Elorriagari eta Arostegiri ipuin bana argitaratu die Elkarrek

Xaguxar bilduman irten dira plazara 'Zizili' eta 'Nerbioiko piratak', haur literaturako narrazioak biak

Erredakzioa
Donostia
2012ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Elkar argitaletxeak 10 urtetik gorako irakurleentzako bi liburu kaleratu ditu Xaguxar sailean: Unai Elorriagaren Zizili, Mai Egurzak ilustratua, eta Gaizka Arostegiren Nerbioiko piratak, Bruno Hidalgok ilustratua.

Elorriagaren narrazioak Zizili andrea du pertsonaia nagusi. Ez du ezer ikusten, 207 dioptria baitauzka begi bakoitzean; baina esan diote Londresen badela jostun bat, apurtutako artaziekin betaurreko berezi batzuk egiten dituena, eta hara joatea erabaki du, Anbrosio bere mamu txikia lagun hartuta. Bidean, mila abentura eta xelebrekeria gertatuko zaizkie, zein baino zein zoroagoa, eta lagun mordoa ezagutuko dute, umorez eta fantasiaz beteriko istorio baten barruan.

Arostegiren ipuinak kontatzen du Jon izeneko mutiko batek pirata izatea erabakitzen duela telebistan film bat ikusi eta gero. Asmo horrekin, Jonek eta bere lagunek Nerbioiko itsasadarrean lokatzetan harrapatuta dagoen ontzi bat berenganatuko dute. Marea jaistean, korrontearen uberari jarraituz, itsasadarraren bi ertzeetan ikusten diren paisaietan barneratuko dira pirata gazteak. Arostegik Mikel Zarate haur literaturako narrazioen lehiaketa irabazi berri du Urrezko orrazia lanarekin.

Horrez gain, Piraten olinpiadak Txirlabeltzaren uhartean argitaratu du Elkarrek, Pirritx, Porrotx eta Marimotots bilduman, Mitxel Muruak idatzia eta Julen Tokerok ilustratua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.