Argibideak, «despistatuentzat»: aurten Tabakaleran egingo dute Musika Garaikideko Zikloa; beraz, ez dadila inor azken urteotako pausoei segika Kursaalean azaldu. Patrick Alfaya Donostiako Musika Hamabostaldiaren zuzendari artistikoak eman du abisua: «Zentzua hartzen genion Musika Garaikideko Zikloa Tabakaleran bertan egiteari, batik bat Tabakalera sorkuntzarako espazioa delako eta abangoardista den sorkuntza orok —musika garaikidearen parte zabal bat bezala— bertan egon behar duelako». Hala, lehen aldiz, abuztuaren 10ean, 14an eta 16an, Tabakalerako Kultura Garaikideko Nazioarteko Zentroak hartuko ditu musika garaikideko kontzertuak. Eta, aldi berean, Tabakalera Dantzan programa abuztuaren 11n, 13an eta 14an egingo dute, Donostiako Musika Hamabostaldia dantzaz ere hornitzeko. Ekitaldi guztietarako sarrerak Quincenamusical.eus webgunean eta Kursaal eta Viktoria Eugenia antzokietako leihatiletan eros daitezke.
Emakume konpositoreenak dira Musika Garaikideko Zikloan programatutako obren %60 inguru. Horrekin pozik agertu da Alfaya: «Konpositoreen mundua ere oso mundu matxista izan da. Melomano gehienek, segur aski, galdetuz gero, oso emakume konpositore gutxi aipatuko lituzkete, egon badauden arren. Baina horixe gertatu da: ezkutuan gelditu direla». Gainera, askotariko jatorriei ere erreferentzia eginez, aurtengoa lehen aldia izango da Musika Hamabostaldian emakume afro-amerikar baten obrari leku egingo zaiona. Zehazki, Florence Price artistaren Adoration eta Night obrak joko dituzte —besteak beste— Damian Martinezek eta Marta Mollek, Duo Cassado osatzen duten bi kideek. Esencia de los elementos izena darama emanaldiak, eta gizakiaren eta naturaren arteko harremanean sakontzeko helburua du. Abuztuaren 16an izango da, eta musikak Martina Ampuero artista bisualak sorturiko bideo baten laguntza izango du etengabe.
«Melomano gehienek, segur aski, galdetuz gero, oso emakume konpositore gutxi aipatuko lituzkete, egon badauden arren. Baina horixe gertatu da: ezkutuan gelditu direla»
PATRICK ALFAYA Hamabostaldiko zuzendari artistikoa
Bestalde, Jon Esnaola konpositore tolosarraren Zurrumurru lanaren erabateko estreinaldia abuztuaren 10ean izango da. Esnaolaren lana Sigma Project talde espainiarraren enkargu bat izan zen, eta, hain zuzen, saxofoi laukote horrek interpretatuko du obra. Hala azaldu du konpositoreak: «Kolektibitatea unitate bakar baten gisara pentsatu nahi izan dut, laukotea instrumentu bakar bat balitz bezala». Sigma Project taldeak Musika Hamabostaldian eman zuen lehen kontzertua, duela 18 urte, eta aurten zazpigarren aldiz joko du bertan.
Dantzak ere, zeresana
Urtero, sorkuntza egonaldi bat antolatzen dute Tabakalerak eta Musika Hamabostaldiak Tabakalera Dantzan programan. Egonaldi horrek «norberaren lana garatzeko espazioa» eskaintzen die ibilbide luzea duten sortzaileei, baita «lantzen ari diren bilaketa artistiko» horiek partekatzeko aukera ere. Aurten, Ion Munduate dantzari donostiarrak izan du horretarako aukera, eta egonaldiaren harira sorturiko emanaldia, Hafuura izenekoa, abuztuaren 11n aurkeztuko du, Iñar Sastre pianistarekin batera. Munduatek Blanca Calvoren laguntza izan du obra sortzeko garaian, eta hala kontatu du prozesua: «Hafuura hitzak, oromatarren hizkuntzan, arima, isiltasuna edo arnasa hitzetara eramaten gaitu. Funtsezko ideia horietatik abiatuta hasi ginen Blanca eta biok Iñar Sartrerekin lanean».
Abuztuaren 13an izango da hurrengo dantza emanaldia: Paula Quintana dantzari espainiarrak Atlas de Anatomía obra aurkeztuko du, zeinetan flamenkoarekin uztartuko duen dantza garaikidea. Eta azkenik, abuztuaren 14an, Lorena Nogal dantzari eta koreografo katalanak PICASSa emanaldia egingo du. Bertan, Nogalek Pablo Picassoren obraren hiru garai islatzen ditu, eta, horretarako, hiru espazioz osatutako ibilbide bat egingo du. Nogalek Espainiako 2024ko Dantza Sari Nazionala jaso zuen.