Jada 50. urteurrenera gerturatzen ari da Lekeitioko (Bizkaia) Euskal Zine Bilera. Ostegunean eman zioten hasiera 48. aldiari, eta asteartean amaituko dute. Bada, hain zuzen, aurtengo festibala euskal zinema «saretzeko» parada gisa aurkeztu dute antolatzaileek. Nahiz eta oraindik egun batzuk gelditzen diren jaialdia amaitzeko, gaur bertan jakinarazi dituzte film laburren lehiaketako irabazleak, ostegunetik gaur arte izan baitira proiekzioak. Ikusgarri zineman egin dute ekitaldia.
«Sari bat ematea ez da erraza. Are gutxiago euskal film laburrik onenak lehian direnean», hala azaldu dute antolatzaileek. Aurtengoan hogei film labur aukeratu dituzte lehiarako. Itziar Atienza aktoreak, Beñat Sarasola idazleak eta Miren Aperribai zuzendariak osatu dute epaimahaia. Filmik onenaren saria Eneko Muruzabalen Planetagatik lanari eman diote. Epaimahaiko kideen ustez, «film borobil eta jostaria» da Muruzabalena. Krisi ekologikoaren gaia umorez lantzeko gaitasuna goraipatu dute, besteak beste, bai eta Iñigo Aranburu eta Ainhoa Artetxe aktoreek egindako lana ere. Urrezko Antzara eta 3.000 euroko saria jaso ditu.
Aitzol Saratxagak zuzendutako Ehiza film laburrarentzat izan da zuzendaritzarik onenaren saria. Saratxagak «dena lortzeko» izan duen «abilezia» nabarmendu dute epaimahaikideek. Mateo Txistu ipuin herrikoiaren prekuela bat egin du zuzendariak. «Elezahar bat kontatzeko birtuosismoa eta istorioak duen erritmo zaindua» izan dira aipatu dituzten arloetako batzuk. Bestalde, gidoirik onenaren saria Ana Ines Landetak eta Lorea Lyonsek sortutako Azkena proiektuarentzat izan da. Bederatzi minutu eskas irauten duen lan horretan, amatasunaren gaiari heldu nahi izan dio zuzendari bikoteak: ama izateko egon diren moduez, dauden moduez, eta ama ez izateko hautuaz aritu dira. Hain zuzen, gaiaren aukeraketa saritu dute: «Oso era originalean mahaigaineratzen du amatasunaren gaia. Emakumeen identitatean amatasunak utzi ditzakeen aztarnak erakusten ditu, abileziaz eta gordintasunez».
Beste sari batzuk
2001ean edo aurretik jaiotako zuzendariei ematen zaie Benito Ansola saria. Aurten, Ekaitz Bertizi eman diote, Erreka zoko hortan lanagatik. Baztanen (Nafarroa) girotuta dago istorioa. Aita gaixotu ondoren, Joxepik pakete bat eraman beharko du Frantziako mugaraino, kontrabandoan. Misterioz bete du kontakizuna Bertizek. Epaimahaiak garrantzi berezia eman nahi izan dio filmeko argazkiari, baita planoen aukeraketari ere.
Bestalde, memoria historikoa du ardatz Mikel Balerdi eta Deñe Garcia-Bravoren Eraman zutela-k. Martzelo Lasa eta Jesus Bujanda fusilatuak nork eta nola eraman zituen azaltzea izan da egileen helburua. Gaia zer-nolako sentsibilitatez landu duten jabetuta, epaimahaiak aipamen berezia egin nahi izan die, nahiz eta ez duten garaikurrik jaso. Epaimahaikideek uste dute memoria historikoa «modu tekniko, zehatz eta enpiriko batean» landuta dagoela. Gainera, EITB Ikusleen saria ere lortu du lanak, zinemara bertaratu direnen artean gustukoena izan baita. Batez beste, bost puntutik 4,58 lortu ditu.
Horrez gain, urtero euskal zinemagintzako pertsona edo proiektu nabarmenak omentzen dituzte Euskal Zine Bileran. Aurten, Pantailak Euskaraz egitasmoari egin diote aitortza. Antolatzaileen esanetan, ekinaldi horretako kideek orain arte egindako lanari balioa eman nahi izan diote.