Urtarrilaren 2an hasi zuen ibilbidea Gaztetxeak Bertsotan txapelketaren bigarren aldiak. Igorreko Kiñu gaztetxean (Bizkaia) egin zuten lehen saioa, eta larunbatean azkena, Azkoitian (Gipuzkoa). Lehiaketan, bikoteka aritu dira bertsolariak kantuan, eta Eli Zalduak eta Suhar Gesalagak eraman dute aurtengo txapela. Publikoak hartu zuen erabaki hori, baina, horretaz gainera, beste bi sari ere banatu zituzten. Azkoitiko Gazte Asanbladak erabakita, Ander Sarriugartek eta Haira Aizpuruak eskuratu zuten asanbladaren saria, eta Aitor Tatiegik eta Iradi Barrenetxeak antolatzaileena.
Bertsolari gazteei plaza bat eskaintzeko asmoz jarri zuten abian txapelketa, iaz, eta bigarrenez antolatu dute aurten. Festa giroko saio eroso eta dibertigarriak egitea da helburua, antolatzaileen hitzetan, baita gazteen kezka eta interesekin lotutako «ahots kritiko eta politizatuei» lekua ematea ere.
Zazpi gaztetxetan egin dituzte aurten saioak: Igorren eta Azkoitian ez ezik, Berrizko Hiltegixe gaztetxean (Bizkaia), Beasaingo gaztetxean (Gipuzkoa), Garazikoan (Nafarroa Beherea), Iruñeko Txantreako Maiatzak 1 gaztetxean, Gasteizko gaztetxean eta Bilboko 7katu gaztetxean, zehazki. Gaztetxe bakoitzeko asanbladarekin batera antolatu dituzte saio horiek, eta, antolatzaileen hitzetan, emanaldi guztiek izandako erantzuna «oso ona» izan da.
Gaztetxeen aldeko ekitaldia
Antoaltzaileek kontatu dute iazko txapelketa «esperimentala» izan zela, baina aurten, iazko esperientziari esker, gutxiago kostatu zaiela dena martxan jartzea. Formatua fintzen ere asmatu dutela azaldu dute.
Larunbatean, finalaz gainera, beste hainbat ekitaldi ere izan zituzten Azkoitian. Berun, Ameba eta Sekule taldeen kontzertuak izan ziren, eta bertso poteoa ere antolatu zuten. Bertan aritu ziren kantuan Enara Gallastegi eta Unai Iturriaga, Maddi Sarasua eta June Aiestaran, eta Gorka Pagonabarraga eta Jexux Mari Irazu. Bestalde, gaztetxeen aldeko ekitaldi bat ere egin zuten finalean bertan. Galdakako (Bizkaia) gaztetxeko kideek, gaztetxea hustu berri dieten honetan, euren egoeraren berri eman zuten, eta Gernika-Lumoko (Bizkaia) gaztetxeko kideek, Kiñu gaztetxekoek eta okupatu berria den Azkoitiko gaztetxekoek ere parte hartu zuten: Gernikakoa husteko arriskuan dago, Kiñuko kideak epaiketa prozesuan daude, eta Azkoitikoek lokala okupatu berria dute.