Estilo-aniztasuna ikur

Xutik taldearen 'Bultzaden balada' diskoak eguneroko gaiez gogoeta eginarazi nahi dio euskal gizarteari

Xutik taldea, EHZren iazko ekitaldian. Gaur ere ariko dira taldea jaialdi horretan. THIERRY.
2013ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
«Estilo aniztasuna ere estilo bat da», Patxi Bidart Xutik taldeko saxo eta gaita jotzailearen iritziz. Bultzaden balada Xutik taldearen bigarren diskoa da, eta ska, reggae eta rap estiloak nahasten dira, besteak beste. Diskoan kanta bakoitzak bere izaera eta lekua baditu ere, diskoak bere osotasunean batasunari eusten dio. Euskaldunei Euskal Herriko kulturaz, hizkuntzaz eta eguneroko arazoez gogoeta egiteko bide eman nahi diete Bultzaden balada-ren bidez. Modu horretan, «abesti bakoitzak gai bat lantzen badu ere, guztiak balada baten osagai dira», ohartarazi du Bidartek.

Diskoa osatzen duten 11 kantu eta azken remixaren artean, Herrira abestia azpimarratu du Bidartek. «Presoena bereziki gertuko gaia dugu. Gaur egungo egoeran, eta bereziki egunero iristen zaizkigun albisteak kontuan hartuz, presoen aldeko aldarria sekula baino garrantzitsuagoa da». Horren harira sortu zuten, hain zuzen ere, Herrira abestia: Herrira plataformak Baionan deitutako presoen aldeko manifestaziorako egina.

Diskoko abestien artean, euskarazko hitzez gain, frantsesez edota katalanez esanak ere badira. «Gure asmoa Euskal Herriko mugez haratagoko errealitatea ere kontuan hartzea da; gureaz gain mundu zabalean milaka eta milaka kultura badirela islatzea», adierazi du Bidartek. Horretarako, ezinbestekotzat jo du hainbat kolaboratzaileren lana. Horien artean dira Carles Belda, Xutik kantuari ahotsa eta trikiti ukituak jarri dizkion katalana, eta Saidou, MAP eta ZEN taldeetako rap kantaria, Lortuko duguna abestian parte hartu duena.

Bost urteko ibilbidea

Xutik taldea orain bost urte jarri zen abian, 2008an, baina sustrai sakonak ditu. Izan ere, aurretikZpeiz Mukaki elektrotxaranga eta dantzariez osatutako talde bateko kide ziren, eta gerora Xutik taldea osatu zuten musikari guztiek. Ordudanik bi disko kaleratu dituzte: Mukaki Zpirit (Baga-Biga), 2011n, eta Bultzaden balada (Mukaki), 2012an.

Ordutik hona musika egiteko moduan eta baliatzen dituzten tekniketan bilakaera nabari bada ere, «taldearen filosofiak eta aniztasunaren aldeko apustuak bere horretan iraun dute», Bidarten esanetan. Guztiak Iparraldekoak dira; Patxi Bidart baxenabartarra da, eta gainerakoak, lapurtarrak.

Taldekide guztiak Iparraldekoak izateak euren ekoizpena nolabait mugatu duen galdetzean,«oraindik Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko muga bizi-bizirik dago», dio: «Bai fisikoki, bai geografikoki, eta baita psikologikoki ere. «Eta muga horiek guztiak eraisteko ahaleginean aurrera jarraitu beharko litzateke», gaineratu du. Iparraldekoak izanik, «oso berezia» izan zen eurentzat Herri Urratsen 30. urteurreneko abestia sortzea.

Gaur Lekornen joko du taldeak, EHZ jaialdian, 20:30ean, Basoita oholtzan. Uztailaren 6an Amoroton (Bizkaia) joko dute, eta hilaren 27an eta 28an Baionako bestetan izango dira. Gainera, bigarren diskoko bideoklipa grabatu dutela eta uztaila-abuztuan aurkeztuko dutela jakinarazi du Patxi Bidartek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.