Esne Beltzaren lanik osatuena

'Gora!' diskoko 17 kantuetan hogeitik gora kolaboratzailek parte hartu dute, ahots eta instrumentuetan

Esne Beltzako kideak Gora! diskoa aurkezten, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Araitz Muguruza.
Donostia
2013ko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Fermin Muguruzaren No More Tour biran erabilitako furgonetatik jaitsi, eta berehala ekin zioten diskoa grabatzeari Esne Beltza taldeko kideek, eta hilabete gutxiren buruan eskuetan dute Gora! laugarren diskoa (5Gora zigilua). Orain artekoen ildo bereko lana da, baina aurrekoak baino landuagoa. «Produkzio aldetik elaboratuagoa da, eta grabaketara prestatuago joan gara», azaldu du Zigor Lampre taldekideak.

Hobeto prestatu bai, baina ez denboraz sobran zebiltzalako. Taldea osatzen duten hamar kideetako bost —Xabi Solano eta Lampre, besteak beste— aritu dira Muguruzarekin biran, eta bitarte horretan kantuak osatzen aritu direla azaldu dute. Horretarako, sarea erabili dute, mutur batean eta bestean egonik ere egin dituzte abestiak. Eta entseatzeko beta handirik gabe ere, aurreko diskoetan baino gehiago parte hartu dute taldekideek, Solanoren arabera. «Orain arte, Patxiku eta nire artean egiten genituen abesti gehienak; oraingo honetan badaude Jontronek [Jon Elizalde tronboi jotzaileak] eta Zigorrek egindako abesti bana, adibidez».

Taldearen berezko ezaugarriak mantentzen dira diskoko 17 abestietan. Musika estilo ugari bildu eta nahastu dituzte, eta dantzarako erritmo biziak sortu.

Ohikoa duten eran, kolaboratzaile asko izan dituzte abestiei «ukitu berria» emanez. Horietako batzuk, gainera, lehenengo aldiz izan dira Esne Beltzakoekin. Little Pepe rap kantaria da horietako bat. Diskoan parte hartzeko bere burua eskaini zion taldeari rap kantariak. Mala Rodriguez abeslariak ere parte hartu du, hain zuzen, bakarlariarenQuién Manda (Hemen eta hor) abestiaren bertsioa egin dute. Betiko kolaboratzaileak ere izan dira diskoan; besteak beste, La Pegatinako Adria Salas. Lampreren ustez, kolaborazioek entzuleari bidaiatzeko aukera ematen diote.

Ereñotzun eta Bardozen

Grabazioaren zati bat Hernaniko Ereñotzu auzoan (Gipuzkoa) duten estudioan egin zuten; bigarrena, berriz, Bardozen (Lapurdi), Paxkal Etxepare ekoizlearen gidaritzapean. Esperientzia «bizia» izan dela gogoratu du Pello Gorrotxategi Esne Beltzako teklatu jotzaileak. «Talde handia gara, eta horrek izaten du erokeriatik; dena den, argi genituen gauzak, eta nahiko erraz joan da». Soinu aldetik berritzailea dela gaineratu du. «Baxua gehiago landu dugun instrumentua izan da». Aipamen berezia egin dio Zauriak abestian jo duen The Aggrolites taldeko Jeff Roffredo baxu jotzaileari.

Autoekoizpenetik jo dute disko berria kaleratzeko, eta 5Gora izeneko zigilua sortu. «Taldekide bakoitzak bere lanak egin ditu, eta horiek biltzeko gune ere ikusten dugulako sortu genuen», azaldu du Lamprek. Esne Beltzaren lanak eta horren paralelo sortutako proiektuak bilduko dituzte.

Edu Gonzalez arduratu da Lokarriak abestiaren bideoklipa egiteaz. Kontzertuei dagokienez, otsailean ekingo diotela adierazi dute, baina aurrez Durangoko Azokako Ahotsenean diskoaren aurkezpen moduan emanaldi bat emango dutela adierazi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.