Kritika. Literatura

Erreportaje ilustratua

'Gazako oin-oharrak'
'Gazako oin-oharrak'
2026ko martxoaren 22a
04:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

'GAZAKO OIN-OHARRAK'

Erreportaje ilustratua komikia bainoago. Horixe da, nire iritziz, irakurleak Joe Saccoren Gazako oin-oharrak izeneko nobela grafikoan aurkituko duena. Komiki bezala etiketatu den arren, fikzioan baino gertaera errealetan, testigantzetan eta bere begiez ikusitakoetan oinarritzen da autorea. Hala, 1956aren bueltan Gazako Zerrendan gertatutakoak berreraikitzen ditu, eta historia liburuek ahaztutako petit récit guztiei bere lekua ematen die ahanzturan jaus ez daitezen, errelato kulturalean oin-ohar soil izan ez daitezen. Istorio txiki bakoitzaren peskizan, komikigilea biktimen etxeetara sartzen da, euren eguneroko sufrimendura, eta irakurlea ere, ezinbestean, berarekin darama bidaia horretan zehar. Errelato pribatu horien bitartez lortzen du, hain zuzen ere, historia liburu ondoen dokumentatutakoek ere erdiesten ez dutena, alegia, gerraren alderdi humanoa, azalean iltzatutako zauriak papereratzea, eta ondorioz, irakurlea, ez hitzez, ezpada detailerik falta ez duten irudiz interpelatzea. Hala, jada euskaratuta dauden Palestina eta Gerra Gazan lanekin batera, triptiko bat osatuko balute legez, autoreak palestinarren sufrimendu amaigabea ilustratzen digu, eta garrantzitsuagoa dena, izenez eta izanez, bakoitzaren zauri eta minei aitortza bat egiten die. Alderdi horrek balio erantsia ematen dio Saccoren kazetaritza-lan bisualari eta mardulari.

Izan ere, komiki gisa etiketatu izan dira aipaturiko hiru lanok, nahiz eta fikzioan baino, gorago azpimarratu bezala, datu erreal eta enpirikoetan oinarritu. Egia da Gazako oin-oharrak komikian, hainbatetan, Saccok biktimek kontatutakoen objektibotasuna zalantzan jartzen duela, eta horren inguruan hausnartzera gonbidatzen duela irakurlea: gertaera odoltsuenak eta krudelenak lehen pertsonan kontatuta agertzen dira, eta izuak memoria nola lauso dezakeen erakusten zaigu. Alde horretatik, badauka obrak fikziotik ere; areago, logika horrek Historiaren benetakotasun oro kolokan jar lezake, badago hori aldarrikatu duenik ere. Kasu honetan, ordea, iruditu zait autorea bertsiorik eta fidagarriena biltzen eta ematen saiatu dela, eta, ondorioz, intentzioz behintzat, fikzioaren eremuan baino, kazetaritzaren eremuan kokatzen dela obra. Alderdi horrek eragin dit kontraesan handiena: komiki gisa aurkeztuta, fikzioa (ere) aurkitzea espero nuen; ordea, aurkitu dudana ez da izan fikziozko proposamen bat bere horretan. Ez nau guztiz harritu deskubrimenduak; aitortu behar dut eszeptizismoz hurbildu naizela Saccori irakurri diodan hirugarren obra honetara, aurrekoekin izandako esperientziak eta sentsazioek gidatuta-edo. Ezin ukatu autoreak, beste behin, bildutako informazioa, ez bakarrik gertaerak, baita sentimenduak eta minak ere, paperean jartzeko eta grafikoki materializatzeko gaitasun eta talentu harrigarria erakutsi duela. Ezin da esan, ezta ere, estetikoa ez denik, bere gordinean, ederra baita orriz orri idazleak sortu duena. Baina, ez dakit genero literario horren aterkipean sailkatzeak mesederik egiten dion obrak irakurlearekin eraikitzen duen paktuari. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!