Inoiz aurretiaz bisitatu ez dituen bi hiritan izango da EOS Euskadiko Orkestra Sinfonikoa: Parisen eta Istanbulen. Duela bi urte Austrian eta Alemanian barrena egindako biraren ostean etorri da nazioarteko proiekzioaren segida. Gaur aurkeztu dituzte bi kontzertuok, Donostiako Kursaalean: Oriol Roch Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren zuzendari nagusia, Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzaren Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordea, Robert Treviño Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren zuzendari titularra, Jennifer Johnston mezzosopranoa eta Corby Welch tenorra egon dira. Paris izango da orkestraren lehen geltokia: larunbat honetan joko dute, Champs Elysees antzokian. Istanbulen, berriz, martxoaren 9an izango dira, Cemal Resit Rey kontzertu aretoan.
Gustav Mahler musikagilearen Lurraren kanta obrarekin hasiko dute Parisko jarduna. Egun hauetan interpretatu dute lehen aldiz obra hori, abonu denboraldiaren kontzertuen barnean. Saio horiek eman berritan joango dira Parisera, eta Robert Treviño arduratuko da kontzertua zuzentzeaz. Mahler zalea da zuzendari titularra, eta, prentsaurrekoan adierazi duenez, "berezia" izango da haren obra interpretatzea. Zuzendariak Mahlerren musika hautatu zuen hainbat orkestrarekin debutatzeko, eta horrela egin zuen 2018. urtean Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin Austrian eta Alemanian egon zenean ere. Harekin batera izango dira Jennifer Johnston mezzosopranoa eta Corby Welch tenorra, interprete gisa.
Marlher soilik ez, Maurice Ravel konpositorearen lana ere interpretatuko dute; izan ere, haren bi obrarekin hasiko dute kontzertua: Espainiar rapsodia eta Balsa. Orkestra gonbidatuak izeneko zikloaren barnean igoko dira Champs Elysees antzokiko agertokira, nazioarteko beste hainbat talde sinfonikoekin batera. Antzoki hori leku eszeniko ezaguna da musikagile eta musikazaleentzat: ehun urte baino gehiagoz izan da musikaren, operaren eta dantzaren historiaren figura, eta Parisko Orkestra Nazionalaren egoitza izan da. Larunbatean, lehen aldiz joko du han Euskadiko Orkestra Sinfonikoak, eta, Roch zuzendari nagusiaren hitzetan, "anbizio handiko proiektu ahaltsu" baten parte da, Istanbuleko saioarekin batera.
Proiekziotik harago
Hori izango da bigarren geltokia: Istanbul. Kasu horretan, Anton Bruckner konpositorearen maisulantzat jotzen den bederatzigarren sinfonia interpretatuko dute. Ez da izango Cemal Resit Rey kontzertu aretoan joko duten obra bakarra; izan ere, Max Bruch musikagilearen biolinerako lehen kontzertua ere joko dute, eta lehen zatian Alena Baeva bakarlaria izango dute gonbidatu. Agenda kontuak direla-eta, Treviño ez da kontzertu horretan izango; haren ordez, Hans Graf zuzendari titularra arduratuko da saioa gidatzeaz. Bruckner zalea da azken hori ere, eta behin baino gehiagotan lan egin du Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin, zuzendari gonbidatu gisa.
Treviñoren esanetan, "berezia" izango da Istanbuleko kontzertu hori ere. Tristura azaldu du joan ezin duelako, baina konfiantza osoa jarri du Grafengan: "Zuzendari perfektua da lan hori egiteko". Egonaldiari dagokionez, Istanbulera egingo duten bidaia esploratu gabeko horizonteak ezagutzeko baliatu nahi dutela azaldu du zuzendariak, "mugetatik harago". Treviñoren aburuz, orkestrarentzat aberasgarria da bidaia horiek egitea, nazioartean proiekzio lana egiteaz gain, kultura ugariak ezagutzeko eta elkarri eragiteko parada izan daitekeelako: "Ez nuke nahi saio hauek bidaia gisa bakarrik hartzea, guztiok elkarrekin egingo dugun bidaia baten gisan baizik, geure eskuak eta bihotzak elkartuz".
Joxean Muñoz diputatuak ere Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren asmoak eta ibilbidea goraipatu ditu. "Orkestraren hasierako xedeetan dago nazioartekotasuna; hasieratik pentsatu zen orkestrak herri musikal honen enbaxadorea izan behar zuela munduan, eta Euskal Herriaren irudia zabaldu behar zuela", adierazi du. Nazioartekotze hori pausatuta egon dela azaldu du, eta, urte askotan posible izan ez den arren, berriro ere bide hori egiten hasiak direla. Azpimarratu duenez, nazioartera eginiko bidaia horiek ez dira proiekzio moduan bakarrik ulertu behar: "Ez da kanpora joan eta Euskal Herriaren irudia kanpoan ematea; hori bezain inportantea da mundu mailako elkarrizketa batean, mundu mailako sareetan, mundu mailako musika testuinguruan egotea, sartzea, eta hor bizirik egotea".