Literatura

Errealitatea zientzia fikzioaren bitartez islatu du Arrate Egañak bere lan berrian

Ipuin liburu bat kaleratu du Egañak, Erein argitaletxearekin: 'Espekulazioak'. Istorioak idazteko orduan, imajinazioa «egoerak muturrera eramateko» erabili du idazleak.

Arrate Egaña idazlea, gaur Donostian. JON URBE / FOKU
Arrate Egaña idazlea, gaur, Donostian. JON URBE / FOKU
Amaia Jimenez Larrea.
Donostia
2025eko azaroaren 26a
15:47
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bereziki maitea du zientzia fikzioa Arrate Egaña idazleak, batez ere filmetan: «Errealitateari beste ikuspuntu batetik begiratzeko modu interesgarria da», azaldu du. Dozenaka liburu ditu kaleratuak —hala haurrentzat nola helduentzat, izan eleberriak edo izan antzerkiak—, baina ipuingintza omen da gaur-gaurkoz duen bizimoduarekin gehien bat egiten duen generoa. Zehazki bi arlo horiek, hau da, zientzia fikzioa eta ipuinak elkartu ditu idazleak bere azken lanean. Espekulazioak kaleratu berri du Erein argitaletxearekin, zazpi ipuin bilduta.

Uxue Razkin Ereineko editoreak aipatu du liburuaren lehen bertsioa jasotzean ez zekiela oso ongi non kokatu, genero askotako testuak jaso baitzituen. Ipuinetako batzuk aukeratu ostean, topatu zuen lanaren funtsa: literatura espekulatiboa. Errealitate ez-errealistak lantzen dira genero horretan: esate baterako, zientzia fikzioa, errealismo magikoa eta fantasia. «Liburuak badu zientzia fikziotik; fikzio bitxi edo arrarotik, utopiatik, distopiatik», esan du. Bestalde, Egañak azaldu du ez duela zientzia fikzioa propio hautatu, baina uste du tresna gisa baliagarri izan zaiola: «Eguneroko arazo asko, onartutzat ematen ditugunak, azaltzeko aukera ematen du». 

«Liburuak badu zientzia fikziotik; fikzio bitxi edo arrarotik, utopiatik, distopiatik»

UXUE RAZKIN Editorea

Elkarren artean independenteak dira zazpi kontakizunak, baina den-denek «pentsarazteko» galderak planteatzen dituzte, idazlearen esanetan: «Zer gertatuko litzateke baldin eta...?». Emakumeek mendeku hartzea eta ustekabeko aurkikuntza arkeologiko bat egitea jarri ditu adibide gisa. Hain zuzen, baldintza horiek azaltzen saiatuko dira ipuinak, eta irakurleek lan egin beharko dute hizpidera ekarritako galderei erantzuna bilatzeko.

Desberdinak, ez arrotzak

Ipuinetako batek euskal gatazka du ardatz. Egañak plazaratu nahi izan du gai hori nola ikus daitekeen gaur egun; bide batez, gogorarazi du bere lanetan «beti» egon dela presente. Deshumanizazioaren inguruan ere hitz egiten du beste kontakizunetako batek. Bereziki kartzelan egon direnengan jarri nahi izan du arreta, eta intsektu gisa irudikatu ditu protagonistak. Estralurtarrak, entzumen berezia duen pertsona bat... askotarikoak dira Espekulazioak-eko pertsonaiak. Hala ere, nahiz eta elkarren artean desberdinak diren, irakurleari ez zaizkio arrotzak suertatuko, Razkinen arabera.

Horren harira, idazleak azaldu du kontakizunak zientzia fikziozkoak izanda ere, oinarria ez dela fikzioa izan: «Abiapuntua errealitatea izan da. Ispilu bat jarri diot aurrez aurre, gure errealitateari beste modu batera begiratzeko». Imajinazio handia behar izan du idazteko orduan, baina ez du egunerokotik aldentzeko erabili. Egaña: «Egoerak muturrera eramateko erabili dut imajinazioa, errealitatea fantasia bezain arrotza izan daiteke eta».

«Idaztean gozatu egiten dut; horregatik, niretzat helburu garrantzitsua da irakurleek gustura irakurtzea»

ARRATE EGAÑA Idazlea

Ereineko editoreak garrantzi berezia eman nahi izan dio ipuinen ordenari. Hasieran, makina bat ipuin entregatu zituen Egañak, eta editoreak nolabaiteko aukeraketa prozesu bat egin zuen; «ez batzuk onak ez zirelako, baizik eta helburua sentsazio bat bilatzea zelako». Sentsazio horren bila, kontakizunak modu jakin batean ordenatu dituzte. Halaber, adierazi du denek dutela garrantzi berezia, bai liburuan zentralagoak diren ipuinek, bai nolabaiteko zubi lana egiten dutenek, irakurlearentzako bidaia bat osatzen baitute. Idazlea pozik da aukeraketarekin.

Egañak beste lan bat gehitu dio bere argitalpenen zerrendari. Asko izanda ere, denek dute helburu bera, baita Espekulazioak-ek ere: irakurleak gozatzea. «Idaztean gozatu egiten dut; horregatik, niretzat helburu garrantzitsua da irakurleek gustura irakurtzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.