Horrela esan zion behin Imanol Urbietak Bixente Martinezi: «Ez pentsa umeentzako musika egiten baduzue bigarren mailako musika izan behar duenik; lehen mailan egin behar duzue, helduentzat egingo bazenute bezala». Martinezek esaldi horixe bera izan zuen buruan Oskorrirekin egindako lan guztietan, baita ondu duen proiektu berrian ere: Erraldoiak. Ene Kantak egitasmoko Oihane Iartza eta Urko Oskozerekin (Gora Musika) eta Korrontzi erromeria taldearekin batera osatu du.
Korrontzi taldeko Agus Barandiaranek kezka nagusi bat zuen proiektua proposatu ziotenean: «Nola egin umeentzako kantak, ni ez banaiz aita?». «Polita» eta «berezia» izan dela esan du, baina, aldi berean, baita erantzukizun handiko lana ere: «Ni Korrontzirekin ohituta nago musika egitera, baina beste publiko batentzat. Erronka zen umeentzako doinuak egitea». Duela urtebete ezagutu zuten elkar Barandiaranek eta Gora Musika taldeko kideek, eta hortik atera zen ideia, lehendik zeuden kantu batzuk moldatzekoa. Enkargua jaso, eta kezka hori buruan bueltaka zuela jo zuen Martinezengana: «Berak badu eskarmentua umeentzako kantak egiten, eta horregatik jo nuen harengana, laguntza eske».
Urbietaren bideari jarraituta, Martinezek argi du haurrentzako musikak «lehen mailan» egin behar duela: «Ez dugu pentsatu behar umeak tuntunak direnik; beraz, ezin dugu ontzat jo bigarren mailako musika egin behar denik. Ondo egin behar da». Gaineratu du umeak «filtrorik gabeko» publiko bat direla, eta gauzak argi eta garbi esango dituztela une oro: «Ez bazaie gustatzen, esan egingo dute; ez dute disimulatzen».
«Nola egin umeentzako kantak, ni ez banaiz aita? Ni Korrontzirekin ohituta nago musika egitera, baina beste publiko batentzat. Erronka zen umeentzako doinuak egitea»
AGUS BARANDIARAN Korrontzi taldeko musikaria
Hamabi kantu bildu dituzte; horietako lau berriak dira, Martinezek konposatuak: «Herri doinu batzuetatik jo dut, eta beste batzuetan nire ukituak eman dizkiet abestiei». Gainerako zortziak, berriz, moldatuak dira, Gora Musika-koek lehendik argitaratuak zituztenak. Martinezek horiek moldatu eta egokitu egin ditu, Korrontzirekin batera jotzeko.
Kantu bakoitzarentzat ipuin bana idatzi dute Urko Oskozek eta Ana Jakak, eta ipuin horietako bakoitzak erraldoi bat du protagonista: Joalduna, Zamaltzain, Ezpatatxiki, Boba, Otsagabiko Boboa, Otsagabiko Dantzaria, Erronkariar Gizona eta Erronkariar Anderea. Ilustrazioak, berriz, Lotura Filmsek egin ditu.
Elkar estudioan grabatu dituzte abestiak, eta Andres Kamio Jitu Elkarreko musika arduradunak azaldu du bertakoek «gogotsu» hartu dutela proiektua: «Aspaldian ez diegu etxeko txikiei ezer ere eskaini; aukera paregabea izan da hau».
«Ez dugu pentsatu behar umeak tuntunak direnik; beraz, ezin dugu ontzat jo haientzat bigarren mailako musika egin behar denik»
BIXENTE MARTINEZ Musikaria
Gora Musika taldeko kide Iartzak eta Oskozek azaldu dutenez, lehendik zituzten abesti batzuk «berritzeko» edo «hobetzeko» asmoz egin dute disko-liburua. «Bixentek eta Agusek jarritako kalitatea nabari da kantuetan», nabarmendu du Oskozek. Oso pozik daude Elkarren laguntzarekin batera proiektua aurrera atera delako, eta, haien ustez, hemendik aurrera haurrek etxean irakurtzea izango litzateke politena, «gurasoekin ahal bada».
Zuzeneko ekitaldiak
Haurrek etxean irakurritakoa zuzenean bizitzeko aukera izango dute emanaldietan. Disko-liburua osatu duten kideak egongo dira oholtzan: Korrontzi taldea, Gora Musika eta Bixente Martinez. Baina ez dira agertoki gaineko protagonista bakarrak izango: Oinkari taldeko dantzariek ere parte hartuko dute. Emanaldia girotzeko jende gutxi ez, eta erraldoiak eta Flash maskota ere izango dira ikuskizun horietan guztietan.
Abenduan ekin zieten zuzeneko emanaldiei: Iruñean eta Gasteizen egin zituzten lehen geldialdiak. Urtarrilaren 10ean izango da hurrengoa, Donostiako Kursaal jauregian, eta urtarrilaren 11n Bilboko Arriaga antzokian egongo dira. Zerrenda luzea da, eta, maiatzera bitarte, etxeko txikienek ikuskizuna hainbat herri eta hiritan ikusteko aukera izango dute.