Badago haurdunaldian, erditu artean, haren inguruko oharrak hartzen dituenik. Gehienetan, erdituko denak hartzen ditu oharrok, ez beste inork. Eta, ostera, Yoko Ogawa idazle japoniarrak haurdunaldia bestela kontatzea erabaki zuen Ninshin karenda (Haurdunaldi oharrak) liburuan —1991n kaleratu zuen—: haurdun dagoenaz besteko begi batzuek ikusitakoan oinarrituta. Eleberrian, bi ahizpa dira protagonista: ahizpa zaharrena haurdun dago, eta gazteenak haren haurdunaldia kontatzen du ohar bidez. Lehen pertsonan dago idatzita, egileak nobela gehiagotan egin duen modu berean.
«Abenduaren 29a da. Sei aste eta bi egun daramatza ahizpa zaharrenak haurdun, eta hasi dira haren kezkak: 'Ez dut ideiarik zer jantzi', 'Mediku berri bati gauzak ongi azaltzeko gai izango ote naiz?', 'Ai, eta gorputz tenperaturaren grafikoak, zenbat hilekoak behar dituzte?'. Egunetik egunera areagotu egiten zaizkio goragaleak, usainekiko sentiberatasuna, emozioen nahasketak eta obsesioak. Baita gorputza aldatu ere».
Ahizpa txikienak haurdun dagoen ahizpari begiratzen dio, eta ez du ama bat ikusten. Haren senarrari begiratzen dio, eta ez du aita bat ikusten. Sabelari begiratzen dio, eta ez du haur bat ikusten. Bi ahizpak ez dira protagonista bakarrak, koinatua ere istorioaren parte baita. Eta esan daiteke ahizpa txikienak harekiko duen ikuspegia ez dela oso ona; izan ere, begirada hotza eta hutsa sumatzen du harengan. Uste du emazteari ez diola nahikoa babes ematen, eta lagundu ere, ezer gutxi.
Hori eta gehiago kontatzen du ahizpa gazteenak, bederatzi hilabetean zehar, eguneroko baten formatuan. Eta hala irakurri behar da: egunez egun, ordenan. Horrek berekin dakar azalpen askorik ez ematea; izan ere, narratzailea bere buruarentzat ari da idazten. Bere pentsamenduak eta teoriak kontatzen ditu, baina askotan ez ditu ondorioak azaltzen.
Iker Vancourt kritikariaren ustez, liburuaren antolamendua erabat «sinplea» da, eta irakurlea gai da orri gutxitan, eta azalpen gutxitan, istorioa ondo ulertzeko, «haririk galdu gabe». «Bere buruaz oso seguru dagoen idazle bat sumatu daiteke une oro. Zalantzarik gabe, lan hau gainontzekoetatik bereizten duena zera da: tentsioen eta gizakien emozioak limurtzen dituela. Ez da kasualitatea hori gertatzea; izan ere, idazleak berak mundu honetan ama gisa duen zeregina idazle gisa duen zeregina bezain garrantzitsutzat edo garrantzitsuagotzat jotzen du». Vancourten ustez, idazleak nobela honetan islatu du esperientzia pertsonal «gehien».
Ogawaren arrakasta Japonian
Yoshiko Sugiyama idatzi zuen hitzaurrea liburua argitaratu zenean, eta elkarrizketa batean azaldu zuen emakume asko joan zirela Haurdunaldi oharrak-en bila. Zera espero zuten: etorkizuneko ama batek idatzitako eguneroko bat; aurkitu zutenak, baina, ez zuen zerikusirik halakorekin: «Ahizpa gazteenak zaharrena egoera neurotiko batean erakusten digu, haurraren iritsierarekiko alaitasunik senti ezin dezakeena. Kontrara, gazteenak saiakera egiten du haurdunaldia onartzeko, eta ahizparen eskaerei men egiten die une oro».
Liburuak arrakasta izan zuen; izan ere, argitaratu eta urte berean Japoniako sari nagusia, Akutagawa saria, irabazi zuen idazleak. 28 urte zituen orduan, eta zeresan handia eman zuen, ez baitzen ohikoa mota horretako literaturak sari hori lortzea. Hala ere, ez zen izan egileak jasotako lehen saria. 1988an irabazi zuen lehena: Kaien literatur saria, Agehachō ga kowareru toki (Tximeletaren desintegrazioa) liburuarekin. Ordutik, beste hainbeste istorio argitaratu ditu, eta jada 30 liburutik gorako zerrenda osatu du.
Asko dira ezagun egindako haren liburuak, baina badago bat bereziki ezaguna egin zena: 2003an plazaratutako Hakase no Aishita sūshiki (Irakaslearen formularik gustukoena). Hain ezaguna egin zen, non horren inguruko film bat egin zuten 2006. urtean. Dozenaka hizkuntzatara ere itzuli dute, baina euskara ez dago horien artean. Haurdunaldi oharrak da euskaraz irakur daitekeen Ogawaren nobela bakarra. Iker Alvarezek itzuli du, eta Igela argitaletxeak eman argitara. Hark ere ikusi ditu Japoniako literaturaren pintzelkadak dituzten hainbat xehetasun nobelan zehar: «Ohartzen ez garen gauzetan jartzen ditu begiak. Askotan, narratzaileak aipatuko digu ate batetik sartzen dela, eta hura erdi hautsita dagoela, edo ez dabilela ongi. Esango digu ate zaharra dela; erabiltzen dela, baina ez dutela inoiz konpontzen». Horrelako mezuak nonahi topa daitezke liburuan. Eta hain justu ere, detaile horietan dago Japoniako artearen «sakontasuna», itzultzailearen arabera.