Ismael Manterola

Estetizidioa

2026ko urtarrilaren 20a
04:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Estetizidio hitza idatzita ikusteak larritu nau. Ez nuen terminoaren berri, eta lehendabiziko aldiz artearen kontrako bortxakeria aproposak hain gordin adierazita irakurtzeak harritu nau. Badakit genozidioa baino leunagoa dela, baina ez nuen uste gizakiak hain biolentzia sofistikatura iritsiko zirenik, nahiz eta imajinatzeko zailak ziren ekintzak burutu holokaustoaren garaian.

Aurreko artikulu batean Palestinan Israelek artearen eta artisten kontra egindako eraso gogorrei buruz hitz egiteko aukera izan nuen, estetizidio hitza erabili gabe. Testuinguru horretan ikusi dut aipatuta, Madrilgo Reina Sofia Museoan Teja delako elkarteak antolatutako mintegia iragartzeko. Gaza eta estetizidioa izenburua duen mintegian, unibertsitateak, liburutegiak, museoak, artxiboak eta beste kultur azpiegitura batzuk suntsitzeko orain dela bi urte Israelek abiatutako ekinaldiari buruz hitz egingo dute.

Garai batean asko hitz egin genuen islamista erradikalek islam aurreko kulturaren arrasto guztiak ezabatzeko egin zituzten sarraskiei buruz: erromatar monumentuak eraitsi zituzten, beste erlijioen gurtzarako tokiak eta irudiak ezabatu, eta museoak arpilatu. Asaldatuta ikusi genituen mundu guztira harrotasunez zabaldutako ondarearen, artearen eta historiaren kontrako ekintzen irudiak.

Bere burua islamismoaren beste muturrean dagoen estatu zibilizatuaren itxura eman nahi duen Israelek diskrezioa aukeratu du. Ez du palestinarren kultura desagerrarazteko duen plana zabaldu; gainera, komunikabide handien kontrola duenez, zaila izango da Afganistanen, Sirian eta Iraken ikusitako irudiak ikustea. Baina era ezkutu eta isil batean gauza bera egiten ari da: herri batek milaka urtetan pilatutako ezagutza suntsitu, eta, aldi berean, bizirik dagoen kultura bat denez, sortzeko duen ahalmena eragozten du.

Israel kolonialismo klasikoaren tresnak erabiltzen ari da munduari esateko palestinarrak herri atzeratua, basatia eta kultura gabea direla; horrela errazago justifikatu dezake genozidioa, bai munduaren aurrean, baina baita bere buruaren aurrean ere. Kolonialismoa jasan duen eta jasaten ari den edozein herrik badaki zer den kultura bat gutxitzea ia desagerrarazi arte. Horregatik muturrera eramandako estetizidio horrek bereziki ukitu behar gaitu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA