Donostiako 59. Zinemaldia

Epaimahaiburua falta da

Frances McDormand, Guillermo Arriaga, Alex de la Iglesia, Bai Ling, Ben Hamer eta Sophie Okonedo izango dira epaimahaianTaldea osatzeko falta den kidea lotu arte ez dute esango epaimahaiburua nor den

Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak eta Joxean Fernandez Euskadiko Filmategiko zuzendariak aurkeztu zuten atzo aurtengo ekitaldia. JAGOBA MATEROLA / ARGAZKI PRESS.
Jon Eskisabel.
Donostia
2011ko irailaren 3a
00:00
Entzun
Martxoan atzera begirako hiru zikloen iragarpenarekin prentsa oharren eta agerraldien iturria zabaldu zutenetik, Donostiako 59. Zinemaldiari buruzko albisteen ontzia betez joan da, tantaz tanta, ia goraino. Hortaz, irailaren 16an hasiko den ekitaldiaren aurkezpen ofiziala laburra izan da, eta Jose Luis Rebordinos jaialdiko zuzendariak eta Joxean Fernandez Euskadiko Filmategiko zuzendariak hamar minutu eskasetan azaldu dituzte azken berriak. Haatik, ezin izan dute eman sail ofizialeko epaimahaiburuaren izena. Izan ere, lotuta zegoen epaimahaikideetako batek huts egin du aste honetan bertan, eta haren ordezkoa lotu arte epaimahaiburuaren izena ez ematea erabaki dute antolatzaileek. Hiruzpalau egun barru jakingo da nor den aukeratua.

Litekeena da dagoeneko baieztatuta dauden zazpi lagunetako bat izatea epaimahaiburua, eta horien artean hiru ageri dira hautagai nagusi gisa, duten oihartzuna dela eta: Frances McDormand aktorea —Coen anaien antzezle kutuna da, haiekin egin ditu bere antzezpen gogoangarrienetako batzuk, Fargo pelikulakoa kasu—, Guillermo Arriaga gidoilari eta zuzendari mexikarra —Alejandro Gonzalez Iñarriturekin lan egin zuen Amores perros, 21 grams eta Babel trilogian, eta The Burning Plan zuzendu du— eta Alex de la Iglesia zuzendari bilbotarra.

Haiekin batera, hauek izango dira beste lau epaimahaikideak: Bent Hamer zuzendari eta gidoilari norvergiarra —gidoia onenaren saria jaso zuen iaz Zinemaldian, Home for Christmas filmarekin—, Bai Ling aktore txinatarra —The Wedding Banquet (Ang Lee), Nixon (Oliver Stone) edota She Hates Me (Spike Lee) filmetan parte hartu du, baita Lost telesailean ere—, Sophie Mantigneaux argazki zuzendari frantziarra —Eric Rohmer eta Jean-Luc Godardekin lan egindakoa, beste askoren artean— eta Sophie Okonedo aktore ingelesa —bigarren mailako aktore onenaren Oscar sarirako izendatu zuten Hotel Rwanda filmarengatik—.

Kutxa-Zuzendari Berriak sariko epaimahaiak badu burua, Jonathan Rosenbaum zinema ikerlari eta kritikaria. Lucia Casinik, Jessica Hausnerrek, Paz Lazarok eta Un-seong Yook lagunduko diote sariduna erabakitzen.

Zinemira sailaren barruan Serbitzu saria lehen aldiz banatuko dute aurten eta Ramon Agirre aktoreak, Maialen Lujanbio bertsolariak eta Joxean Muñoz idazle eta Tabakalerako zuzendari ohiak erabakiko dute nori eman 20.000 euroko saria. Azkenik, Juan Diego Botto aktorea izango da Horizontes sariko epaimahaiburua.

Bestalde, Rodrigo Garcia zuzendariak emango dio Donostia saria Glenn Close aktoreari, irailaren 20an, Kursaalen. Biek elkarrekin lan egin dute Albert Nobbs pelikulan, eta sail ofizialean aurkeztuko dute lehiaketaz kanpo.

Antonio Banderas aktore espainiarra beste behin etorriko da Donostiako Zinemaldira. Puss in Boots animazioko filmaren 20 minutuko trailerra aurkeztuko du Kursaalen, baina emanaldi horretara joan ahal izateko Zinemaldiak banatuko dituen gonbidapenetako bat jaso beharko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.