«Espe(kta)kulaturiko gure bizitzak ditu hizpide; espektakuluaren eta irudiaren gizartearen ikusle zintzo eta gidatuak gara». Hara Anger taldearen Hirugarren azala disko berriaren aurkezpen posible bat, Arkaitz Biain abeslariaren berbetan. Horri buruz ari da egin duten lehen disko «kontzeptuala» dela dioenean. «Aurrekoetan ez bezala, gai jakin bat erabaki eta hortik aurrera landu ditugu abestien hitzak». 11 abesti bildu dituzte taldearen bosgarren lanerako.
Iban Morales bateria jotzailearekin, Ekain Zubizarreta baxu jotzailearekin eta Beñat Unzueta gitarristarekin osatzen du Anger Biainek. Arrasatekoak dira laurak. Sedukzioaz aurreko diskotik (Musikherria, 2009) «beste jauzi bat» egin dutela uste du abeslariak: «Beharbada estilistikoki ez, baina melodiek, gitarra kapa ezberdinek, efektuek, esperimentazioak eta intentsitate aldaketek presentzia nabarmena daukate». Hirugarren azala izena Ramon Fernandez Duran idazle eta ekintzailearen Tercera piel. Sociedad de la imagen y conquista del alma liburutik hartu dute: «Jokin Azpiazuk gomendatutako liburu horrekin topo egin genuen, eta ongi laburbiltzen du diskoan aurki daitekeena».
Gai sozial eta politikoak jorratzen jarraitzen dute diskohonetan. 15 edo 16 urte zituztela ekin ziotenean ere, hala egiten zuten. «Harrezkeroztik, gai soziopolitikoei heldu diegu. Baina orduan, baita orain ere, gai horiek egunerokotasunean, taldean nahiz maila indibidualean, ardura, ezinegona, zalantza edo jakin-mina sortzen digute». Sormena ideiak plazaratzeko modu ona dela uste dute: «Horretaz guztiaz hitz egiteko hautua naturala da; egunero bizitzen, ikusten, entzuten eta esaten dugunaren isla da».
Diskoa autoekoitzi egin dute, aurrekoak bezala. Euren izaerak, jarduteko moduak, egoera ezberdinek eta ideiek eramaten dituzte horretara, Biainen ustez. «Lana kudeatzeko eta defendatzeko aproposena, zalantzarik gabe, taldea eta bere gertuko ingurua dira». 2013an diskoa aurkezten jardungo dute, eta hilaren 15ean daukate hurrengo kontzertua, Bergarako gaztetxean.
Espektakuluaren gizartea dauka jomugan Angerren bosgarren diskoak
'Hirugarren azala' diskoa 11 abestiz osatu dute, eta euren esanetan, «lehen disko kontzeptuala» da

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu