Zenbateraino baliatu dezake sortzaile batek errealitate sozial bat bere lan artistikoaren mesederako? Zilegi al da halakorik egitea? Patxo Telleria Tartean konpainiako antzerkigileak dilema moral hori izan du abiapuntu Kandida antzezlanean. Onartu duenez, berak ere sentitu izan du inoiz galdera horren zimikoa, baina oraingoan bi pertsonaia nagusiren bidez taularatu du korapiloa. Medikuntza utzi, eta idazle ibilbidea hasi nahi du Klara izeneko pertsonaiak, baina ezezkoak eta ezezkoak besterik ez du jasotzen, eta, hondoa jota, egun batez, drogatuta gidatzen harrapatuko du Poliziak. Epaileak, orduan, aginduko dio etxegabetuak laguntzen dituen elkarte batean lan egiteko sei hilabetez. Han ezagutuko du Manuela izeneko emakumea, eta hura hartuko du autofikziozko bere lehen eleberri arrakastatsua sortzeko oinarritzat. Emakume hura berriz topatu, eta etxean hartzen duela kontatuko du idazleak nobelan, baina Manuelak bere bizitzan oinarritutako liburuari buruzko albistea entzungo du irratian, eta han azalduko zaio Klarari ate joka, fikzioan egin bezala, errealitatean ere etxean har dezala eskatzen. Eta hor hasten da antzezlana. Fikziozko eskuzabaltasunak errealitatearen azterketa pasatu beharko duenean.
Tartean Teatroak ekoitzi du pieza, Telleriak idatzi eta zuzendu, eta hiru aktoreko lantaldearekin dabil lanean egunotan. Miren Gaztañagak jokatzen du errealitatean Manuela eta nobelan Kandida deitzen den emakume etxegabetuaren rola; Nerea Mazok egiten du Klara izeneko idazlearena, eta Mikel Martinez da kontakizunaren katalizatzaile lanak egiten dituen editorea. Bilboko Otxarkoaga auzoko Harrobian dabiltza entseatzen egunotan, eta otsailaren 3 eta 4an estreinatuko dute antzezlana, Bilboko Arriaga antzokian.
«Klara izeneko pertsonaiak onartu egin beharko du orokorrean denoi bost axola zaigula dena, guri gertatzen ez zaigun bitartean»
PATXO TELLERIA Antzerkigilea
«Klarak bere fikzioan imajinatzen zuen emakume hori oso inportantea zela beretzat», esplikatu du Telleriak, «baina egoera benetako bilakatzen denean, onartu beharko du bost axola izan zaiola emakume hori ordura arte, eta orokorrean bost axola zaigula denoi dena, guri gertatzen ez zaigun bitartean». Ondorio mikatz hori du antzezlanak, antzerkigileak dioenez; are, adierazi du idazteko orduan «oso serio» jarri dela oraingoan, umore tanta gutxi batzuk badauden arren.
«Oso antzezlan dualista da», zehaztu du Telleriak. Dualista, batetik, antzezlanak bi emakume dituelako protagonista. Eta, dualista, bestetik, antzezlanak bi plano nagusi dituelako. Nobelako fikzioarena bata, eta bi pertsonaien arteko topaketa errealarena bestea. Antzezlanean tartekatuz joango dira bi plano horiek, eta, Telleriak onartu duenez, piezan kontatzen diren bi geruza horiek argi bereiztea izan da erronketako bat.
Besteak beste, musika baliatu dute bereizketa hori nabarmentzeko; Telleriak azaldu duenez, plano errealeko eszenek ez dute musikarik izango, eta, aldiz, musika entzungo da plano literarioko eszenetan. Eta horrez gainera, etxegabetutako pertsonaiak darabilen euskarak ere lagunduko du bi plano horiek bereizten.
Bi euskara
Gaztañagaren pertsonaiak gaztelerazko esamoldez blaitutako bizkaieraz hitz egingo du plano errealean, eta maila jasoagoko erregistroan arituko da nobelatutako pasarteetan. Hain justu ere, bi planoen arteko talka hori nabarmentzen duen eszena bat taularatu du konpainiak hedabideentzat, Bilboko Otxarkoaga auzoko Harrobia gunean.
