Donostiako 60. Zinemaldia

Errealitatea sinetsaraziz

Ben Afflecken 'Argo' filmak 1979an Irandik erreskatatutako sei estatubatuarren gertaera benetakoa kontatu du

Igor Susaeta.
Donostia
2012ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Eskerrak Ben Affleck prentsaurrekoan jolasti antzean agertu zela. «Gehiago gerturatu nahi al duzue?», esan zion aurrean zuen argazkilari saldoari. Argo filmean ez baitu irribarrerik egiten. Saiatu ere ez. «Tira, nork egingo dit lehen galdera?». Bere azken lana aurkeztera etorri da Zinemaldira. Sail Ofizialaren barruan eman zuten atzo Kursaalean, baina ez da lehiatuko. Benetako gertaera bat da Argo, eta 1979an Irandik in extremis erreskatatutako sei estatubatuarren istorioa kontatzen du. Zuzendariaren ustez, kontakizuna «inoiz» ezingo zatekeen sinesgarria izan benetako gertaeretan oinarrituta ez balego.

Beraz, errealitatea sinetsarazten ahalegindu da estatubatuarra, berak zuzendutako hirugarren filmean. Protagonistaren rola jokatu du, Tony Mendez CIAko agentearena. Ez zuen, ez, zeregin samurra eduki 1979an. Xah-ek AEBetara ihes egin ondoren, estatubatuarren kontrako giroa piztu zen Iranen. AEBen enbaxada inbaditu zuten irandarrek, baina sei estatubatuarrek ozta-ozta ihes egin ahal izan zuten, eta Kanadako enbaxadorearen etxean babes hartu. Sekretupean haiek erreskatatu beharko zituen Mendezek.

Iruditzen zaio Afflecki diplomazialarien lana «sakrifizio handikoa» dela. «Haien bizitza arriskuan jartzen dute. Orain gutxi horren adibide bat ikusi dugu», esan zuen, AEBen Libiako enbaxadorearen hilketa gogoratuz. Pelikularekin Kanadako enbaxadore hura eta Christopher Stevens bera «omendu» nahi izan ditu. Hori batetik. Bestetik, Argo egiteko 70eko hamarkadako zinema «kopiatu» duela aitortu zuen. Film haiek ere omendu ditu. «All the President's Men (1976), Costa-Gravrasen Missing (1982)...». Onartu zuen haietatik «lotsagabe» lapurtu duela. «Hortaz, film txarra dela esaten badidate, 70ekoetatik kopiatu dudala esango dut», gehitu zuen, txantxetan.

«Hiru tonu» erabilita

Drama, thriller-a eta komedia, «hiru tonuak» nahastu ditu kontakizuna egiteko. Eta ukitu «satirikoa edo umoretsua» Alan Arkin eta John Goodmanek interpretatutako pertsonaiek eman diote, bi ekoizlek, haien artean «kimika berezia» sortuz. Afflecken ondoan eseri zen Arkin prentsaurrekoan. Ez zegoen oso hiztun. «Beti lan egin nahi izan dut Goodmanekin. Filmaketan elkar ezagutu genuen, eta, badakizue, batzuetan gertatzen da erraz konektatzen duzula norbaitekin. Musika bera gustatzen zaigu, lanarekiko ikuspegi bera dugu...». Afflecken iritziz, oso aktore onak dira, «eta, hortaz, itxura ezin errealagoa eman diete haien interpretazioei».

Kazetari bati, baina, «amerikarkeria» bat iruditu zitzaion filma. Affleckek txukun erantzun zion: «Tira, ni AEBetako naiz; beraz, normala izango da. Baina AEBetako zaleak ez dira film honekin etxekotuta sentitu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.