EMMA POLLOCK
Non:Â Bilboko Kafe Antzokiko Kutxa Beltzan. Noiz:Â Otsailaren 18an.Â
Azken asteotan izugarrizko euri zaparradak jausi dira, eta, negu euritsu honetan, gehienek etxeko berotasunaz gozatzeko aprobetxatu dute. Hala ere, eguzki falta honi aurre egiteko, batzuok erabaki dugu hazten ari den musika eszenan murgiltzea. Izan ere, nazioarteko kontzertuak etengabe loratzen ari dira aurten: Gasteizko Hell Doradon jo du Deke Dickerson estatubatuarrak. Donostian, aldiz, Jeff Tweedyk —Wilco taldearen liderra— abestu du Kursaalean, eta Dabadaban egon da Lee Fields soul abeslaria. Bilbon ere izan da Fields, beste artista batzuk bezala: Ray Collins Hot Club (Alemania), Wednesday (AEB) eta Emma Pollock (Eskozia). Aurten ere, Belfasteko Kneecapen eta New Yorkeko Big Thiefen bisitak ere izango ditugula argitaratu berri dute.Â
Bilboko Kafe Antzokiko Kutxa Beltzan aukera hobeezin bat izan dugu Pollockek emandako kontzertu intimoaz disfrutatzeko. 1971n Glasgown jaiotako emakumea The Delgados indie-pop taldeko abeslaria izan zen, eta 2007tik hiru album kaleratu ditu. Asteazkenean bere azken lana aurkeztera etorri zen: Begging the Night to Take Hold.
Albumeko Marchtown kantu lasaiarekin hasi zen ikuskizuna. Abestiak bazeukan folk lurrina, Natalie Merchant 10.000 Maniacs taldeko abeslari ohiaren estiloan. Taldea Pete Harveyk (txeloa) eta Graeme Smilliek (teklatua eta baxua) osatu zuten, eta erritmoa transmititzeko nahikoa izan ziren haiek sortutako soinu baxuak, baita Pollocken gitarra erdi hutsaren urradura ere. Gazteleraz aurkeztu zuen bigarren kanta, Future Tree izenekoa. Jarraian, Smiliek hartu zuen baxua eta Prize Hunter jotzen hasi zen. Oso nabaria da urteetako esperientzia: konplizitatea, erritmoa mantentzeko gaitasuna, Pollocken ahotsa… den-dena zeukaten kontrolpean.Â
Abeslariak komunikatzeko grina bazeukan: Galloway herrian pasatutako haurtzaroa, Harveyk overbooking-agatik galdutako Ryanairreko hegaldia… Adi entzun genituen bere istorioak.Â
Bertsio bat ere egin zuen: John Caleren Paris 1919, eta oso dotore geratu zitzaion. Guztira, hamabost abesti jo zituzten, album guztiak errepasatuz (aipatutakoa, 2007ko Watch the Fireworks eta 2016ko In Search of Hapferfield). Lehenengo diskoko Paper and Glue-k ileak puntan jarri zizkigun. Urteen poderioz, indie-pop energikotik pop-folk heldura igaro da. Tori Amos ala Regina Spektorrengandik gertu, baina oso pertsonala izanik; ageriko ez diren akorde-progresioak eta bere paregabeko ahotsa erabili zituen Pollockek.
Behin amaituta, oso gustura atera ginen kaleko hotzera.Â