Manuela, mozkor, erdi burlaka eta erdi amorratuta, irainka ari zaio Klarari, kontu eske. Ea zergatik hartu duen etxean. Traba besterik ez duela egiten hor, eta ea zergatik hartu duen etxean benetan. Idazlea iheska ari zaio galderari, baina, bat-batean, erre usaina aditu, eta sukaldera joan da. Manuela konturatzen da sua piztuta utzi duela nahi gabe, eta kolpean abailtzen da orduan, barkamen eske, negarrez. «Sentitzen dot, sentitzen dot, te lo juro, sentitzen dot». Eta justu orduan konturatzen da nobelarako ere bizi berri dutenaren antzeko eszena bat asmatu zuela Klarak. «Nobelan bezala gertatu da!», esaten du Manuelak. Baina Klarak irmo ezetz . «Ez, ez da nobelan bezala gertatu, ze nobelan esango zenuke: ‘A ze nahigabea, ene ama maitea, a ze nahigabea!».
«Oso ederra da nola uztartzen den komedia egoera oso dramatiko horrekin. Oreka hori lortzea da erronka»
MIREN GAZTAÑAGA Aktorea
Miren Gaztañaga aktorearen hitzetan, «kontraste asko» dauzka haren pertsonaiak, eta pozik dago horrek eskaintzen dizkion aukerekin. Manuelaren eta Kandidaren rolak jokatzen ditu, eta, dioenez, oso aberatsa iruditzen zaio pertsonaia bera bi ikuspegitatik taularatu ahal izatea. «Manuelak etxea galdu berri du, eta oso egoera gogorra bizi du», azaldu du aktoreak. Aldi zaurgarri horretan helduko zaio aspaldi ezagututako neska horrek idatzitako liburuari buruzko albistea, eta horregatik azalduko zaio etxean. «Bizikidetza horrek errealitate oso gordin bat erakutsiko digu».
Hala ere, gehitu du Manuelaren pertsonaiaren ikuspuntuak umorerako tartea ere ematen duela. «Eta oso ederra da nola uztartzen den komedia egoera oso dramatiko horrekin. Oreka hori lortzea da erronka».
«Klara errealitatearekin jolasten da fikzioa egiteko, baina, bat-batean fikzioa errealitate bihurtu, eta hipokrita sentituko da»
NEREA MAZO Aktorea
Klararen garapena nabarmendu du Nerea Mazo aktoreak. «Errealitatearekin jolasten da fikzioa egiteko, baina, bat-batean fikzioa errealitate bihurtu, eta hipokrita sentituko da. Zalantza egiten du ea benetan altruista izan den, edo bere onurarako idatzi duen istorio hori, eta amaieran onartu egin beharko du Manuelari gertatutakoa ez zitzaiola asko inporta».
Bi pertsonaia nagusi horien alboan, idazlearen editorearen rola jokatzen du Mikel Martinez aktoreak. Haren hitzetan, nobela plazaratzeko estrategia komertzial bat sortzen du editoreak, eta horrek gatazka bat pizten dio idazlearekin. «Pelikulako gaiztoa izan naiteke», onartu du Martinezek, «baina ez dugu pertsonaia manikeorik sortu nahi izan».
Orri zuri bat
Eszenografia zuria da ia guztiz. Liburu bat bezala zabaltzen den egitura zuri batek gobernatzen du eszena, haren aurrean mahai zuri bat, bi aulki zuri, atzealdean oihal zuri bat, eta lurrean linoleum zuria. Ikerne Gimenezek eta Igone Tesok izan dute eszenografia eta jantziak diseinatzeko ardura, eta orrialde zuri bat gogora ekartzea izan dute buruan. Gainera, tarteka, bideo proiekzioak emateko ere baliatuko dute liburu itxurako egitura.
Buffalo Produkzioak etxeko Jone Novok egin ditu ikus-entzunezkoak, eta Adrian Garcia de los Ojos musikariak sortu du musika.
Telleriak azaldu duenez, oraingoz euskaraz bakarrik oholtzaratuko dute obra, baina hurrengo denboraldirako gaztelerazko bertsioa ere prestatzeko asmoa dute. Hala jokatu zuten aurreko lanarekin ere, Kortxoaren dilema antzezlanarekin, eta formula horri eustea erabaki dute oraingoan.