Kritika. Musika

Ertzetako musikaria

  'Her Room is Like a Garden' diskoaren azala.
mikel lizarralde
2026ko azaroaren 8a
04:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Paul Roland

'Her Room is Like a Garden'

Diskoetxea: FM Records.

Rara avis bat. Ez zait Paul Roland musikari ingelesa definitzeko hitz egokiagorik bururatzen. Zer esan bere ibilbidean folka, viktoriar garaiaren ahaireak, rock gogorra, popa, iruditeria gotikoa, beldurrezko literaturaren eta zinemaren erreferentziak, pop barrokoa eta psikodelia nahasten dituen musikari bati buruz? Bistan da, Rolanden musikan antzeman daitezke erreferentziak —hor aipatutako guztiak—, baina abeslari eta gitarristak mundu propio bat eraiki du, beste inoren antz handirik ez duena. Roland idazlea ere bada, eta nabari zaio. H.P. Lovecrafti eta Marc Bolani buruzko liburuak ditu idatziak, baina baita gai espiritualei eta nazismoari buruzkoak ere.

1980an argitaratu zuen lehenengo diskoa, izenburu argikoa hura (The Werewolf of London), eta, orduz geroztik, musika industriaren ertzetan ibili da ia beti. Horrek berak nahi duena egiteko askatasuna eman dio, eta batzuetan ez da erraza izan haren erritmoari jarraitzea. 80ko hamarkada hartan argitaratu zituen bere lanik ezagunenak —hori esan badaiteke—: Danse Macabre (1987), A Cabinet of Curiosities (1987) eta Duel (1989). Baina gerora, haren ibilbidean harilkatu dira disko konbentzionalak, gai baten inguruan ardaztutakoak eta liburu edo film baten gaineko proiektu zehatzak. Hala, esaterako, 2016an White Zombie kaleratu zuen, Victor Halperinek 1932an zuzendu eta Bela Lugosi aktore zuen beldurrezko filmarentzako musika berria, eta aurten, bertan, Brighton Rock eman du argitara, Graham Greeneren izenburu bereko nobelan oinarritutako diskoa. Ez da hori Rolandek aurten duen berrikuntza bakarra, Astral Magic taldearekin kolaboratu baitu Light of The World diskoan.

Esan bezala, ez da erraza Rolanden ibilbideari segitzea, adar eta adaxka ugarik osatzen baitute. Horietako bat da aste honetan bertan argia ikusi duen Her Room is Like a Garden diskoa, azpi-izenburu argigarria duena: 17 Unreleased Songs. Alegia, orain arte argitaratu gabeko hamazazpi kantu bildu ditu musikariak. Bertan beste musikari batzuentzat idatzi dituen zenbait kantu berreskuratu ditu —esaterako, Wrote Myself A Letter, Anna Barbazza kantari italiarrak grabatu zuena—, baina baita urteetan grabatutako maketetan bildutako kantuak ere, disko honetarako propio grabatuak. Eta badira orain aurrenekoz musikaz jantzi dituen hitz batzuk ere.

Hala ere, kantuen jatorria ezberdina izan arren, disko osoari osotasun bat antzematen zaio. Molde akustikoak nagusitzen dira, baita goxoak ere (When I See That Girl), eta badira ia gitarra akustiko hutsarekin jantzitako piezak (Better Off Dead, You Are The Worst Thing). Hala ere, Rolanden pop barrokorako joera nahiko baretua sumatzen bada ere, detaile txiki batzuek altxatzen dituzte kantuetako batzuk —txirulak eta organoak jantzitako Jennifer Blue, kasurako—. Her Room is Like a Garden kantua da, ziur aski, tempo lasai eta akustiko horretatik aldentzen den bakarretako bat, eta baita bilduma honetako kanturik salgarriena ere. Pop pieza itsaskor bezain ederra.

Interesa izan dezakeenarentzat, hauxe du Bandcamp orria Rolandek: Paul-roland.bandcamp.com/.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA