Kritika. Literatura.

Eraldaketaren testigantza

'Zainetatik zilarra'.
'Zainetatik zilarra'.
Irati Majuelo.
2026ko martxoaren 29a
04:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

'zainetatik zilarra'

Idazlea: Nahia Intxausti.

 Argitaletxea: Pamiela

Lehen poema liburua idatzi du Nahia Intxaustik Champourcin poesia lehiaketako euskarazko saria jaso ostean. Zainetatik zilarra honetan, minbizia bizi izan duen gorputz bat mintzo da, bizipen intimoa kolektibora eramanez.

Hiru atal nagusitan banatu du idazleak poema liburua: Bular sastakatua, Zilar zainak eta Betileak hazi. Minbiziaren prozesu gorabeheratsua azaltzen da horrela, notiziak parez pare irekitzen duen mundu berritik abiatu, kimioa zainetan barna sartzeak eragiten duen beldurretik igaro, eta gaixotasunaren ondorenak uzten dituen zalantza eta eskertzetara. Egitura argia da, prozesua bera lineala ez izanagatik, eta, era horretan, idazlearen asmoa zehaztasunez azaleratzen da: fase desberdinetan eta ikuspuntu ugaritatik heltzea gaiari, tratamendu bat behar duen gaitza izatetik harago, pertsona baten bizitzan eraldatzen duen alderdi oro ikusarazteko. Hala, kontsulta, mediku eta farmakoez gain, leku hartzen dute, poemaz poema, desirak, bikotearekiko harremanak, seme-alaben ikusmira inuzente eta izuak, ezagunen begiradek zein isiltasunak, errealitatearekin talka egiten duten espektatiba eta genero mandatuek, eta abar.

Intxaustik ez du minbiziaren irudi xalorik eman nahi, eta hori da, hain zuzen ere, liburuaren indargune nagusia. Onberatasun derrigortuari izkin eginez, poemetara ekartzen ditu esaldi maiztuak («Lasai, dena ondo joango da, / oso guapa zaude / jarrera baikorra garrantzitsua da / [...] gerlari ausarta zara») eta gizartearen ezintasun orokortua komunikaziorako, samurtasunerako, eskua eman eta zain egoteko, eta, hainbatetan, heriotza itxaroteko. Errua eta lotsa dira liburuan indarrez agertzen diren bi sentimendu. Zorroztasunez azaleratzen ditu, ordea, ni poetikoak, besteen kanpo begiradaren ondorioz sortutako emozioak diren heinean.

Barnerantz begiratuta, bitartean, ahots poetiko horrek ezinegonaren lurraldeak zeharkatzen ditu, norbere gorputzean gertatzen dena ulertu ezina, erreakzio dardartia, denboraren pausa. Gelditasunak gorputzari behatu beharra dakar ezinbestean, beldurrez zein itxaropenez, eta ondorioz, hitza haragira gerturatzea, gorputzak naturarekin duen harremanera, hausnarketa eta ideien mundura baino. Barne eta kanpo begirada tartekatzeak egiten du interesgarri liburua, poema asko lirikoki bereziki landuak ez izan arren, estetikatik harago doan lana baita Intxaustik idatzi duena, gorputz-gogoen eraldaketaren testigantza.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!