1976 aipatu, eta ikusten dut neure burua gure etxeko sukaldean, eta Herri Irratia jarrita. Bost urte inguru izango nituen, eta oroitzen dut Mariano Ferrer ari zela hizketan eta jarri zuela Errobiren lehen diskoa: Errobi (1975). Oso gogoan daukat nola entzun nuen Gure zortea kantua, geroztik ere hainbeste eta hainbeste aldiz entzuna. Erabateko kariñoa disko osoari, buruz dakit goitik behera, baina kantu horri, gainera, atxikimendu berezia diot. Eta nola diren gauzak: bizitzak zortea eman dit, Michel Ducauren lagun handia izatekoa eta Jean Phocasekin diskoak grabatzekoa. Nork esango zion 5 urteko ume horri mundu horretan bukatuko zuenik.
Errobiren lehen diskoa argitaratu zen urtean zendu zen Franco, azaroan. Diktadorearen heriotzak ez zuen frankismo beteko zentsura desagerrarazi, baina apaltzen hasi zen, eta horrek kantu esplizituagoak egiteko aukera zabaldu zuen. Badirudi norbaitek inguruan gitarra bat baldin bazuen, nahiz eta bi soka falta eta kantatzen jakin ez, halere aterako zela plazara askatasunari eta Euskal Herriari kantatzera. Bazegoelako halako gose bat, ordura arte esan ezin zen hori esateko eta entzuteko. Pako Aristik bolada hari Txanpiñoien Aroa deitu zion bere Euskal kantagintza berria liburuan, kantariak eta taldeak txanpiñoien gisan ateratzen omen zirelako bazter guztietan. Horrek ez ote zuen kalitatea apaldu, baina garaiak hori behar zuen eta halaxe gertatu zen.
Aristik bi joera aipatzen ditu bere liburu horretan: batetik, momentu politikoari erantzuna emanez kantagintza soziopolitiko berri hori osatu zutenak zeuden, eta, bestetik, kantu atenporalagoak egin nahi izan zituztenak. Azken horiek kasik traidoretzat jo zituzten zenbait ingurutan; izan ere, Euskal Herriaren etorkizuna jokoan zegoen eta ez zen «txorakeriak edo axalkeriak» kantatzen aritzeko momentua. Kurioski, bigarren joerako horiek nabarmendu dira gerora, eta une hartan garrantzitsua zirudiena kantatzen zuten horiek, berriz, atzean gelditu.
Berbena taldeak ere aipatu behar dira, orduan loratu baitziren Egan eta Akelarre, besteak beste; euskal kantagintzari egin zioten ekarpena ukaezina da.
Garaitsu horretan badago garrantzi handiko beste zerbait ere: lehendabiziko argitaletxeak eta estudio profesionalak izan genituen geure artean. Ordura arte, disko bat grabatu nahi zuenak Madrilera, Parisera edota Bartzelonara joan behar izaten zuen estudio baten bila. Azpiegitura berri hauek euskarazko lanei arnasa ematea ahalbidetu zuten.
Herri Irratia aipatu dut lehen paragrafoan, eta berriz ere helduko diot, 1976an 24 orduak euskaraz festibala antolatu baitzuten Herri Irratiek, bereziki Donostiakoak eta Loiolakoak. Egun osoko irratsaioak euskaraz egiteaz gainera, kontzertu erraldoi bat ere antolatu zuten Donostiako Belodromoan, eta hura, besteak beste, euskal kantagintza sozial eta politikoari tonua hartzeko erakustaldi polita izan zen.
Azken aipamena Errobi taldeko partaideei buruz egin nahi nuke, apartak baitira denak. Jean Phocas Euskal Herriak izan duen soinu ingeniari garrantzitsuena izan da. Su ta Gar taldetik hasi eta azken kantautoreraino, harekin grabatu ditugu lanak. Sekulako erreferentzia izan da Phocas, eta Anje Duhalde zer esanik ez. Mixel Ducau, berriz, musikari bikainenetako bat izan da euskal kantagintzaren munduan. Eta Daniel Landart ere bada, duda izpirik gabe, lerrootara ekartzekoa. Harenak dira Errobi taldearen abesti gehienak. Lehen diskoaren kasuan, denak dira harenak, bederatziak. Andere haundi abestia heriotzaren inguruan irudikatzen dut; Zuretzat maitasun kantu bat da; eta gainontzeko zazpiak euskal gatazkaren ingurukoak dira: Kanpo, Gure zortea, Perttoli, Nora goaz? Euzkadi, Aitarik ez dut eta Hi.

ERROBI
'Errobi'. Mixel Ducau, Anje Duhalde eta Jean Phocas. Diskoetxea: Elkar. Urtea: 1975.