EKTk euskal kulturaren egiturak eta espazio emozionalak aztertuko ditu

Euskal Kulturgintzaren Transmisioa graduondokoak zortzigarren aldia du aurten. Joseba Sarrionandia irakasle gonbidatu gisa arituko da

Ezker-eskuin, goian, Azkarate, Sarrionandia eta Garaño; behean, Lujanbio, Zabaleta eta Urmeneta. BERRIA.
itziar ugarte irizar
2020ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Transmisioa, ez atzera begira, ezpada gerora. Transmisioa, izateko gogoa ereiten segitzeko bide modura. Izpiritu horrekin jarri zuten abian Euskal Kulturgintzaren Transmisioa (EKT) graduondokoa Mondragon Unibertsitatean, 2007-2008ko ikasturtean. Bi urterik behin egin da ordutik, eta hala heldu da zortzigarren aldira aurten. Hilean asteburu batez hartuko du leku, Aretxabaletako (Gipuzkoa) Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean; aurten, urriaren 17tik ekainaren 12ra.

Hitzaldi kate baten bidez osatzen du EKTk bere formakuntza eskaintza. Askotariko ahotsak bildu ohi dituzte ikasgelara, diziplina ugaritatik datozen kulturgile, sortzaile, pentsalarienak. Bada, zortzigarren edizio honetan hizlari ariko direnen artean daude, besteak beste, Haizpea Abrisketa, Oscar Alegria, Elisabete Ansa, Eduardo Apodaka, Gaizka Aranguren, Edurne Azkarate, Harkaitz Cano, Jean Louis Davant, Jon Garaño, Jose Angel Irigarai, Maialen Lujanbio, Ainhoa Urien, Asisko Urmeneta eta Idoia Zabaleta.

Euren esperientziatik eta ezagutzatik ariko dira, eta ertz ezberdinetatik helduko diote euskal kulturgintzaren gaurko auziei. Aurreko edizioan, familia transmisioa, Kataluniako prozesu independentistan kulturgintzak izandako lekua, Euskaraldia eta beste landu zituzten. Aurten, Nekane Goikoetxea eta Iñaki Urruzola arduradunek azaldu dutenez, «euskal kulturari eusten dioten egituren» nolakotasuna izango dute hizpide. Baina ez hori bakarrik: «Euskaltasunak gaurko hirietan dituen gorpuzkerak aztertuko ditugu, euskal kulturaren espazio emozionalak, zinemagintzak berariazko lekua hartuko du, euskal kulturan historiak duen lekuaz gogoetatuko dugu...».

Sarrionandia ere irakasle

Aurtengo edizioaren beste berezitasun bat Joseba Sarrionandia irakasle gonbidatu ariko dela da. Arduradunen esanetan, aspalditik ari dira harekin lankidetzan, eta ekarpen ugari egin izan ditu aurreko ikasturteetan ere. Aurten, irakasle gonbidatu aritzea adostu dute, hots, asteburu guztietan ikasleen eta irakasleen solasaldiak eta gogoetak bideratzen parte hartzea. Haren gidaritzapean bi mintegi egiteko asmoa ere badute, EKTko ikasle ohientzat irekiak, baina pandemiagatik «moldatu» egin beharko dute. Gainontzean, ahal dela, formatu presentzialari eutsiko diote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.