Donostia, 2016ko Europako kultur hiriburu

«Elkartzea da bidea»

Donostiako Udalak, Gipuzkoako Diputazioak eta Eusko Jaurlaritzak bat egin dute kultur hiriburuari babesa ematekoDesadostasunen gainetik elkarrekin lan egitearen garrantzia nabarmendu dute

Marisol Garmendia, Ernesto Gasco, Blanca Urgell, Martin Garitano, Juan Karlos Izagirre, Eva Salaberria, Santi Eraso, Miren Azkarate, Nerea Txapartegi eta Ramon Gomez. JUAN CARLOS RUIZ / ARP.
Jon Eskisabel.
Donostia
2011ko ekainaren 30a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Donostiako Udalak, Gipuzkoako Diputazioak eta Eusko Jaurlaritzak batasunaren irudia agertu zuten atzo, Donostiako 2016ko Europako kultur hiriburu izendatu osteko biharamunean. Hurrengo urteetako «erronkari» bat eginda aurre egiteko asmoa azaldu zuten hiru instituzioetako ordezkariek, azken bi urteotan hautagaitza aurrera eraman duen lan talde teknikokoarduradunak eta langileak ondoan zituztela. Juan Karlos Izagirre alkateari egokitu zitzaion batasun mezua zabaltzea. «Elkartzen garenean, ezberdintasun ideologikoak bazter utzita, gauzak ongi egiten dakigula erakutsi dugu. Hori da jarraitu beharreko bidea, batzen gaituenari heldu eta ezadostasunak modu adeitsuan eztabaidatu, eta horretan tematuko da udal gobernu hau. Donostiak donostiarrak batzen ditu», adierazi zuen. Alderdi guztietako ordezkariek Madrilera elkarrekin egindako bidaia «Euskal Herrian bizi den prozesu berriaren adibide» dela gaineratu zuen Donostiako udal agintari nagusiak.

Izagirrerekin batera, Blanca Urgell Kultura sailburua, Martin Garitano Gipuzkoako diputatu nagusia, udal taldeetako bozeramaileak eta Santi Eraso eta Eva Salaberria, hautagaitzaren kultur edukien arduraduna eta koordinatzaile nagusia hurrenez hurren, agertu ziren udaletxeko bilkura aretoan. 18 ordu bakarrik joanak ziren izendapena ezagutu zenetik eta txalo, besarkada eta irribarre zabaletarako tartea ere izan zen agerraldian.

Ezohiko adostasuna azaldu zuten instituzioetako ordezkariek. Izagirreren hitzak «hitzez hitz» bere egin zituen Urgellek, eta Ernesto Gasco PSE-EEko zinegotziak «denok elkarrekin lan egiteko momentua» dela nabarmendu zuen. Martin Garitanok euskal herritar guztiak zoriondu zituen, eta eskerrak eman zizkion lan taldeari «proiektu garrantzitsu hau aurrera eramateagatik».

Lan partekatua

Donostiaren kultur hiriburutza «lan partekatuari esker»lortu dela nabarmendu zuen Izagirrek. «Lan handia egin da gu iritsi aurretik, donostiar asko inplikatu da proiektuan, eta aurrerago gehiago inplikatzea nahi dugu. Kultura denon altxorra dela erakutsi nahi dugu Europan». Herritarren parte hartzea da aurrera begira udalak indartu nahi duen alderdietako bat. «Aukera ezin hobea dugu parte hartzea bultzatzeko eta munduari euskara eta kultura bizi eta emankorra erakusteko», esan zuen.

Proiektuari zuzenketarik egingo ote dion galdetuta, ez dela proiektu itxi bat erantzun zuen.«Epaimahaiak asko baloratu du hori, proiektu itxia ez izatea eta hurrengo urteetan gehiago aportatzea espero dela. Eta horretan Donostiako herritarrek zeresana izango dute». Donostiako PSE-EEk ohar bat kaleratu zuen ordu batzuk geroago, «irabazi duen proiektua errespetatua eta baloratua» izan behar duela adierazteko. «Inork aldatu nahi badu, udalbatzaren gehiengoaren adostasunarekin egin beharko du», zehaztu zuten sozialistek. Halaber, kultur hiriburuaren kudeaketaz eta zuzendaritzaz arduratuko den batzorde bat «lehenbailehen» sortzeko eskatu dio PSE-EEk Izagirreri.

Hurrengo urratsei buruz ezer gutxi aurreratu zuen alkateak. Lasaitasuna berreskuratzeko egun batzuk pasatzen utzi ostean «fase berri honetarako planifikazio zehatz bat» egiten hasiko dira. Lan taldean aldaketak izango diren ere ez zuen zehaztu, baina Eva Salaberria koordinatzaile nagusiak azaldu zuenez, «une bakoitzeko beharretara moldatuko den antolakuntza malgua» izango da. «Epaimahaiak gehien baloratu duena prozesuaren ideia da. Donostiak ez du 2016rako ekitaldien egitarau itxi bat aurkeztu, duela hiru urte hasi eta 2020an amaituko den prozesu bat baizik. Fase bakoitzean behar ezberdinak egongo dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.