Aukeratu nahi dituzun buletinak. Beti aurkituko duzu zerbait interesgarria irakurtzeko eta informatuta egoteko.
Jarraitu:
Kultura
Musika
Iraultzaz, ahobizarrik gabe
Duela 50 urte aldarri soziopolitikoak bolo-bolo zebiltzan euskal abestietan. Franco hil zenean, esplizituagoak bilakatu ziren hitzak. Besteak beste, utopia sozialistaz eta Euskal Herriaren nazio aitortzaz mintzo ziren, amorruz eta esperantzaz.
Kronologia historiko eta politiko orokorrean aparteko zedarririk jarri ez badu ere, 1976a ez da edozein urte, ez behintzat Euskal Herrian. Aurreko eta hurrengo urteetako bi gertaera seinalagarrik markatu zuten urte horren norabidea: batetik, Francisco Franco diktadorearen heriotzak, 1975eko hondarrean; eta, bestetik, diktaduraren osteko lehen hauteskundeek, 1977ko ekainean. Koiuntura politiko horrek arlo guztietan izan zuen eragina, baina bereziki musikan: kantariek doinu bilakatu zuten protesta, eta doinuek, protesta politikoa egiteko bidea zabaldu.
Franco gabeko lehen urtean, gizartearen askatasun grina zirrikitu guztietatik azaleratu zen: zapalketa salatu beharra zegoen, identitatea berreskuratu, bizinahia aldarrikatu, galdutako denbora berreskuratu, utopiei jarraitu, herria libertateetan oinarrituz eraiki. Egarri aseezin hura bezala, aldarri horiek isilarazteko errepresio ekintzak ere izan ziren albiste, nonahi eta noiznahi gainera, bahiketak, mehatxuak, jazarpena, atxiloketak, torturak, debekuak eta tiroketak egunerokoaren parte bilakatzeraino. Egoera latza izanik ere, zerk-eta itxaropenak blaitzen zuen aldi hura. Etorkizun hobea erdiesteko irrikak, alegia.
Munduan barrena ere harro jotzen zuen egonezinak: kapitalismoak menpean hartutako inperioetan, kapitalismo basatiaren aurka oldartzen zen jendea, eta herrialde komunistetan, berriz, komunismo dohakabearen aurka. 1968ko errebolten uhina hedatzen ari zen oraindik ere, eta ez zen instituziorik orduko gazteek susmopean hartuko ez zutenik. Garaitsukoa da estaturik gabeko herri askoren berpiztea ere, besteak beste Quebec, Flandria, Eskozia, Katalunia eta Bretainiarena.
Politikak, hortaz, arlo guztietan hartu zuten gaina. Are, kultur espresiobide gehientsuenen akuilu eta arrazoi bilakatu zen. Musikari erreparatuz, esan daiteke mugimendu berria politikarekin sinbiosian gorpuztu zela: kantaldiak mitin politikoetako amu ziren, eta mitin politikoak, kantarien hauspo.
Josean Larrañaga Urko-k (Donostia, 1948), orduko hit parade-an goi-goian ageri den kantaria bera, normaltzat jotzen du musikariak engaiatzea, batik bat garai hartan: «Eszenatokian politika egiten genuen guk, eta obligazio bat zen kasik. Kantariok pertsonak gara, ez izarrak. Herri osoa borrokan ari zen, eta gu aldamenean». Disimulurik gabe aitortzen du bere lotura politikoa: «Euskadiko Ezkerraren inguruan aritu nintzen beti: mitin askotan jo nuen. Euskadiko Ezkerra alderdi sozialistara joan zenean, ordea, umezurtz gelditu nintzen. Baina beti garbi eduki dut nire bandoa zein den».
