuntza ekarriko du. Malaindainek segurtatu du taula gaina pizteko gaitasuna duen horietakoa dela, bere «karisma harrigarriarekin».
Sostengatu beharreko beste konpainia bat Sebastien Perraultena da, zuzendari artistikoak dioenaz. Perrault «zerbait erraitekoa» duen gazte bat dela deritzo Malandainek. Dantzari horrek Caïn ikusgarria ekarriko du jaialdira.
Perraultek ez du lehen aldiajaialdian, baina Malandainentzat inportantea da fidelitate bat erakustea gustukoak dituzten dantzariei. Eta, Perraultenaren gisara, konpainia bat baino gehiago dira aurten aitzineko urteetan jadanik etorriak diren horietakoak. Horien artean Vilcanota konpainia dago. «Dantza munduan arraroa da irria. Eta hauekin ahotik ezin utzizko momentu bat pasatzeko aukera» badagoela azpimarratu du Eloixa Ospitalek, jaialdia antolatzen duen Biarritz Culture elkarteko ordezkariak. Malandainek gehitu du aitzineko bisitan, justuki, ikusle guti bildu zela bere emanaldira eta pena izan zela. Aldi honetan gehiago etortzea espero du. Jaialdiaren beste fidelen artean, Boli Kostako Georges Momboye koreografo eta dantzaria dago. Aldi honetan, bere dantzariekin batera David Drouard koreografoarekin lan egin dute Chantier konpainiaren baitan. Miarritzen l'Anneau de Salomon eskainiko dute. Ariadone konpainia ere bada Maitaldiaren usaiako bisitaria. Baina aldi honetan haurrentzako ikusgarri bat du prestatua, Chez Ikkyû izenekoa.
Esanguratsu, fidel edo gazte ezezagun, orotara 31 konpainia dira etorriko jaialdira, eta, usaian bezala, estilo guztien ordezkari. Neoklasikoak izanen ditu bere saioak. Dela Ballet d'Europerekin, edo, nolaz ez, Malandainen Biarritz Balletarekin. Lucifer sorkuntzaren ondoan, L'Amour Sorcier eta Boléro-a emanen ditu Lapurdiko konpainiak. Flamenkoak Israel Galvan izanen du. Hip hopak, Pierre Rigal. Ikusleak sakonki inarrosiko dituen antzerki-dantza nahasketa den Yann Lheureuxeren Reach our soul ere izanen da. Euskaldunen artean, Maritzuli eta Dantza Hirian egitasmoan aurten saridunak.
Eklektiko eta gazte dator Maitaldia
Irailaren 9tik 18ra 31 konpainia aldizkatuko dira Miarritzeko dantza jaialdian

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu