Donostiako Nazioarteko 65. Zinemaldia

Elkarlanaren historia eta istorioa

'Elkarrekin-Together' estreinatu dute, AEBetan egindako ikerketa bat ardatz duen film dokumentala

Xabier Alberdi, Xabier Agote eta Rebecca Cole, dokumentalaren une batean. BERRIA.
Maialen Unanue Irureta.
Donostia
2017ko irailaren 27a
00:00
Entzun
«Beste mundu bat posible izan zela aurkitzen badute, beste mundu bat posible dela frogatuko dute». Historiaren zirrikituetan arakatzen dabilen arkeologo talde bat du protagonista Elkarrekin-Together film dokumentalak: euskaldunak, iparramerikarrak eta kanadarrak elkarrekin lanean. Gaur egungo istorioa: lau mende lehenago jazo zitekeen elkarlan bat frogatzeko nahia. Mainen, AEBen ekialdeko kostan, Ternua eta Labradortik (Kanada) oso gertu. Euskal baleazaleen eta bertako biztanleen arteko elkarlanaren historiaren peskizan. Gertatu zen, edo gerta zitekeen: froga bila ari dira.

1602. urtea. Espedizio ingeles bat iritsi zen egun AEBetakoa den kostaldera, Mainera. Bartholomew Gosnold zen taldearen buru, eta haren kronikariek bertako biztanleekin izandako lehen hartu-emanen berri jaso zuten. Euskal txalupa batean zihoazen, arropa europarrez jantzita, eta inguru haietan Donibane Lohizuneko arrantzale batzuk ere ibili zirela aipatu zuten bertakoek. Placentiatik zetozela azaldu zieten. Gosnoldek Placentia of Newfoundlandi buruz ari zirela interpretatu zuen, Ternuaz, alegia. Baina hori Maineko kostaldetik oso urrun zegoela iruditu zitzaion Xabier Agote Albaolako lehendakariari, eta ikertzeari ekin zioten.

Mainen Placentia izeneko irla bat dagoela jakin zuten, Xabier Alberdi arkeologoak azaldu duenez: «Gaur egun, beste izen batzuk dituzte, kolonoek izen berriak jarri baitzizkieten uharteei, baina XVII. mendeko kartografietan agertzen dira beste hainbat uharte izen berarekin: baliteke Placentia, uharte jakin bat izan beharrean, eremu horren izena izatea». Frogak aurkitzeko aukera, beraz, handitu egin zaie. Dokumentala ez da itxitako ziklo baten erakusgarri: jarraitzeko asmo guztia dute.

Zergatik hori frogatzeko beharra, ordea? Hala azaldu du Igor Otxoak, lanaren zuzendarietako batek: euskal baleazaleen eta bertako biztanleen artekoa ez zen menperatu-menperatzaile harreman bat, haien hipotesiaren arabera. «Garai horretan izan zen Ameriketako konkista ere, eta euskaldunen ondoren etorri ziren kolonoek, ingelesek eta frantsesek, txikitu egin zituzten bertakoak. Baina euskaldunek eraikitako harremanak parekoen artekoak ziren, eta horri eman nahi diogu balioa. Hori frogatuta dago Kanadan, eta gure erronka da han [AEBetan] ere hala izan behar zuela frogatzea».

Iazko udan Mainera egindako espedizioaren lekukotza da Elkarrekin-Together. Hara egindako bigarren bidaia da, Alberdik kontatu duenez. 2015ean izan zen lehenengoa, eta ez ziren esku hutsik bueltatu: salerosketan ohikoa zen perla bat topatu zuten. Iaz, indusketa gehiago egin zituzten jenderik bizi ez den irla horretako beste leku batzuetan.

Bistan denez, filmean agertzen direnak ez dira aktoreak, baina «naturaltasun osoz» jardun dute kamera aurrean, Otxoaren arabera. Hilabeteko espedizioa izanik, azkenerako kamerak zeudenik ere ez zirela konturatzen azaldu du Alberdik. Lanaren tentsio uneak ez dituzte ezkutatu, eta naturaltasun horren erakusle da hori, Otxoaren ustez: «Xabierrek[Alberdik] oihu egiten duenean, 'Ostia! Erantzuteko!', oso umoretsu eta natural gelditu da».

Elkarlanean sortua

Filmean ageri dira, esaterako, Rebecca Cole Acadia National Parkeko arkeologo burua eta Brad Loewen, Montrealgo unibertsitateko ikerlaria, San Juan baleontziaren eraikuntzarekin lotuta dagoena. Indusketa guneak aukeratu, horietan arakatu, aurkitutakoak aztertzera bidali eta, batez ere, hango adituen iritzi eta ezagutzak partekatu dituzte, aurkitutakoak haien begiekin aztertu ostean. «Ez da guk gauzatu dugun proiektu bat, Albaolako eta Acadiako arkeologia zerbitzuaren artean sortutakoa baizik».

Otxoak azaldu duenez, Elkarrekin-Together elkartea dago proiektuaren atzean, eta, diru laguntzez gain, Euskal Herriko hainbat enpresaren babesa jaso dute, kooperatiba zenbaitena, batik bat. «Asmoa da elkarlana sustatzea bai Euskal Herrian eta bai kanpoan dauden euskaldunekin, diasporarekin. Haientzat garrantzitsua dela uste dut, gure historia ikusteko, besteekin izan ditugun harremanak...».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.