«Eszenatokian politika egiten genuen guk, eta obligazio bat zen kasik. Kantariok pertsonak gara, ez izarrak. Herri osoa borrokan ari zen, eta gu aldamenean»
URKOKantaria
Kantarien joera ideologikoa bezain agerikoak eta esplizituak ziren orduko diskoak ere, azaletik beretik hasita. Zaurietatik dario disko ikonikoa, 1975eko abenduaren hondarrean argitaratu bazen ere, 1976ko lehen hilabetean aurkeztu zuten Gontzal Mendibilek eta Xeberrik. Lan haren azalean, txarrantxari helduta dagoen ukabil ezker batek osatzen du irudi zuri-beltza, odol gorria dariola ahurretik beso biluzian behera. Diskoak batzen dituen abestiek ere aukerarik gutxi uzten zuten zalantza egiteko. Halaxe dio, esaterako, Kapitalismoa abestiak: «Kapitalismoak dakarren katai ta zapalketa izan dadila guretzat indar askatzailea. Egin dezagun biharko Euskadi Sozialista bat». Imanol Lartzabal kantaria ere (Donostia, 1947 - Oriola, Herrialde Katalanak, 2004) ez zen disimulutan ibili Herriak ez du barkatuko diskoa ondu zuelarik. Besteak beste, Poliziak tiroka hildako lehen ETAkidearen heriotza hartu zuen hizpide, Txabi Etxebarrietarena hain zuzen, eta, bide batez, jendearen pasibotasuna kritikatu: «Lehengo batean, kalearen erdian, Benta-Aundi erdian, Xabier anaia hil zuten. Eta nola gu gure eguneroko patxada merkean oso lasai bizi geran, gure herria zapaltzen duten beste jende horiek, bihar ere, berriro ere, beste bat hilko dute».
Utopia sozialista, Euskal Herriaren nazio aitortza, hura lortzeko borroka eta euskararen aldeko aldarria. Horiexek ziren bolo-bolo zebiltzan mezuak, eta horiek doinu erraz batez ahotan hartzeak arrakasta erdiesteko ate nagusia zabaltzen zien orduko kantari gazteei. Urkok milaka eta milaka disko saldu zituen, eta haren Guk euskaraz, zuk zergatik ez abestiak marka guztiak ondu zituen. Ez ziren urruti gelditu Gontzal Mendibil eta Xeberri. 1975. urtearen erdi aldean elkartu eta 1976ko irailean Bergaran (Gipuzkoa) azken saioa eman arteko ibilian, gelditu gabe aritu ziren; epe labur horretan berrehun emanaldi inguru egin zituzten Euskal Herrian barrena.
Orduko edozein kantariri garai hartako oroitzapenik gorde ote duen galdetu, eta bat eta bera gailentzen da beti: poliziek, kantaldi betean sartu, eta dena zapuzten zutela, bertan ikurrinak haizatuko ziren aitzakian. Kantariei egiten omen zieten lehen mehatxua; hain zuzen, «como vea una ikurriña, os voy a sacar a ostias» (ikurrin bat ikusiz gero, ostiaka aterako zaituztet denak) eta antzekoak esanda, Urkok gogoratu duenez.
Xeberri eta Gontzal Mendibil, 1975eko Galeusca jaialdian
Metrailetak
Bakion (Bizkaia) egindako kontzertu bat etorri zaio akordura Mendibili. Hura jendaurrean jo berri, eta Benito Lertxundiren txanda hastekoa zela, hamalau jeep heldu omen ziren: «Jendea sakabanatzen hasi zen, eta, konturatzerako, oholtza gainean genituen poliziak. Benitori hitz egin zioten, 'tú, rubito' esaka; 'trapu zikina' kentzeko berehala. Benitok ezetz, ez zuela berak jarri. Belarrietatik heldu zioten, metrailetarekin bultzatu, eta, azkenean, kentzera joan behar izan zuen. Eta gero kuartelera». Isunak eta bestelako zigorrak heltzen zitzaizkien ondoren.
