Zinema estreinaldiak

Enkargurik beldurgarriena

Sadam Hussein presidentearentzako tarta bat egiteko agindua jaso duen haur baten ibilerak kontatzen ditu ‘Mamlaket Al-Qasab’ filmak. Cannesko zinema jaialdian 'opera prima' onenaren saria eskuratu zuen.

'Mamlaket Al-Qasab' filma Sadam Husseinen agintaldian dago girotua.
'Mamlaket Al-Qasab' filma Sadam Husseinen agintaldian dago girotua.
mikel lizarralde
2026ko otsailaren 4a
04:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

1990eko urteak dira, eta garai latza da Irakeko herritarrentzat, hala Sadam Husseinen erregimenak indarrean jarritako agindu eta debekuengatik, nola nazioarteak eta bereziki AEBek herrialdeari ezarritako zigorrengatik. Bizirik irautea bera da askoren eguneroko egitekoa. Baina Lamia neskatoari beste lan bat ere emango diote: herrialdeko presidentearentzako tarta bat prestatzea. Husseinen urtebetetzea izango baita laster batean.

Hori du abiapuntu Mamlaket Al-Qasab (Presidentearen tarta) lanak, Hasan Hadi zinemagile irakiarraren lehenengo film luzeak. Saeed adiskideak, Bibi amonak eta oilar batek lagunduta, Lamiak Bagdad zeharkatu beharko du helburu soil, beharrezko eta zail bat betetzeko: irin pixka bat, azukrea eta arrautza gutxi batzuk biltzea. Buruan duen tarta egiteko ezinbesteko osagaiak guztiak. Bidaia horretan, Lamiak amonaren istorioak entzungo ditu, eta, era berean, era guztietako jendea ezagutuko du, horietatik gehienak Lamia laguntzeko inolako asmorik izango ez dutenak.

Aktore ez-profesionalekin eta Iraken bertan egin du filma Hadik, benetakotasuna lortzea ezinbesteko oinarria izan baita harentzat. «Istorioek identitatea, sustraiak eta DNA dituzte. Film irakiarra da hau, eta ezin zen Iraketik kanpo kontatu». Hala ere, Irakek zinema industria txikia du, eta zinemagileak aitortu du ez zaiola erraza egin proiektua aurrera eramatea. Horregatik, atzerriko laguntzaileak ere izan ditu filmaketan. «Baina beti saiatu gara atzerriko profesionalek bertakoekin lan egin zezaten. Iraken industria bat sortzea izan da beti gure asmoa».

Beste Irak

Irakek zineman izan duen errepresentazioa aldatzea ere izan da zinemagilearen xedeetako bat. Azkeneko 30 urteetan herrialde horri buruz egin diren film ia guztiak Amerikako Estatu Batuek egin dituzte, eta estatubatuarren ikuspegia gailendu da beti. Horri buelta eman nahi izan dio Hadik, eta herrialdeak historikoki eta kulturalki izan duen aberastasuna nabarmendu. «Nahiko nuke jendeak, Iraken pentsatzean, gogoan izan dezala Irakek munduari eman dion artea. Historiako lehen poema epikoa Gilgamexena da». Alde horretatik, filma «memoria, harrotasun eta ausardia ariketa bat» dela adierazi du. «Zinemak herrialde baten, nazio baten pertzepzioa alda dezake».

Mamlaket Al-Qasab Cannesko zinemaldian aurkeztu zuten, eta Urrezko Kamera eskuratu zuen lanak, hau da, opera prima onenaren saria.

'MAMLAKET AL-QASAB'

Zuzendaria: Hasan Hadi. Gidoia: Hasan Hadi. Aktoreak: Baneen Ahmad Nayyef, Sajad Mohamad Qasem, Waheed Thabet Khreibat, Rahim AlHaj. Herrialdea: Irak. Iraupena: 105 minutu. Estreinaldia: Gaur estreinatuko dute Ipar Euskal Herrian, eta ostiralean Hego Euskal Herrian.

Beste estreinaldi batzuk

'Primate' filma
Primate filma

'PRIMATE'

Zuzendaria: Johannes Roberts. Gidoia: Johannes Roberts eta Ernest Riera. Aktoreak: Johnny Sequoyah, Jessica Alexander. Herrialdea: AEB. Iraupena: 89 minutu. Estreinaldia: ostiralean, Hego Euskal Herrian.

Unibertsitatetik itzulita, Lucy familiarekin elkartuko da, baita bere txinpantze Benekin ere. Tximuak, baina, errabia harrapatuko du igerilekian egingo duten festa batean, eta oso erasokor jarriko da. Lucyk eta haren lagunek tximuarengandik babestu beharko dute igerilekuan bertan. Beldurrezko film ugari zuzenduak ditu Johannes Robertsek: 47 Meters Down, The Strangers: Prey at Night...

'À pied d’œuvre'

Zuzendaria: Valerie Donzelli. Gidoia: Valerie Donzelli eta Gilles Marchand. Aktoreak: Bastien Bouillon, Andre Marcon, Virginie Ledoyen. Herrialdea: Frantzia. Iraupena: 95 minutu. Estreinaldia: Gaur estreinatuko dute, Ipar Euskal Herrian.

Argazkilari arrakastatsu batek albo batera utziko du dena bere benetako bokazioari heltzeko, idazteari alegia. Franck Courtesen nobela autobiografikoan oinarrituta idatzi eta zuzendu du filma Valeria Donzelli zuzendari eta aktoreak —besteak beste, La guerre est declarée eta Notre Dame ditu zuzenduak—, eta Veneziako zinema jaialdian aurkeztu zuen. 

‘Tre ciotole’

Zuzendaria: Isabel Coixet. Gidoia: Enrico Audenino eta Isabel Coixet. Aktoreak: Alba Rohrwacher, Elio Germano, Francesco Carril, Sofia D’Elia. Herrialdea: Italia. Iraupena: 120 minutu. Estreinaldia: ostiralean, Hego Euskal Herrian.

Garrantzi gutxikoa dirudien eztabaida baten ondoren, Marta eta Antonio banandu egingo dira. Martak triste egongo da, baina baita jateko gogoa gabe ere. Osasun arazo bat duela jakitean, dena aldatuko zaio, eta beldurrik gabe bizitzeko erabakia hartu. Michela Murgaren nobela arrakastatsuaren egokitzapena da Isabel Coixeten azken filma.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.