Mende erdia ospatzen ari da aurten Elkar, eta urtemugarekin bat heldu da berria: Gipuzkoako Foru Aldundiak 2022ko Urrezko Domina hari ematea erabaki du, sorreratik «euskararen eta euskal kulturaren sustapenean eta garapenean» egin duen lanaren aitorpen gisa. Eider Mendoza aldundiko bozeramaileak gaur goizean zehaztu duenez, abenduan egingo dute saria emateko ekitaldia, erakundearen Donostiako egoitza nagusian.
Sortzaile taldeko lau kidek berriki kontatu diote BERRIAri nola izan ziren Elkarren hastapenak. 1972an ekin zioten; hogei gazte elkartu ziren, aurrena Baionan, handik bi urtera Hegoaldeko beste hogei batu ziren proiektura, eta hala hasi zen mamitzen, apurka, euskal kulturaren ekosisteman eragile erabakigarri bihurtu den enpresa. Hastapen haiek oroitu ditu, hain justu, Mendozak, eta sorreratik «askotariko ideologia politikoetako kideak» bildu izana txalotu du. Nabarmendu du, halaber, hasieratik liburuaren kate osoaz arduratu izan dela Elkar —argitaletxea, salmenta eta banaketa—, eta, gaur egun, liburu eta diskoen ekoizpenean aritzeaz gainera, bestelako proiektuak ere sustatzen diharduela. Ekintza horiek guztiak fundazioaren aterkipean egiten direla, eta, beraz, irabaziak euskal kulturan berrinbertitzen direla azpimarratu du bozeramaileak.
Ikusi gehiago:«Atzerako bueltarik gabeko errealitatea ez dugu oso urruti»
Gipuzkoako Foru Aldundiak 1982. urteaz geroztik ematen du Urrezko Domina, eta askotariko talde zein norbanakoak saritu dituzte ordutik hona. Horien artean daude Jose Miguel Barandiaran, Manuel Lekuona, Euskaltzaindia, Jorge Oteiza, Menchu Gal, Arrasateko kooperatiben mugimendua, Xabier Arzalluz, Mikel Laboa, Ramon Saizarbitoria eta Jakin taldea, besteak beste.