«Konturatzerako, oholtza gainean genituen poliziak. Benitori [Lertxundi] hitz egin zioten, 'tú, rubito' esaka; 'trapu zikina' kentzeko berehala. Benitok ezetz, ez zuela berak jarri. Belarrietatik heldu zioten, metrailetarekin bultzatu, eta, azkenean, kentzera joan behar izan zuen»
GONTZAL MENDIBILKantaria
Politikak dena kutsatzen zuen garai hartan, ataka txarretatik ateratzeko aitzakia ere politikak berak eman ziezaiokeen kantariari. Joxerra Gartziak —Herrezpalak taldeko kidea zen orduan— 1976ko Galeusca jaialdian Lleidako Palau del Vidren (Herrialde Katalanak) gertatutakoa jarri du horren adibide, umorez: «Mikel Laboak joaterik ez zuela eta, gonbita egin ziguten, eta hantxe azaldu nintzen inolako lotsarik gabe, gitarra triste batekin». Aretoa mukuru beteta, giroa bero, eta Gartziak Maria del Mar Bonet kantari katalanaren atzetik igo behar oholtzara: «Maria del Mar Bonetek hamabi musikari zituen oholtzan, eta ni gitarra ziztrin batekin. Larritu nintzen, baina [Xabier] Amurizak eta [Jon] Azpillagak esaten zutena etorri zitzaidan gogora. Hau da, bertso txarra izanda ere, 'Gora Euskadi' esan, eta horrekin dena eginda».
«Maria del Mar Bonetek hamabi musikari zituen oholtzan, eta ni gitarra ziztrin batekin. Larritu nintzen, baina Amurizak eta Azpillagak esaten zutena etorri zitzaidan gogora. Hau da, bertso txarra izanda ere, 'Gora Euskadi'esan, eta horrekin dena eginda»
JOXERRA GARTZIAIdazlea
Eslogan horren ordez, hamar minutu inguruko mintzaldia egin zuen Gartziak han bildutako 10.000 lagunen aurrean: «Bandera errepublikano mordoa ikusten dut hemen, eta pozten naiz, errepublikanoa bainaiz jaiotzez, Errepublikaren Egunean sortua. Baina gehiago poztuko naiz urte batzuk barru jaialdi hau berriz egin, eta errepublika bakarreko banderak ikusi beharrean Espainian zenbat nazio beste hainbeste bandera errepublikano ikusten baditugu». Egundoko txaloaldiaz erantzun omen zioten ikusleek, eta horri esker, «zernahi» egiteko gai sentitu zen.
Galegoen, katalanen eta euskaldunen arteko konplizitatea ez ezik, Mendibilek urte haren ezaugarritzat dauka «kulturartekotasuna» ere: «1976an irekidura handia izan zen, kultur arloan batez ere. Ni neu kantatuta nago euskaraz Salamancan, Burgosen, Sevillan, Bartzelonan, Zaragozan eta Madrilen. Baina gero konstituzio sakratua etorri zen, eta akabo».
Irekidura sumatu zuen Urkok ere, Madrilen: «Donostian oso zaila zen grabatzea, batez ere diruagatik. Baina Ez dok Amairukoak ere hor zebiltzan, oso talde itxia osatzen zuten, eta ez nuen inolako erraztasunik izan grabatzeko. Madrilen, aldiz, erabat kontrakoa gertatu zitzaidan». Pedro Calvo Los 40 Principales irrati katean lan egiten zuen esatariaren gomendioz, kasete batean zenbait abesti jaso eta Zafiro diskoetxera bidali omen zituen Urkok; berehala eman zioten baiezkoa: «Ez nuen inolako arazorik izan. Eta baliabide izugarriak jarri zizkidaten eskura. Horri esker, Euskal Herriko zuzeneko lehen diskoa egin nuen». 1977ko diskoaz ari da, Donostiako Antzoki Zaharrean grabatutakoaz: «Madrildik unitate mugikor bat bidali zuten egun horretarako. Eta hori, guretzat, beste planeta bateko kontua zen».
24 Orduak Euskaraz jaialdia, Donostiako Belodromoan, 1976an.
Kantariak erruz eta nonahi
Bolada jakin horri Txanpinoien Aroa deitu zion Pako Aristi idazle eta kazetariak bere Euskal kantagintza berria saiakeran, oholtzarako bidea hartu zutenak erruz ugaldu zirelako. Hala dio Aristik: «Aro horretan dena da anormala. Kantari berrien zenbakia, diskoen salmentak, jaialdira joten den entzulegoa. Maremagnum horretan, aldaketa politikoak, antsietateak, frustrazioak, fenomeno guztiz anormala sortu zen. Txanpinoiak dira sintoma/biktima garbienak».
