Errobiko Festibala, 2013ko hiri pastoralari bidea irekitzeko tokia

Kontzertuak eta beste egingo dira gaurtik igandera bitartean Itsasun, jaialdiaren 17. aldian

Regis Gizavo Madagaskargo akordeoi jotzailea, kontzertu batean. Larunbatean joko du Itsasun. BERRIA / BERRIA.
Igor Susaeta.
2012ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Datorren urtean hiri pastorala egingo da Bokalen, Errobi ibaiaren itsasadarrean. Garai bateko siderurgia industriaren bueltan emandako borrokak gogoratuko ditu. Eta aurtengo Errobiko Festibaleko agitasmo anitzek, hain zuzen, pastoral horretatik edanen dute. Gaur hasi eta igandera bitartean egingo da jaialdiaren 17. aldia Itsasun (Lapurdi), eta kontzertu, ibilaldi, dantza emanaldi, hitzaldi, ikuskizun, ikastaro eta bestelako ekitaldi sortzaileei esker, Euskal Herritik Bretainiara edota Afrikara bidaiatzeko aukera egongo da hurrengo lau egunetan. Hartara, Ama lurretik hiri pastoralera... Hiri pastoral baten bideetan lelopean, Etiopia, Madagaskar, Bretainia eta Euskal Herriko sorkuntza lanak izango ditu oinarrian jaialdiak.

Beñat Axiari festibaleko antolatzaileetako baten ustez, «kontsumo hutserako kultura batekin konformatzen ez direnentzako» festibal aproposa da Errobikoa, «Kulturaren partaide eta aktore bilakatu ahal zarelako, sorkuntzarako delako». Gaur hasiko da jaialdia, 17:00etan, Sanoki aretoan, Pastorala, sorkuntza artistikoaren bide berriak denentzako sormen gune bilakatu al daitezke? hitzaldiarekin. Axiarik gidatuko du, eta Armand Gatti idazle eta antzerkigilea izango da gonbidatua. Gero, 19:00etan, toki berean, Patxi Laskarai argazkilariaren erakusketa irekiko dute. Laskaraik pastoraletako eta maskaradetako argazkiak jarriko ditu, eta horiek gune industrial eta modernoetan atera dituen aleekin erkatuko ditu.

Afaria egingo da 20:00etan, eta ondoren, 21:30ean, kontzertua hasiko da. Julen Axiari kantari eta perkusio jotzaileak osatu du egitaraua. Josean Artze, Itxaro Borda eta Agustin Zamoraren olerkiekin ondutako abestiak, euskal kantu tradizionalak, eta John Coltraneren edo Yoruba herriaren doinuak interpretatuko dituzte Axiarik eta bere musikari lagunek, besteak beste. Gainera, Chrysogone Diangouaya Kongoko dantzaria ere arituko da haiekin.

Beste hitzaldi batekin emango diote hasiera biharko egitarauari. 10:00etan, Elizaldian, pastorala izango dute berriro hizpide. Mixel Etxekoparrek eta Nicole Lougarotek gidatuta, zuberotarrek lehengo eta oraingo pastoralei buruz emandako lekukotasunei tira egingo diete. Arratsaldean, berriz, 14:00etan, Kafea zabalik ekitaldia egingo da, eta 15:30ean ibilbide artistikoei hasiera emango zaie; pixkat lehenago, 15:00etan, beste ibilbide bat proposatu da, haurrentzako. 17:00etan, Atharrin, hiru kontzertu egingo dira: Kako Cavalie (guembri) eta Pierre Thibaud (kontxabaxua) bikotea, Didier Lasserre (bateria jotzailea) eta Fabien Duscombs eta Sylvain Darrifourcq bateria jotzaile bikoa.

Iluntzean, berriz, 21:30etik aurrera, hiru kontzertu egingo dira Atharri aretoan. Aurrena Bretainiako Keravec anaiek, Erwanek eta Guenolek, joko dute. Gaita eta bonbarda doinuekin, ikusleak Bretainiako musika eta dantza giroan murgiltzea da haien asmoa. Ondotik, Pilotarhitza ikuskizuna egingo dute Mixel Etxekoparrek eta bere musikari lagunek. Musika, bertsolaritza eta dantza uztartuko ditu, ideia nagusi moduan pilota jokoa erabilita. Eta egunari amaiera emateko, Etenesh Wassie kantari etiopiarra igoko da oholtzara, laukote baten laguntzarekin.

Hurrengo egunean, hasteko, Elizaldian, 10:00etan, hitzaldia: Transmisio bizia. Arratsaldean ibilaldia egingo da haurrekin, baita Ibilbide artistikoak ere. Horietan, Maddi Oihanert kantari zuberotarrak parte hartuko du. 17:00etan, Atharrin, Julen Axiarik eta Ewan Keravecek joko dute aurrena, eta haien ondotik, Mylene Charrierrek Le Poeme sale Ferreira Gullaren liburuaren pasarteak irakurriko ditu ozen, J. Christian Irigoien soinu jotzailearen laguntzarekin.

Eta 21:30ean, festibaleko azken kontzertua. Philippe de Ezkurrak egituratu du, eta musikari talde batek Turkiako, Euskal Herriko, Portugalgo eta Brasilgo doinuetan barna egindako bidaiaren barne sentiaraziko du ikuslea. Ondotik, Regis Gizavo Madagaskargo akordeoi jotzailea arituko da, bateria jotzaile eta piano jotzaile batek lagunduta. Bere herrialdeko erritmo sorginduetatik hartzen du hauspoa Gizavoren akordeoiak. Igandean amaituko da aurtengo festibala. Arranomendiko ibilaldi poetikoa egingo dute, 10:00etan, artistek eta festibaleko partaideek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.