Espero gabeko erabakia

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak bertan behera utzi du Musikariak Ikastetxeetan programa, inolako azalpenik eman gabe. Erabaki horrek hautsak harrotu ditu antolatzaileen, parte hartzaileen eta askotariko eragileen artean. Haietako zenbaiten iritziak bildu ditu BERRIAk.

Musikariak Ikastetxeetan programan parte hartu duten zenbait sortzaile, Lizardi institutuaren aurrean, aste honetan. MUSIKARIAK IKASTETXEETAN.
Olatz Enzunza Mallona.
2023ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Joan den ostiralean jaso zuten albistea Musikariak Ikastetxeetan programaren antolatzaileek: Nafarroako Gobernuak egitasmoa etetea erabaki zuen, inolako azalpenik eman gabe.

Nafarroako A eta D ereduko ikastetxeek parte hartu izan dute egitasmoan, eta erabaki horrek haserrea eragin die eragile askori. Horietako batzuen iritziak bildu ditu BERRIAk. Gaur goizean elkarretaratzea egingo dute Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren aurrean, 11:30ean.

1. Nola hartu duzu albistea? Zer pentsarazi dizu?

2. Oro har, zer ekarpen egin du Musikariak Ikastetxeetan programak?

3. Euskal sortzaileak ikasleei gerturatzea eta euskaraz sortzeko grina transmititzea izan da programaren helburua. Azkenaldian, badago transmisioaren, ezagutza faltaren inguruko ardura. Zuk ere baduzu kezka hori?

IBAI OSINAGA
Musikaria
«Ez genuen espero inondik inora. Oso modu zikinean jokatu dute»

1. «Musikari gisa, modu aktiboan parte hartu dut programan. Joan den asteazkenean bilera izan genuen, eta handik bi egunera jaso genuen albistea. Ez genuen espero inondik inora ere. Oso modu zikinean jokatu dute».

2. «Euskarazko musika eta sorkuntza orain arte iritsi ez den lekuetara eramateko aukera eman du programak. Izan ere, ikasleek ez dute musika euskaraz kontsumitzen, ez zaie iristen, eta euren kabuz bilatu behar dute. Programa honi esker, beraz, lortzen da gazteak harrapatzea edo, behintzat, euskal musika ezagutzea. Hortxe dago gakoa».

3. «Bai. Sortzaileetatik harago, euskarazko musika kontsumitzen duen jendea behar dugu. Isilarazten gaituzte, eta badirudi ez garela existitzen, baina bada modu bat hor gaudela ikusarazteko».

AGURNE GAUBEKA
Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendaria
«Euskarari gero eta toki txikiagoa eman nahi diote, oztopoak jarriz»

1. «Erabaki hau Nafarroako hezkuntzan euskarak duen lehentasunik ezaren isla da. Ez da soilik programa bat bertan behera uztea: atzean dagoen dena da. Euskarazko ereduetan ikasteko aukera dagoen arren, oztopoak asko dira. Ez dago euskararekin eta euskal kulturarekin harremanak izateko espaziorik, ezta aisiaz hizkuntza horretan gozatzeko eremurik ere. Eta, berez, euskaraz ikasteak euskaraz bizitzeko eskubidea bermatu beharko luke. Halako atzerapausoekin, Nafarroako Gobernuak argi erakusten du zein bide lerrori jarraitu nahi dion: euskarari gero eta toki txikiagoa eman nahi diote, gero eta oztopo gehiago jarriz. Beharrezkoa da Hezkuntza Departamentuak hausnarketa egitea».

2. «Gazteek eskolarekin lotzen dute sarritan euskara, eta halako programek balio dute erakusteko eskolatik harago edozein espaziotan erabili daitekeela hizkuntza hori. Hau da, ez dela hezkuntzara mugatzen. Eskaintza egon badago euskaraz, eta horixe erakutsi du programa honek. Ekarpen garrantzitsua egin du».

3. «Bai, noski. Hala ere, transmisioa eta ezagutza zabaltzeko, euskara kalean erabiltzea ere bermatu behar da. Euskararen erabilera bultzatuko duten espazioak behar dira, eta oztopoak jarri beharrean, bidea erraztu beharko litzateke».

MARIA SOLANA
Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilari ohia
«Penagarria eta latza da erabakia: programa etetea akats handia da»

1. «Programa aurkeztu zenean,argi utzi genuen aukera zegoela proiektua 2022-2023ko ikasturtera arte luzatzeko. Kontua da luzapena amaitu eta berehala erabaki dutela egitasmoa bertan behera uztea, inolako azalpenik eman gabe. Gure akordio programatikoan dago hezkuntzan euskara eta euskal kultura sustatzeko egitasmoak egitea, eta erabaki horrek borondate falta erakutsi du. Salagarria da».

2. «Aukera eman du oso modu eraginkorrean gazteriarengana heltzeko eta artista euskaldun erreferenteak sortzeko. Modu praktikoan, dibertigarrian, eraginkorrean eta aberasgarrian ekarri ditu euskara eta kultura ikastetxeetara, eta hori luxu bat izan da. Urtetik urtera, gainera, gero eta arrakasta handiagoa lortu du proiektuak, handituz joan da, eta oso harrera ona izan du. Penagarria eta latza da erabakia: programa etetea akats handia da».

3. «Bai, eta Nafarroan are gehiago. Batzuek inposatu nahi duten pseudoerrealitate soziolinguistikoan bereziki garrantzitsuak dira halako ekimenak: euskara eskolatik harago erabiltzea posible dela erakusten dute».

GARAZI FERNANDINO
Martzillako Marques de Villena ikastetxeko irakaslea
«Parte hartu dugun ikasturte guztietanoso gustura egon gara»

1. «Harrituta gaude, egia esan; ez genuen espero. Parte hartu dugun ikasturte guztietan oso gustura egon gara, eta pena da bertan behera geratu izana. Oso proiektu polita eta aberasgarria zen».

2. «A ereduko ikasleak izanda, ekimen honek euskarara eta euskal kulturara gerturatzeko aukera eman die; baita euskara ikasteko motibazioa ere».

3. «Bai. Ikastetxea Martzillan dagoenez, bertako kultur eskaintza oso txikia da, eta euskarazkoa are txikiagoa. Hortaz, halako proiektuek, hein txiki batean bada ere, lortzen dute transmisio lan hori egitea eta ikasleei euskaraz kontsumitzeko grina hori helaraztea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.