Baina gitarrarekin bizpahiru akorde jotzeko gauza zen edonor igo ote zitekeen oholtzara? Ez. Nornahi ere ez, kantagintza politikotzat jo izan den horretan emakumerik ez baita inon ageri, ezpada atzeko plano ikusezinetan. Salbuespen bakarra Estitxu kantariarena da, bere izena daraman diskoa eman baitzuen argitara 1976an. Hura, halere, aurreko garaiari lotzen zaio gehiago. Ekintzarako deia egiten zuten abesti horien hitzetan dago orduko giro maskulino eta emakumeak baztertu zalearen froga, «zer nahi dugu guk zinez, gizon izan edota makurtuta bizi», «guztiok gara euskaldun, guztiok anaiak gara», «abertzale izanez gero gaur, gauden denok anai», eta gisako esaldiz beteta baitaude. Anaiaren kontzeptuak Maite Idirinen Ahizpatasuna kantuan aurkitu zuen ifrentzua, hiru urte geroago, emakumeen tokia aldarrikatu eta mendez mendeko zapalketa salatu baitzuen hartan.
Nolanahi dela ere, engaiamendu politikoaren eta kantagintzaren arteko uztarketa diskoetara eramaten lehenak ez ziren Francoren agintepetik libratu berri ziren haiek izan. Ordurako, Ipar Euskal Herriko abeslari, idazle eta musikariak gogotik ari ziren, nola bertan pairatzen ari ziren egoera soziala kritikatzen hala Hego Euskal Herriko panorama salatzen ere. Frankismoak ezarritako zentsuratik eta arau hertsietatik harago bizitzea zeukaten alde. Etxamendi eta Larralde bikoteak, esaterako, Joseba Elosegik Francoren aurrean bere buruari su eman zionekoa kontatu zuten 1971n, gerora EAJko senatari bilakatuko zen militante horren izena zeraman diskoan. Manex Pagola idazle, kantari eta politikariak (Landibarre, Nafarroa Beherea, 1941 – Baiona, 2018), berriz, Burgos singlea plazaratua zuen hilabete batzuk lehenago, Burgosko prozesuan auzipetutako hamasei kideei elkartasuna adierazteko. Pagolak ez omen zuen gogoko estudioko lana, eta haren hitz asko eta asko besteren ahotsetan plazaratu ziren; besteak beste, Graciane Haztoi-ren Jeik'adi Euzkadi disko txikian, 1969an, eta Pantxoa eta Peioren lanetan, 1968az geroztik.
Hain zuzen, Pantxoa Karrerek eta Peio Ospitalek osatutako bikotea izan da kantagintza politikoaren adibiderik enblematikoena, eta, era berean, ibilbide luzeena izan zuena garai hartaz gaindi. ETAko militante batek jasandako torturak kontatzearekin batera hasi zen haien diskografia, 1968an, Itziarren semea singlea plazaratu zutenean. Telesforo Monzonen hitzez osatu zuten abesti hori, eta haren beste asko eta asko musikatu zituzten gerora ere, tartean Aita kartzelan duzu, Lepoan hartu eta segi aurrera, Bai euskarari eta Batasuna [Aupa Gizona].
1976ko aparrak deseginez joan ziren, ordea. Egoera aldatu zen, eta musikariek ere berrasmatu behar izan zuten beren bidea. Imanolek guztiz aldatu zuen kantaera. Urkok bestelako gai batzuei heldu zien. Gontzal Mendibilek eta Xeberrik bikote artistiko izateari utzi zioten. Kantari gehienek egokitu egin behar izan zuten, baldin eta iraungo bazuten. Berritu ala hil.
1976-ko diskoak
'Nire aitaren etxea defendituko dut', Fernando Unsain, DPM.
'Arrantzale zaharraren balada', Naikari, Columbia
.
'Euskal Herria 1975', Hibai Rekondo, Elkar.
Izenbururik gabe, Lurdes Iriondo eta Xabier Lete, Herri Gogoa / Edigsa.
'Txirritaren bertsoak', Antton Valverde eta Xabier Lete, Herri Gogoa / Edigsa.